Egunkaria auziaren pieza ekonomikoan auzipetutako zortzi lagunak akusatuen aulkian eseri edo ez aztertuko dute irailaren 19an. Egun horretan ikusiko ditu Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko 3. sekzioko epaimahaiak auzia artxibatzearen aurka fiskaltzak aurkeztutako helegitea eta defentsek jarritako inpugnazioa.
Ekainaren hasieran, auzia artxibatzea erabaki zuen Donostiako 3. Zigor Epaitegiko Carmen Zubimendi magistratuak. Auzipetuei leporatutako ustezko delituak preskribatuta daudela ebatzi zuen, baina erabaki horren aurka helegitea jarri zuen fiskaltzak —harena da akusazioa bakarra—. Hori hala, auzia Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren esku geratu da, eta 3. Sekzioko epaimahaiari egokitu zaio epaiketa egin edo ez erabakitzea.
Juana Maria Unanue Arratibel epaileak izango du txostena egiteko ardura. Eta horren gainean beren iritzia eta botoa emango dute, Unanuek ez ezik, epaimahaia osatzen duten beste bi magistratuek: Iñigo Suarez de Odriozolak eta Maria del Carmen Bildarraz Alzurik.
Epaimahaiak irailaren 19rako eguna jarri badu ere, horrek ez du esan nahi derrigor ordurako egongo denik erabakia. Egun horretako saioa, halaber, itxia izango da, eta, aldeek bestelako frogarik aztertzea baztertu dutenez, auzipetuek ez dute zertan han izanik.
Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi dira auzipetuak, eta Fiskaltzak zigor handiak eskatu ditu: denera, 128 urteko kartzelaldia eta 221 milioiko isuna. Haren ustez, Egunkaria-ren 1998, 1999, 2000 eta 2001eko diru kontuak faltsutu zituzten, eta diru laguntza publikoak eskuratzeko iruzurra egin zuten. Gipuzkoako Ogasunak aitortua du ez zela iruzurrik egin, eta Jaurlaritzak bitan esan du laguntzak legezkoak izan zirela.