Egunkaria-ren auzi ekonomikoko defentsak aurkeztu du dagoeneko Gipuzkoako fiskaltzaren helegitearen aurkako inpugnazioa, eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak erabakiko du epaiketa egin ala ez. Datozen asteetan izendatuko du epaitegiko zein aretok hartuko duen kasua, eta areto horrek hartuko du erabakia; udazkena izan daiteke ordurako.
Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi dira auzipetuak; denen izenean aurkeztu zuten defentsako abokatuek inpugnazioa, iragan astean.
Ekainaren hasieran jakin zen Carmen Zubimendi Donostiako Zigor Epaitegiko epaileak Egunkaria-ren auzi ekonomikoa artxibatu egin zuela, ustezko delituak preskribatuta daudelako. Fiskaltzak apirilean aurretiazko saioan iragarri zuena bete zuen egun batzuetara: apelazio helegitea aurkeztu zuen, auzia preskribatuta ez dagoelakoan. Helegitea "formazkoa eta soilik teknikoa" zela zioen idatzian. Donostiako Zigor Epaitegiak Lurralde Auzitegiaren esku utzi berri du kasua. Auzipetuek, ekainaren 19an Andoainen egindako agerraldian, euren burua berriro errugabe jotzeaz gain, salatu zuten "atzerabidea" dagoela fiskaltzaren jokabidean. Auzian "bultzada politikoa" dagoela ere berretsi zuten.
Fiskaltzak zigor eskaera handiak egin ditu: 128 urteko kartzela zigorra zortzientzat —bederatzi eta hemezortzi urte artekoak— eta 221 milioi euroko isuna. Haren iritziz, auzipetuek Egunkaria-ren 1998, 1999, 2000 eta 2001eko diru kontuak faltsutu zituzten, eta diru laguntza publikoak eskuratzeko iruzurra egin zuten. Gipuzkoako Ogasunak aitortua du ez zela zerga iruzurrik egin, eta Jaurlaritzak bi txostenetan esan izan du laguntzak legezkoak izan zirela.
2003ko urriaren 16an izan zen operazioa. Urte bereko otsailaren 20an itxi zuten Egunkaria. Kazetaren itxieran absoluzio epaia eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, 2010eko apirilean.