Atzo 11 urte bete ziren guardia zibilek Euskaldunon Egunkaria itxi zutela, Auzitegi Nazionalaren aginduz. Atzo 11 urte bete ziren hamar lagun atxilotu zituztela auziarekin lotuta, eta orduan hasi ziren haien torturak. Luze iraun zuen haien amesgaiztoak. Eta, zazpi urte geroago Auzitegi Nazionalak guztiak absolbitu bazituen ere, batzuen amesgaiztoa ez da oraindik amaitu. Zortzi lagun epaiketaren zain daude, Egunkaria-ren auzi ekonomikoa deitu zaion atalagatik.
11 urte igaro badira ere, epaiketa egunik ez dute auzipetuek. Baina egin egingo dela dirudi. Gipuzkoako Lurralde Auzitegian epaituko dituzte Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena eta Begoña Zubelzu.
Espainiako Auzitegi Nazionalak agindu zuen Egunkaria itxi zuen operaziotik zortzi hilabetera egindako bigarren operazioa ere. Hori du sorburu auzi ekonomikoak. Atal nagusia epaitu ondoren, Egunkaria-k ez zuela ETArekin zerikusirik ebatzi zuen auzitegiak, eta, beraz, erabaki zuen arlo ekonomikoari dagokion zatia ez dagokiola auzitegi hari. «Ohiko» auzia dela, «terrorismoarekin» zerikusirik ez duena. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren esku utzi zuen kasua, eta auzitegi horrek herri akusazio gisa ari zen Dignidad y Justicia elkartea auzitik kanpo uztea erabaki zuen. Berbera zen arrazoia: auziak ez duenez «terrorismoarekin» loturarik, DyJ-k ezin du akusazio gisa aritu.
Fiskalaren esku
Fiskala da, beraz, akusazio bakarra egun. Haren esku dago epaiketa egitea edo auzia artxibatzea. Akusazioa erretiratuko balu, bertan behera geratuko litzateke kasua, akusaziorik ezean artxibatuta. Ez du oraingoz urrats hori egin, eta badirudi epaiketara iristeko asmoa duela. Egin dituen zigor eskaerak oso gogorrak dira; lehen atalekoak baino gogorragoak.
Gipuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Egunkaria-ren kontuak zuzenak direla adierazteko txostenak aurkeztu dituzte, baina zerga iruzurra egitea, diru kontuak faltsutzea eta diru laguntzen iruzurra egitea leporatu die fiskalak zortzi akusatuei. 128 urteko espetxe zigorra eta 221 milioi euroko isuna eskatu du, denera. Torrealdai, Uria, Azurmendi, Sors eta Albisurentzat, 18 urte eta 4 hilabeteko kartzela; Sorozabal eta Furundarenarentzat, 13 urte eta 9 hilekoa; Zubelzurentzat, 9 urte eta 2 hilekoa.
13 urtez funtzionatu zuen Egunkaria. epe horretan, izan ote zuen 221 milioi euroren aurrekonturik, orotara?
isun eskakizunak ez al dira erabat desproportzionatuak?
eta beno, espetxe zigor eskaerez zer esan, auzipetuek jasan behar izan duten guztiaren ondoren…
Comment by joseba barandiaran — 2014(UTC)k2014 apirilaTue, 08 Apr 2014 14:42:22 +0000UTC4 8(pm) @ 14:42