(Egunkaria-ren itxiera. 15 urte)
Esparru ugaritako eragileak elkartu ziren atzo Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa), Egunkaria-ren itxieraren urteurrena oroitzeko.
MIREN DOBARAN Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea
«Euskararen eta euskalgintzaren aurkako ekintza bat izan zen itxiera. Bakarra zen Egunkaria, eta horren kontra joan ziren. Urtero eskaini nahi diogu babesa, berriro gertatu ez dadin».
MIKEL ARREGI Euskarabideko zuzendaria
«Itxiera kolpe latza izan zen euskal komunitatearentzat, baina euskaldunok gai izan ginen, herri ekimenaren bidez, BERRIA errealitate izateko».
GARBIÑE MENDIZABAL Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria
«Herri honi eraso egiteko beste modu bat izan zen, abisu bat, baina behar bezala erantzun zion; indarrak hartu genituen hortik».
JOSEBA EGIBAR EAJren GBBko presidentea
«Erabaki politiko baten ondorioa izan zen Egunkaria-ren itxiera. Ezintasuna da orduan sentitutakoa. Estatu estrategia baten barruan erabaki batzuk sartzen direnean, estatuaren aldetik gero ez dago damurik edota kalte-ordainik. Katalunian, abertzaletasuna geldiarazi nahi dute. Hemen, dena ETA da ardatzetik aritu ziren. 2003an, zorionez, BERRIA sortu zen, eta Egunkaria-ren lekukoa hartu zuen. Euskararen arloan ere gure esku dago gauzak hobeto eta azkarrago egitea».
REBEKA UBERA EH Bilduko legebiltzarkidea
«Oso kolpe gogorra izan zen itxiera, egunkari nazional bat estrategikoa baita. Ikusi zen Espainiako Estatuak eskuak libre dituela nahi duena egiteko. Ez dago botere banaketarik; gauzak oso merke ateratzen zaizkio. Gogor ekin behar diogu euskarazko hedabideen aldeko lanari. Ekitaldi honetan jende asko bildu da, baina Egunkaria-rekiko erreparazioan ez zen sortu mugimendurik, eta, agian, lan ildo horri ekin behar zaio. Euskal gizartean ari dira lantzen memoria, tortura eta abar, eta Egunkaria-ren kasuan absoluzioa lortu zen, baina gero ez zen gauza handirik egin erreparazioari buruz. Era berean, bada garaia etorkizunera begira herri ikuspegiarekin lanean hasteko».
LUIS INTXAUSPE Udabiltzako lehendakaria
«Batasun bat egon zen orduan euskarazko egunkari nazionalaren inguruan, eta indar handiarekin atera zen BERRIA. Oraindik ere Euskal Herrian batasuna gertaera jakinen inguruan sortzen da, ez bestela. BERRIAk egun ez du sorrerako babesik. Ea haren 15. urteurrenak eta BERRIAlagunen kanpainak balio duten sostengua handitzeko».
SAGRARIO ALEMAN IKAko ordezkaria
«Amorrua sentitu nuen. Herri bat suntsitu nahi bada, hizkuntzaren aurka egiten da, eta Madrildik edozer gauza espero daiteke. 2003an gai izan ginen erantzun bat emateko, baina uste dut, adibidez, BERRIAk irakurle gutxiegi dituela. Administrazioak gehiago egin behar du, baina baita jendeak ere. Bakoitzak bere eremuan jardun behar du, baina ikuspegi orokorra ere behar dugu elkarrekin gauzak egiteko».
IBON SARASOLA Euskaltzaina
«Bartzelonan nengoen Egunkaria itxi zuten egunean. Egundoko sustoa hartu nuen albistearekin, ez sinesteko modukoa baitzen. Prentsaren bidez ikusi nuen Euskal Herrian batasun bat sortu zela, manifestazioko irudiak hor zeuden, baina distantziak filtro bat jartzen dizu, eta operaziotik hilabete batera hona etorri nintzenean konturatu nintzen erasoaren magnitudeaz; ikaragarria izan zen. Gero gauzak nahiko ondo atera ziren aurrera, eta BERRIAk ondo ordezkatu zuen Egunkaria; lezio bat izan zen».
IMANOL ESNAOLA Gaindegiako koordinatzailea
«Eguna gogor hasi zen gure herrian, Lezon [Gipuzkoa], bi herritar atxilotu zituztelako. Martin Ugalde parkera etorri nintzen segidan, bertan egiten nuelako lan orduan ere, eta ikusi zen elkartasun uholde bat forma hartzen ari zela. Beste kasu batzuen aldean, Egunkaria-renean erreakzioa oso desberdina izan zen. Orduko oroimenak 2018ra ekarri behar gintuzke, oraindik Euskal Herriaren hezur eta mamia osatzera jarritako antolakundeek umezurtz jarraitzen dutelako —BERRIAk, esate baterako—; herri honen zerbitzura baina herri honek bereak dituela aitortu gabe. XXI. mendeak eskatzen du 2003an gertatutakoari forma ematea herrigintza termino estrukturaletan eta egiazkoetan; egin gabe dugu».
MIREN SEGUROLA Uemako koordinatzailea
«Langileek gaitasuna izan zuten egun batetik bestera euskara hutsezko egunkari bat sortzeko; hainbeste urte pasatuta, egunkari hori gero eta sendoago dago».
KIRMEN URIBE Idazlea
«Japoniarrek diote eltze bat apurtzen denean ez dutela erabat konpontzen, zauriak uzten dituztela, ederrak direlakoan. Horrela hartu behar dugu hau ere; itxi zuten, zauritu gintuzten, zauriak hor daude, baina gure eltze hori ederra da: hor dago BERRIA».
PAUL BILBAO Kontseiluko idazkari nagusia
«15 urteren ondoren, badugu egunkari nazional berri bat, sendoa. Hori izan zen egunkariaren itxierari eman zitzaion erantzun sendoenetako bat, eta etorkizunean jarri behar dugu burua: BERRIA sendoagoa behar dugu».
ELENA LAKA Topaguneko lehendakaria
«Euskalgintza batu batekin geratu behar dugu. Gero eta hedabide gehiago eta komunitate sendoagoa dugu, nahiz eta ez izan nahiko genukeen bezain indartsua».
LOREA AGIRRE Jakin aldizkariko zuzendaria
«Euskarazko egunkari nazionala gaur arte iritsi da egun bakarrean hutsik egin gabe, eta hori zor zaio lan kolektibo bati: akziodunei, irakurleei, zuzendaritzari, langileei… herri honek beste askotan egin behar izan duen bezala. Orduko oroitzapenak oso latzak dira, baina ezin dugu ahaztu, segur aski barkatu ere ez, baina dolua bukatu egin behar da».
IVAN GIMENEZ ELAko Komunikazio arduraduna
«Uste dugu BERRIA egunkaria ezinbestekoa dela, eta proiektu horretan gure indar guztiak jarri behar ditugu. Momentu zailak izan ziren, eta, hamabost urteren ondoren, irudipena dago orain gizartea ahulago dagoela, baina gure rola da gizartea suspertzea eta BERRIA bezalako proiektuak babestea, sendotzea eta beste proiektu batzuk sortzea».
GARBIÑE ARANBURU LABeko idazkari nagusia
«Injustizia handi bat izan zen. Aurretik beste egunkari bat eta irrati bat itxi zituzten. Berriro ere inboluzioan gaude: estatuaren aldetik birzentralizazioaren aldeko apustu bat eta errepresioaren oldarraldi bat ikusten ditugu; hori Katalunian ikusten dugu, baina hemen ere ez gaude horretatik libre».
AHAL DUGU
«Egunkaria-ren itxierak pertsona askorentzat ondorio latzak ekarri zituen. Adierazpen askatasuna eta gure kulturaren kontrako erasoa izan zen. Bermeak behar ditugu halakorik berriro gerta ez dadin».
EKE
«Urteak igarota, justiziak arrazoia Egunkaria-ri eta bertako langileei eman badie ere, sortutako kalte eta minak ez du atzera-bueltarik».