Gipuzkoako Auzitegitik albistea iritsi berritan erantzun ditu Iñaki Uria auzipetuak (Zarautz, Gipuzkoa, 1960) Berria-ren galderak. Ospakizun giroa dago Martin Ugalde Kultur parkean.
11 urteren ondoren, heldu da behin betiko artxibatzea.
Ez dute helegitea onartu; beraz, lehen epaileak hartutako erabakia, preskripzioagatik artxibatzea, ontzat ematen da. Teknikoki hori gertatu da. Ez dago helegiterako aukerarik. Orain bai: bukatu da.
“Bukatu da” horrek zer esan nahi du zuentzat?
“Bukatu da” horrek esan nahi du, batez ere, zama handiko motxila bat bizkarretik kentzen dela 11 urteren ondoren. Gauza asko gertatu dira. Egunkaria itxi izana da printzipala, baina hor daude gure atxiloketak, torturak, kartzelaldiak, libratzea, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaiketa, gero beste epaiketa hau… Gauza asko dira, eta esan nahi du hori bukatzen dela. Ez du esan nahi egindako kaltea konpontzen edo sendatzen denik, baizik eragindako sufrimendua ez dela luzatzen. Luzatzearekin berarekin ere, azkenengoan esan genuen bezala, gaizki pasatzen du zure familiak, lagunek, inguru osoak. Hori bukatu da. Horixe dago.
Erreparatu liteke nolabait kalte hori guztia?
Injustizia ez da erreparatu. Egunkaria itxita dago, eta hori ez da konpontzen. Egin dira saioak Auzitegi Nazionalean eta, lehenengo epaiketaren ondoren, eta ez dago aukerarik. Atzera bota ziguten. Ez dago nondik heldu eremu horretan. Beste maila batean, gu inoiz ez gara ibili halakorik eskatzen, edo biktimarena egiten.
Beraz, politikoki, injustizia hori badago oraindik? Nola amaitu liteke hori?
Hor dagoen puntu beltza ziurrenik hori da. Ahaztu egiten zaigu, baina Egunkaria itxi zuten PPren gehiengo osoarekin, [Jose Maria] Aznar presidente zela. Gero [Jose Luis Rodriguez] Zapatero etorri zen, eta gauzak ahaztu egin ziren. Baina orain, berriz ere, egon da gehiengo oso hori. Eta, nolabait, horrela interpretatu dugu fiskaltzak aurrera segitu izana.
Orduan, baldintza politiko batzuekin itxi zen Egunkaria, eta herri honek beste baldintza politiko batzuk sortu behar ditu horrelakorik berriz ez gertatzeko. Baldintza horiek, printzipioz, ez dira aldatu. Badaude gaur egun beste osagai batzuk baldintza berriak sortzeko, baina oraindik urruti xamar gaude herri honetan gure justizia propioa edukitzetik, ez egoteko Madrilgo fiskal bat, ez egoteko legezko menpekotasunik hangoarekin. Hasieratik hemen tratatu izan balitz gai hau, sekula ez zen hau gertatuko, sekula ez zen Egunkaria itxiko. Momentu jakin batean, Madrilen erabaki zuten halako proiektu baten aurka egitea, euskararen eta Euskal Herriaren alde egiten zuelako Egunkaria-k. Erabaki zuten ixtea; ahal zuten, eta itxi zuten. Oinarria hor dago, eta hori oraindik ez da aldatu. Lan asko eta lan handia egin beharra dago hori aldatzeko.
Hala ere, itxi ondoren, beste proiektu bat atera zen aurrera. Esan liteke ez zutela bete sakoneko helburua?
Itxi, itxi zuten, eta eragina izan zuen. Orduan lortu nahi zituzten eraginetako bat zen hori ixtea; hori sortu zuen talde oso bat desegin zuten. Gero sortu ziren Berria, Hitza. Hori da Egunkaria-ko langileek eta herri honetako pertsonek daukaten aurrera egiteko gaitasuna, baina beti hasten zara pauso bat atzetik, berriz ere lehengora iristeko. Bestela egongo ginen aurrerago egoteko moduan. Bestalde, lortu zuten beste eragin bat: beldurra sartzea. Euskalgintza osoan sartu zuten beldurra, hemengo erakundeetan, eta bazen abisu bat hemengo autonomia zuzentzen zutenei begira. Ezin dugu ahaztu Ibarretxe plana eta hori guztia zegoela mahai gainean. Garai horiek ziren.
Fiskalaren helegitea izan da azken mugimendua. Ikusi da posible zela berriz epaiketara iristea.
Bai, posible zen. Beti egoten da helegitearen aukera, eta, alde horretatik, posible zen. Epaiketa egin izan balitz, bukatuko litzateke gure absoluzio batekin. Alde batetik, ematen du hobea izan zitekeela. Hau preskripzioa da, artxibatzea, baina behintzat hori arindu egiten du: pasatu behar ez izatea hortik ez dakit zenbat hilabetez, hori da lehenbizikoa. Hasi behar da hori prestatzen, eta lan handiagoa da. Bestela, hemen kaltetu posible bakarrek, Ogasunak eta Eusko Jaurlaritzak, garbi esan dute ez dagoela kalterik eta deliturik. Orduan esaten duzu: “Zein epaiketa klase da deliturik eta kalteturik gabekoa?”. Hori bertan behera eroriko litzateke, eta absoluziora joango litzateke. Baina absurdo horretan ginen oraindik, Euskal Herrian jendeak argi izan arren zer egon den hemen.
Denbora horretan, nola sentitu duzue jendearen babesa?
Denbora guztian sentitu dugu. Jendearen babesa eduki dugu hasiera-hasieratik. Handik hiruzpalau egunera Donostian egin zen manifestazio izugarri horretatik hasita, denbora guztian izan dugu erakundeen, herritarren eta jende askoren babesa eta laguntza, denetarikoa. Alde horretatik, eskerrak denei. Hori tokatzen zaigu orain: eskertzea.
Zer esan nahi du zuentzat epaiketaren pisua kentzeak? Zenbateraino baldintzatu dizuete eguneroko bizimodua urte hauetan guztietan?
Ni saiatu izan naiz ahalik eta ondoena eramaten. Proiektu berri batean sartu nintzen, eta proiektu berri hori aurrera eramaten aritu naiz. Nahikoa lan ematen dit Hamaikak, eta bultzaka ibili naiz. Honek tartean-tartean ematen ziguna da lana. Gauzak prestatu beharra, bai epaiketara begira, bai komunikazio edo eragite aldetik. Bestela hor geratzen zarelako guztiz bakartuta. Alde horretatik, nik nahiko ondo eraman dut. Beste batzuek gehiago sufritu dute: gurasoak… Beti kezka horrekin. Hori ere bada bakoitza nolakoa den, ingurua nolakoa duen. Nik nirean segituko dut; ez da gauza handirik aldatu honekin.