Bingen Zupiria (Noticias taldea)
Hamaika urte iraun duen auzibide amaigabe baten ondoren Espainiako Justiziak bukatutzat eman du azkenean Egunkaria-ren auzia. Ulertzekoa da auziperatuek hartu duten lasaitua, denbora luzez bizi izan duten nekabidea betiko amaitu dela ikusita. Ez diot inori opa pertsona modura denbora luzez bizi izan duten egoera larria: askatasuna, mugatua; ondasunak, bahituta; irudia eta izen ona, zipriztindurik; eta giza-duintasuna, urratua. Zorionez, amaitu da. Baina izango ote du inoiz ordainik jasotako kalteak? Informazioa jasotzeko Egunkaria aukeratzen zutenen askatasuna eta eskubidea zapalduta geratu ziren 2003an, egunerokoa itxita. Auziperatuek salatu zituzten tratu txar eta torturak aztertu gabe artxibatu ziren. Eta leporatzen zitzaizkien ustezko delitu ekonomikoak epaitu gabe artxibatu dituzte, igarotako denbora dela eta. Egiazko Justizia ote da auzia burutzeko hamaika urte behar dituena? Justizia al da egia osorik argitzeko balio ez duen auzibidea? Egindako kalteari ordain egokirik eman ezin dion jardunak merezi ote du Justizia deitzea? Aginte politiko eta polizialaren eskutik, ETAren aitzakiaz, hainbeste oinarrizko askatasun urratu dituen aginteak ez du harro egoteko motiborik. Kontuak kontu, hamaika urte geroago, ez dugu jakiterik izan, Justiziak ez baitu argitu, zer helburu zehatz eduki zuen Egunkaria-ren aurkako operazio propagandistiko-politiko-polizial-judizialak. Baina argi geratu da zer lortu zuen: deliturik aurkitu ez arren Egunkaria behin betiko ixtea.