Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi ‘Egunkaria’-ko auzi ekonomikoko auzipetuek gaur plazaratutako adierazpena. Agerraldiko bideoa
“Gipuzkoako Fiskaltzak apelazio helegitea jarri du Egunkaria auziaren adar ekonomikoa artxibatzearen kontra, eta epaiketara jo nahi du. Ustezko delituak ez daudela preskribatuta argudiatzen du oraingoan.
Guztiz ustekabean ez gaitu harrapatu, apirilaren 7an egin genuen aurretiazko audientzian garbi agertu baitzuen jarrera irmoa: “baliogabetasun, preskribapen eta urratze eskaera guztien aurka egingo dugu” esana baitzuen.
Kolpe latza da hau guretzat, hala ere, geuretzat pertsonalki, gure familiartearentzat, gure ingurunearentzat eta euskal gizartearentzat oro har.
Hamaika urte luze daramagu gai beraren zurrunbiloan, hamaika urte. Zigor handia da hainbeste urtetan mehatxu honekin bizitzea, eta fiskalaren jarrera honek berriro ere epaiketa baten mehatxupean bizitzera behartzen gaitu beste behin. Ez dakigu noiz arte.
Donostiako Lurralde Auzitegiak erabaki beharko du orain epaiketa egin ala ez.
Bide batez, eta hasteko, gogorki salatu nahi dugu fiskaltzak gurekiko adierazten duen begirune falta. Albiste agentzia bati lehenago eman dio helegitearen berri guri baino, egun bat lehenago. Jokamolde hau, ohikoa bada ere, ez da huskeria, ez da zuzena. Bidegabea eta mingarria da oso.
Zuzenbide prozesalean helegite hau “formazkoa eta soilik teknikoa” omen da. Askoz harago doa, ordea, guretzat: epaiketara, ahozko saiora.
Berriro ere epaiketa, epaigai Egunkaria eta gutariko bakoitza, aulkiko zigorra aurrera guretzat. Berriro ere guk azalerazi behar ez garela errudunak, errudunak garela besteek azalerazi beharrean. Kaltetuak berriro ere biktima eta kaltegileak borrero.
“… en ningún caso el acusado tiene que probar nada. Son las acusaciones las que tienen que probar el hecho y la culpabilidad y los tribunales tienen la obligación de comprobar la existencia de prueba de cargo suficiente y lícita”.
Honela zioen duela lau urte Audientzia Nazionalean gure absoluzioa ebatzi zuen epaiak.
Fiskalak orduan gure absoluzioa eskatzen zuen, gure defentsarekin batera. Areago, aurretik epaiketa egin gabe auzia artxibatzeko eskatu zuen.
Beti esan izan dugu gure auziaren atzean bultzada politikoa zegoela. Aznar zegoen agintean 2003an, Egunkaria-ren aurkako operazioa gauzatu zenean; Rajoy dago orain, fiskala berriro erasora datorrenean. Eskubide osoa daukagu susmoari eusteko. Guardia zibila bera, bere txostenak, birgaitu egin ditu fiskalak, duela lau urteko absoluzio epaiak besterik esan bazuen ere.
“…Esos informes fueron propuestos y admitidos con el carácter de prueba pericial de análisis de información o impropiamente llamada de inteligencia. Sin embargo, no tienen tal carácter”.
Hauxe zioen Audientzia Nazionalaren epaiak. Eta preskribapena jasotzen duen autoak beste hau:
Hitz bakarrean laburbilduko dugu gertatzen ari dena. INBOLUZIOA, ATZERABIDEA. Duela hamaika urteko eskenategira itzuli nahi dute auzia, Guardia Zibilaren probak birgaituaz, absoluzio-epaiaren abstrakzioa eginez.
Egunkaria-ren auzi hau Donostira zekartela eta, pozez hartu genuen berria, hurbiltzapen geografikoarekin batera gure gaiarekiko ulerrberatasuna ere izango zutela hemen. Fiskaltzaren jarrerak asko harritu gaitu, urruntasunagatik, ezagumendu eza eta sentsibilitate faltagatik. Ez du Euskaldunon Egunkaria-ren prozesua ezagutzen. Uste genuen, eta hala espero, justiziak oro har eta fiskaltzak noski, bere jarduneko herrian sustraituago eta errotuago behar zuela.
Badakigu, badakigunez, erabaki hauek fiskaltza bezalako erakunde hierarkikoan ez direla modu isolatu eta librean hartzen.
Ulergaitza da oso euskal gizarteari, bertoko erakundeei, gure min eta zigor erantsiari entzungor egitea. Entzungor egiteaz gainera jarrera setatian tematua ematen du. Aukera bat baino gehiago izan du kasua ixteko, justizia eginez. Azken aldion, Eusko Jaurlaritzak birritan esan du ez dela iruzurrik izan dirulaguntzen alorrean, bata Patxi Lopezen gobernualdian, 2012ko uztailean, eta bestea urte bete beranduago, 2013ko uztailean, Iñigo Urkulluren gobernualdian.
Zer bila dezake Fiskaltzak epaiketarekin, aurretiaz jakinda ustez kaltetua den administrazioak ez dagoela deliturik baietatzen duela? Ezin uler daiteke ezpada Eusko Jaurlaritzaren txostena ez dituela aintzat hartzen, edota balio berekotzat ematen dituela Guardia zibilen txostenak.
Antza denez, fiskalak balantza berean jartzen ditu hauek eta Eusko Jaurlaritza.
Politikoki esanguratsua da fiskaltzaren jarrerak islatzen duena. Nahikoa da Espainiako Erresumako fiskal bat, gure herrian eta lurraldean gai ez diren erakundeak aintzat hartu eta berauen txostenak Eusko Jaurlaritzaren edo Gipuzkoako Ogasunaren aurretik ipini eta prozesu honekin aurrera jarraitu behar dela erabakitzeko. Pisu gutxi du gure herriak hainbat aginte gunetan. Noiz egongo da justizia gure esku, gure erakundeen esku?
Fiskaltzak berak, berriz diogu, ez du beti jarrera bera mantendu Egunkaria-ren auzian. 2009ko ekainak 15eko idatzian BEZaren ustezko delituari zegokiona erretiratu egin zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu zuen txostena ikusita. Orduan bai eta orain ez. Zergatik?
Hamargarren urteurrenean azaldu genuen gure kezka eta alerta prebentiboa: Egunkaria itxi zutenak berriz agintean zeuden, eta oraingoan gehiengo absolutuarekin, eta Rajoy agintean. Fiskala, jakina da, gobernuaren norabidean doa lehen bezala orain.
Bitxia eta paradoxikoa da gurea: inori kalterik egin ez, eta delitua salatzen zaigu. Ez hornitzaileek, ez bezeroek, ez Ogasunak eta ez Eusko Jaurlaritzak ez digute kalte ordainik eskatzen. Are: ez dugula deliturik egin baieztatzen eta frogatzen dute, ustez kaltetuak liratekeenek beraiek. Eta, hala ere, akusatuen aulkian gaude. Noiz bukatuko da amesgaizto hau?
Gure lagun eta adiskideei, euskal kulturgintza eta euskalgintzari, gure herriari, gure erakundeei, gure eragile sozial-politiko eta kultural guztiei eskatzen dizuegu adi eta erne egoteko, eta lehenbailehen amai dadin laguntzeko. Mila esker”.
Andoain, 2014-06-19