Katea ez da eten: ‘Egunkaria’-tik BERRIAra

2018, otsailak 20

(Egunkaria-ren itxiera. 15 urte)
Beatriz Zabalondo (BERRIA Taldeko lehendakaria) eta Joan Mari Torrealdai (Euskaldunon Egunkaria-ko lehendakaria).

p003_f01

Zenbat urte ditu BERRIAk? Zenbat urte, Egunkaria-k? Egunkaria-k 13, eta BERRIAk 15? Ala, 28? Horixe: 28 urte ditu Egunkaria-k, 28 urte ditu BERRIAk.

Egunkaria Sortzen-etik BERRIA sortzeko bidea egin zen 2003an. Katea ez da eten.

Hori esan ahal izatea gauza handia da, hori horrela gertatu izana epopeia da. Herriak dinamizatua eta gizarte zibilak aktibatua behar izan du, Egunkaria-ren heriotzari BERRIAren jaiotzarekin hain hilabete gutxitan erantzun ahal izateko.

Egunkaria itxia bai baina ez isildua, aldarrikatu zuten langileek. Egunkaria itxia bai baina ez hila, diogu guk, BERRIAn bizi baita berriro Egunkaria.

Duela 28 urte sortu zen Euskaldunon Egunkaria. «Ezina, egina» esaldian laburbiltzen dugu aldi hura.

Jende askok uste zuen ez zegoela baldintza objektiborik, bideragarritasunik. Ezinezkoa edo arriskutsua zela egunkari bat kaleratzea. Eta porrot eginez gero, batzuen ustez seguru zena, kalte neurtezina ekar ziezaiokeela euskarari, luzarorako.

Dena zegoen airean: Hiru dilema handitan bildu daitezke:

—Bat: Zeini zegokion euskarazko egunkaria sortzea: Eusko Jaurlaritzari? Erdarazko egunkariei? Ba, Egunkaria Sortzen-ek hartu zuen bere gain erantzukizuna.

—Bi: Zer enpresa: Egunkaria-ren tamainako apustuari heltzeko ez zegoen enpresarik, ezta enpresa-kulturarik ere euskalgintzan. Ba, Egunkaria Sortzen-ek sortu zituen bai Egunkaria Sortzen SL, eta bai Egunkaria SA.

—Hiru: Goizegi omen zen, ez zegoelako aski irakurlerik, aski publizitaterik, aski kazetaririk.

Euskara bera ere ez zegoen trebatua, aski landua, ez zen malgua. Ba, 75 lagun bildu ziren Egunkaria Sortzen-en, eta egunkaria kaleratzeko ordua zela erabaki zuten.

1990ean gauzatu zen egitasmo hura, ilusio goien hura, 12 urtez bere balioa frogatu zuena; hura bera, 12 urte geroago, enpresa-sorta emankorra da, 140 langile, 50 mila irakurle, osasun oneko enpresa. Eta bat-batean, ez kazetaririk, ez irakurlerik, ez enpresarik. Urte askotan gauzatu genuen lana, bat-batean birrindua. Ametsa, amesgaizto bihurtu ziguten 2003ko otsailaren 20an. Nork agintzen duen herri honetan erakutsi nahi izan ziguten.

Hoberenean zegoenean itxi zuten egunkaria.

Zorigaiztoko gaua edo eguna otsailaren 20ko hura, duela 15 urte: sarraskia, izua, tratu txarrak, zuzendaritza atxilotua, etxe eta bulego miaketak, enpresen itxiera.

Egunkaria-ren itxierak izua zabaldu zuen bazterretan. Izu beltza.

Izuari aurre eginez, Egunkaria-ren itxierari eman zitzaion erantzuna guztiz eredugarria izan zen. Itxia baitzen, baina ez hila. Hiru puntu azpimarratu behar ditugu, ataka hartan:

—Batetik, sekulako manifestazioa. Minduta eta haserre zegoen jendea, bai baitzekiten Egunkaria joz euskalgintzaren bihotza joko zutela: euskalgintza soziala.

—Bestetik, Egunero periodikoa, biharamonik gabe abiatua: egunkariaren paraderoa kontatuz, egunkari-komunitatea trinkotu eta informaturik mantendu zuena. Sekulako tresna.

—Eta BERRIA sortzen. Berria Sortzen-eko taldekideek eta egunkari berriaren karguek Damoklesen ezpata bailitzan kartzela zuten buru gainean. Ez da figura literario bat, arrisku bizia baizik.

Baldintza horietan ausardia behar da gero, Poliziaren eta botere judizialaren mehatxuen gainetik, periodiko berria atera nahi izateko, crowfunding sistema baliatu dirua lortzeko, zuzendaritza berria eta ekipo berriak osatu, konplizitateak josi, enpresa egitura eta azpiegiturak sortu eta indarrean jarri, euskalgintza herriz herri, auzoz auzo, taldez talde mobilizatu.

Egunkaria-tik BERRIAra katea ez da eten. Bietan hizkuntza-komunitatearen ekimena izan baita sakoneko lotura. Herri ekimenik gabe Egunkaria-k ez zuen aurrera egingo. Gizarte zibil antolaturik gabe BERRIA ez zen sortuko eta ez zuen aurrera egingo. Bietan, hizkuntza-komunitateak bere gain hartu zuen erantzukizuna.

Komunitatearen parte hartzea, herri ekimenaren formula ez dira iraganekoak, ez daude kadukatuta. Globalizazioaren garai honetan inoiz baino beharrezkoagoa izango da hizkuntza-komunitatea bere lanabes eta tresnen jabe, arduradun eta kudeatzaile izatea.

Hizkuntza, eskola, egunkaria… tresna ezinbestekoak ditugu etorkizunari begira segitzeko, iragana ahaztu gabe geroaz jabetzeko.

Jabe gaitezen geure buruaz geroan. Gugan da geroa. Geroa zugan.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>