Atzo arratsaldeko ordu batak aldera jakin zen Gipuzkoako Fiskaltzak Egunkaria-ko auzi ekonomikoa ixtearen aurkako apelazio helegitea aurkeztu duela. Efe berri agentziak zabaldu zuen albistea, fiskaltzako iturriak aipatuz. Auzipetuak hiru eta erdietan bildu egin ziren, artean ofizialki jakinarazpen idatzia ez zutela. Hamar egun dituzte inpugnatzeko, baina Iñaki Uria auzipetuak Berria-ri azaldu dio inpugnatu egingo dutela.
Auzipetuek bihar goizean egingo dute helegitearen analisia, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean emango duten prentsaurreko batean. Fiskaltzaren jokabidea salatuko dute, Uriaren arabera. “Ikusten da zer interes edo gogo duen epaiketaraino iristeko. Epaileak kasua artxibatu egin zuen, ustezko delituak preskribatuta daudela iritzita, baina fiskaltzak ezetz, eta apelazio helegitea aurkeztu du. Salatzekoa da. Guretzat kolpe handi bat izan da”.
E. Rodriguez fiskalak sinatu du errekurtso idatzia, baina akusatuek esaten dute hau ez dela fiskal baten edo bestearen kontua, fiskaltzarena baizik. Espainiako Gobernuko Justizia Ministerioarena, beraz. Joan den apirilean nahiko irudi adierazgarria izan zen Donostiako Zigor Auzitegian, epaiketaren aurretiazko saioan: fiskalak eten bat eskatu zuen, deitu egin nahi zuela esanez. Nagusiei deitzeko zen, aretoan zeuden askok interpretatu zutenez.
Ikusiko da Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak defentsaren inpugnazioa ala fiskalaren helegitea onartuko duen. Helegitea onartuko balu, epaiketa. Uriak berak duela bi aste Berria-n adierazi zuen berez nahiago dutela artxibatzea baino absoluzioa, auzipetuak errugabeak direlako. “Beldurrik ez diogu epaiketari”, esan zuen atzo arratsaldean hark. “Ez genuen deliturik egin, ez gara errudunak. Baina hori Gipuzkoako Ogasunak eta Egunkaria-ri diru laguntza eman zioten erakunde publikoek ere azaldu izan dute”. 2011n PSEren Jaurlaritzak epaitegira bidalitako txosten batean esan zuen Egunkaria-ri emandako laguntzak zuzenak izan zirela; 2013an EAJren Jaurlaritzak beste txosten bat egin zuen, aurrekoa baino zabalagoa, iruzurrik eza berretsiz. “Eta euskal gizarteak ere errugabe jotzen gaitu”, dio Uriak. “Sufrikario hau luzatu egin du fiskaltzak”.
11 urtean “mehatxupean”
Mikel Sorozabal auzipetuak hilaren 6an idatzitako iritzi artikulu batean salatu zuen auzia asmakeria bat dela. “Egunkaria itxi egin zuten, baina ez zuten bilatzen zuten hori topatu, ez atzemandako dokumentazio ugarian, ezta torturapean ateratako deklarazioetan ere. Horiek nahikoa ez, eta bilatzen jarraitu beharra izan zuten. Orduan, bigarren operazioa abiatu zuten: Egunkaria-ren inguruko enpresen kontrakoa. Atxilotutakook enpresa talde bat sortzearen arduradunak omen ginen; ETAren dirua zuritzeko sortutako enpresa taldea zen hura. Horrelaxe sortu zen Egunkaria-ren auzi ekonomikoa. Baina ez zuten ezer lortu: ez zegoen ETArekin harremanik. Ondorioz, iruzur fiskalaren ipuina asmatu zuten”.
“Mehatxupean” 11 urte daramatzatela zioen Sorozabalek.