Bukatu da Egunkaria auzia, eta auzipetuta izan direnek eskertza ekitaldia egin dute Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. Berria-k han jaso ditu eragileen adierazpenak.
Inaxio Uria (Iñaki Uria auzipetu ohiaren aita)
«Pozik gaude; zoratzen. 11 urtean gorriak ikusi ditugu. Bueltaka lehen egunetik, libratu zirelakoan gero… Luze egin dira. Malko asko. Gaur ere irten dira batzuk, baina pozez».
Xabier Lekuona (‘Egunkaria’-ko zuzendariorde ohia)
«Aberasgarria izan zen taldea kohesionatzeko eta proiektuak heldutasuna izateko. Auzipetuek asko sufritu dute, baina bihur dadila baikortasun; lan asko dugu egiteko».
Martin Garitano (Gipuzkoako ahaldun nagusia)
«Inputatuen eta euskal gizartearen pozarekin gelditzen naiz. Euskal Herriak garaipen bat lortu du, nahiz eta erasoak bortitzak izan eta kostu pertsonalak handiak».
Joseba Egibar (EAJko GBBko presidentea)
«Bere garaian, hemen, bultzada politikoa izan zuen auzi bat zabaldu zuten. Dena libre zen, eta axioma bat martxan jarri zuten: dena ETA da. Sarraskia eragin zuten».
Mertxe Mugika (AEK-ko koordinatzaile nagusia)
«Euskarak jasan dituen jipoirik handienetako bat izan zen, baina pozgarria izan zen euskal gizarteak emandako erantzuna. Hau ezin da ahaztu, berriro gerta ez dadin».
Patxi Baztarrika (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordea)
«Sekula gertatu behar ez zuen baldarkeria bat gertatu zen, eta, sekula gertatu behar ez zuenez, kostatuta iritsi da bukaerara. Hau nozitu zutenei zorionak emateko eguna da».
Estitxu Eizagirre (‘Argia’-ko zuzendaria)
«Ez dezagun ahaztu eta segi dezagun ikertzen eta kontuak eskatzen. Herri honi eginiko eraso bortitza izan da».