Imanol Murua Uria
Sutan zegoen Manuel Huertas Egunkaria-ren itxiera baino egun gutxi batzuk lehenago elkarrizketatu nuenean, Juan Carlos Ruiz argazkilaria lagun. PSE-EEk Donostiako Prim kalean duen egoitzako itxarongelan beti zeuden bizkartzainak garai hartan, zain. Orduan ere gogoratu nintzen ETAk PSOEren eta PPren egoitza guztiak jomuga deklaratu zitueneko agiriaz. Joseba Pagazaurtunduaren gorpua ez zen hoztu artean. Andoaingo udaltzainburu izana, PSE-EEko militantea zen Egunkaria-ren egoitzatik oso urruti ez dagoen taberna batean ETAko kide batek tiroz hil zuenean, otsailaren 8an. Urtebete lehenago erakunde armatuak Juan Priede zinegotzi oriotarra hil zuen egunean Egunkaria-tik Ramon Etxezarretari deitu eta iritzi artikulua eskatu genion bezala, Pagazaurtundua hil zutenean Huertasen prentsa arduradunari deitu genion, alderdi sozialistari hitza emateko. ETAren aginduz, jakina. Alferrik begiratuko duzu hemerotekan PSE-EEko Gipuzkoako idazkari nagusiak zer esan zigun, argitaratu bezperan Guardia Zibilak Huertasen hitzak ere lapurtu zituenez. Hitzen lapurrak, bai.
Egunkaria-ren itxiera gogorazi dugun egunotan, Pagazaurtunduaren hilketaren gaia ere atera du lankide batek. Loturarik izan ote zuen Andoaingo otsaileko atentatu hark Andoaingo otsaileko beste atentatu harekin. Sinplekeria galanta litzateke noski Egunkaria-ren aurkako operazioa Pagazaurtunduaren atentatuaren argitan interpretatzea, baina orduan zer giro genuen gogoratzen laguntzen du. Lau urte besterik ez ziren ETAren su-etenaren hausturarekin Lizarra-Garaziko prozesua hankaz gora joan zenetik. Ez zuen askorik iraun prozesu hark, baina nahikoa Estatuak indar abertzaleek bake giroan eta bat egiteko borondatearekin zer indar har zezaketen antzemateko, eta nazio eraikuntzaren mehatxuari usaina hartzeko.
HBren Mahai Nazional osoa lehendik ere espetxeratu zuten (1997) eta Baltasar Garzon ere lehenagotik hasi zen «dena ETA da» tesiarekin (1998an itxiarazi zuen Egin), baina Lizarra-Garaziko entseguak mehatxu abertzaleak beste neurri bat hartu bide zuen Estatuaren begietara. Eta, hain zuzen, distentsio garaia bukatzeak eta bukatu zen bezala bukatzeak (ETAren erasoaldi gogorrarekin PSOEko eta PPko hautetsien aurka, besteak beste) giro aproposa sortu zuen Terrorismoaren Aurkako Itunarentzat, legez kanporatzeentzat eta Madrildik etortzekoa zen guztiarentzat, 2001eko irailaren 11ko atentatuen osteko nazioarteko giroa ere lagun. Ez zen hori bakarrik. Juan Jose Ibarretxe desafioka ari zitzaion Estatuari. Estatuarekiko talkak zer forma eta tamaina hartuko zuen ez zen antzematen, baina bazetorren zerbait.
Botere erakusketa latza izan zen Egunkaria-ren itxiera. Instrukzio epaile baten sinadura, estatuaren zerbitzari armatuak, giltzarrapoak, kalabozoak, plastikozko poltsak, ziegak eta mezu bat: hemen guk agintzen dugu eta jakin ezazue noraino eta zertaraino irits gaitezkeen, nahi edo behar dugunari hegoak mozteko. Ez Ibarretxe ez nazio eraikuntza ez euskalgintza ez ezer. Pello Zubiriak bere blogean galdetu du ea norentzat zen duela hamar urte atxilotuen «bizkar ubelduetan idatzitako mezua». Estatuaren hegemonia zalantzan jarri zuten, jartzen ari ziren edo jarri nahi zuten guztientzat, ziurrenik. Gure historiaren istorio hau bestelakoa izango litzateke, behintzat, Lizarra-Garaziko esperientziak Madrilen alarma gorriak piztu ez balitu (eta Lizarra-Garazikoaren hausturaren osteko giro bortitz hartan eskuak hain libre sentitu ez balituzte).