Katebegiak eta ezpalak

2018, otsailak 21

(Egunkaria-ren itxiera. 15 urte)
Katebegi txiki bat, txikia, giltzarrapo bat lotzeko adinakoa. Indarrez itxiaren lekuko. Ate itxia. Hamabost urte Euskaldunon Egunkaria itxi zutela. Katebegia. Kate bat, jarraipenaren katea, itxiaraziari eusteko adinakoa. Itxia, baina ez isildua. Katebegia. Begi bat, orain hamabost urteko sarraskiaren ispilu. Katebegiak, kateak eta begiak gogoan, Egunkaria itxi zuteneko hamabosgarren urteurrena oroitzeko ekitaldia atzo Martin Ugalde kultur parkean, Andoainen (Gipuzkoa). Egunkaria-k han zuen egoitza nagusia, eta BERRIAk ere bai. «Katea ez da eten», aldarrikatu dute. Egunkaria-ren katean jarraitzen duela BERRIAk. Katebegiak lotzen. Katea, eta begiak.


Begirada eta besarkada eguna izan baitzen atzokoa Martin Ugalden. Begirada minduaren eguna: atxiloketak, eta torturak, eta sufrimenduak, eta hutsuneak gogora ekartzeko eguna. Baina besarkaden eguna ere bai: kemena, eta babesa, eta gogoa, eta egin izana gogoratzeko eguna. Gazia. Gozoa.

Bilgune izan zen Egunkaria-ren itxiera gogora ekartzeko ekitaldia. Euskalgintzaren luze-zabalaren bilgune. Erakundeen arlotik, instituzio nagusietako ordezkariak: Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Mikel Arregi, Nafarroako Euskarabideko zuzendaria; Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria; eta Josu Labaka, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakaria. Gizarte eragileen esparrutik, dozenaka: Kontseilua, Topagunea, AEK, IKA, Euskal Herrian Euskaraz, Bertsozale Elkartea, Ikastolen Elkartea, UEU, Soziolinguistika Klusterra, Jakin, Argia, Goiena

Arlo politikotik ere bai. EAJren izenean, Joseba Egibar Eusko Legebiltzarreko eleduna eta Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea; EH Bildutik, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia, Rebeka Ubera legebiltzarkidea eta Xabier Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea; eta Sortutik, Arkaitz Rodriguez idazkari nagusia, besteak beste. Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusia ere han izan zen, eta ELAtik, Ivan Gimenez komunikazio arduraduna. Norbanako ugari. Erabat bete zuten aretoa.

Kateak

Kateak izan zituzten gogoan ekitaldian. Kateak, Egunkaria sortzeko prozesuan izan zituztenak. Kate trabatzaileak, Joan Mari Torrealdai Egunkaria-ko lehendakariak eta Beatriz Zabalondo BERRIA Taldekoak gogoratu zutenez. «Jende askok uste zuen ez zegoela baldintza objektiborik, bideragarritasunik. Ezinezkoa edo arriskutsua zela egunkari bat kaleratzea». Kateak Egunkaria garatzeko garaian ere, Iñaki Uria kontseilari ordezkariaren esanetan. «Botere ezberdinek errazegi asmatzen dute gure artean bereizten eta elkarlana eragozten».

Orain hamabost urte iritsi ziren kate handienak, armak eskuan. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen onespenez, Egunkaria itxi zuen Guardia Zibilak, eta arduradunak atxilotu. «Sarraskia, izua, tratu txarrak, zuzendaritza atxilotua, etxe eta bulego miaketak, enpresen itxiera. Egunkaria-ren itxierak izua zabaldu zuen bazterretan. Izu beltza», Torrealdairen eta Zabalondoren arabera. Indartzen ari zenean jo zuten kolpea. «Hoberenean zegoenean itxi zuten». Bat dator Uria: «Maite genuen txoriari hegoak ebaki zizkioten, noiz eta euskarazko prentsa loratzen ari zenean. Egunkaria-ren unerik onenean. Sorrera minetatik atera, sendotu eta hegan egitera zihoanean». Kateak askatzen ari zen garaian.

Kalte kate astuna ekarri zuen operazioak. «Bat-batean, ez kazetaririk, ez irakurlerik, ez enpresarik. Urte askoan gauzatu genuen lana, bat-batean birrindua. Ametsa amesgaizto bihurtu ziguten», esan zuen Torrealdaik. Atxilotuek eurek jasandako kaltea ere gogoratu zuten. Lander Garrok taxututako bideo bat eman zuten, kalte horren lekukotasun gordina agertzen duena. Hilak dira Euskaldunon Egunkaria-ren kontrako operazioan atxilotutako bi lagun: Inma Gomila eta Luis Goia.

Enborra

Egunkaria itxita, euskalgintzaren enborrean jo nahi izan zuten. «Euskara eta euskalgintza zeuden Guardia Zibilaren jomugan. Ez Egunkaria bakarrik», ohartarazi zuen Uriak. 2003an itxi zuten kazeta, baina operazioaren ernamuina lehenagokoa zen. Bi urte lehenago, 2001ean, euskalgintzako hainbat talde ikertzen hasi zen Guardia Zibila, ETAren sare zirelakoan. Del Olmo epaileak onartu egin zituen tesi horiek, eta Egunkaria ixteko agindu zuen. Ez zen hura helburu bakarra, hala ere: jomuga zabalagoa zeukan Guardia Zibilak, joan den igandean BERRIAk azaleratu zuenez. Arantzazuko santutegian operazio bat egiteko asmoa eduki zuen, eta bazuen Del Olmo epailearen baimena. Deiak izan ziren, ezkutuko mugimenduak, eta guardia zibilak ez ziren Arantzazura heldu.

Jomugan egote hari euskalgintzak nola erantzun zion, arranguraz mintzatu zen Uria atzo: esparru osoa zegoela jomugan, baina ez zela horren neurrian erantzun. «Euskalgintzaren kongresu moduko bat antolatzea proposatu genuen». Uste zuten euskararen eta Euskal Herriaren aurkako erasoa zela, ez bakarrik Egunkaria-ren kontrakoa. «Euskalgintzak, zatituta, ez zuen kongresu hori egin».

Ezpalak

Guardia Zibilak enbor-enborrean jotako kolpeari erantzun sendoa eman zitzaiola goraipatu zuten Torrealdaik eta Zabalondok. Kolpe hark ezpalak atera zituela enborretik. Donostiako manifestazio handia gogoratu zuten, adibidez. «Minduta eta haserre zegoen jendea bai baitzekien Egunkaria joz euskalgintzaren bihotza joko zutela: euskalgintza soziala». Itxieraren biharamunean bertan Egunero atera izana ere goraipatu zuten, eta BERRIA sortu izana. «Baldintza horietan ausardia behar da gero Poliziaren eta botere judizialaren mehatxuen gainetik periodiko berria atera nahi izateko». Martxelo Otamendi zuzendariak ere nabarmendu zuen Egunkaria-ko langileen jokabide hori, haien «pasta berezia». Ezpal irmoko jarrera erakutsi izana.

Euskalgintzaren eremuan indarra galtzen ari ote den, kezka hori erakutsi zuen Uriak: «Merkatuak ez dio eusten euskarazko komunikabideen biziraupenari, diru laguntzak ez dira tamainan iristen, eta gizartea aldatu egin zaigu, herri ekimena ez da lehengoa. Euskalgintzak, ez instituzionalak ez eta herritarrak, ez du nahiko indar biltzen euskararen egoera nabarmen aldatzea lortzeko». Eta behar du: «Ideia berriak eta egitasmo berriak behar ditugu».

Egunkaria itxi zuteneko urteurrena garai berezian iritsi da. Egitasmo bat abian du BERRIAk, etorkizuna ziurtatzeko, Geroa Zugan lelopean. Herritarrei eta erakundeei dei egin diete, BERRIA babesteko. Torrealdaik eta Zabalondok ezinbesteko jo dute jarduteko eredu hori: «Komunitatearen parte hartzea, herri ekimenaren formula ez dira iraganekoak, ez daude kadukatuta. Globalizazioaren garai honetan inoiz baino beharrezkoagoa izango da hizkuntza komunitatea bere lanabes eta tresnen jabe, arduradun eta kudeatzaile izatea». Ezpalez ezpal, alez ale, katebegiak osatzea.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>