Gurutze Izagirre (‘Berria’)
Ez daukagu ahaztekoa 2003ko otsailaren 20 hura. Ezta bigarren kolpea ere: 2003ko urriaren 16a. Hemezortzi lagun guztira, atxilotuak, inkomunikatuak, eta hainbat, torturatuak. Hedabide bat, itxita. Ez daukagu ahaztekoa, halaber, atzo Joan Mari Torrealdaik esan bezala, “gihar eredugarria” erakutsi zuen gizartearen beroa, Euskal Herrian eta Katalunian. “Itxia, baina ez isildua”, zioen Egunkaria itxi osteko biharamuneko egunkariak, Egunero-k. Ahots goraz atera zen euskal gizartea, irmo, kalera, eta proiektu berriaren alde laguntzera. 11 urte eta erdi. Itxi da zirkulu bat. Baina ez dago ahazterik. Angel Acebes orduko PPko Barne ministroak esan zuen euskal kulturaren mesedetan itxi zutela Euskaldunon Egunkaria. Ankerkeria asko entzun eta jasan behar izan ziren.
Konponezinak konponezin, sufrimenduaren zirkulu bat itxi da. Ez dute zori bera izan Egin-eko lagunek. Zirkulua itxita ikusi ez duten proiektukideak eta auzian era batera edo bestera katramilatuta egon diren lagunak ere ezin ahaztu.
Bidegabekeriak ez du atzera bueltarik, eta horrek ezina, haserrea eta amorrua eragiten du, baina, era berean, egoera zailei erantzuteko gai den herri bat ikusi da, beste hamaika aldiz egin duen gisan, eta egingo duen gisan. Gertatuak balio beza gutxienekoetan elkar hartzeko, berriro gerta ez dadin baldintzak sortzeko.