(Egunkaria-ren itxiera. 15 urte)
Iñaki Uria (Euskaldunon Egunkaria-ko kontseilari ordezkaria)
Egunon guztioi eta eskerrak Berria-ko lagunei gaurko egunaz gogoratu, ekitalditxo hau antolatu eta bertan parte hartzeko aukera emateagatik.
Gaurko egunez duela 15 urte itxi izan ez balute, 28 urte beteko lituzke aurten Egunkaria-k. Euskaldunon Egunkaria ez litzateke 15 urteko Berria izango, 28 urte betetzera zihoan Egunkaria baizik.
Ez dakit hobea, okerragoa edo berdina. Ezin jakin.
Dakidana da maite genuen txoriari hegoak ebaki zizkiotela. Noiz eta, euskarazko prentsa loratzen ari zenean. Egunkaria-ren unerik onenean. Sorrera minetatik atera, sendotu, eta hegan egitera zihoanean, hegoak ebaki zizkioten Euskaldunon Egunkaria-ri. Prest ginen eta hasiak ginen, toki aldizkariekin elkarlanean, Egunero –gero Hitza– izango ziren kazetak sortzen. Irakurleak gehitu nahi genizkion euskarari. Nazio mailako egitasmo batekin ezin zena, eskualde mailako askoren bidez lortu nahi genuen. Eskualdez eskualde lurraldea osatu eta bertako erdal prentsaren parean jarri euskaraz. Ez zen erraza. Esperientziak behin eta berriz erakutsi digu lorpenik handienak elkarlanean lortzen direla, eta aldi berean ondo ikasia dugu euskaldunen artean zaila dela elkarlanean aritzea. Botere ezberdinek errazegi asmatzen dutela gure artean bereizten eta elkarlana eragozten.
Egunkaria-ren sorreran bezala ausartak izan ginen itxi aurreko garai horretan ere.
Garesti ordaindu genuen ausardia. Atxiloketak, torturak, kartzela. Denak pairatu ditugu geure hezur haragitan.
Otsailak 20 hura oso hotza izan zen guretzat. Inma, Luis, Pello, Fermin, Xabier, Xabier, Txema, Joan Mari, Martxelo eta Iñaki. Amesgaiztoa izan zen orduan. Herio eta minbiziak gero.
Bizi-mina zegoen ordea eta Egunkaria-koak ez zeuden hilda. Hegoak ebakiak zizkioten; beldurrez ikaratuta zegoen txoria, eta halaz eta guztiz ere hurrengo egunean bertan argitara atera zen Egunero, Euskaldunon Egunkaria izateko gogoz: Itxia, baina ez isildua. Hala zioen izenburuak eta hala jaio zen Berria lau hilabete beranduago
Egunkaria nahiz Berria-ren sorreratan, batean zein bestean, herritarren ekimena izan zen oinarrizkoa. Erabakigarria. Errealitateak eta egoera politikoak ezarritako EZETZaren aurrean, egitasmoa pentsatu, bideragarritasuna bilatu, ilusioa piztu, aniztasuna eta baterakoitasuna praktikatu, ausardia eta adorea erakutsi, eta lana, lana eta elkar-lana. Hauek izan dira Euskadunon Egunkaria-ren arrakastaren giltzak.
Bost urtekoa izan zen Berria ondoko euskarazko komunikabideen loraldia. Ordurako begi-bistan zegoen komunikabideen negozio ereduaren inguruko krisia. Laster etorriko zen krisi ekonomikoa… eta bi krisien zurrunbiloan, orduko amets asko ez dira gauzatu, eta ordura arte martxan jarritako egitasmo asko hezurretan geratu dira.
Krisi ekonomikoa, bai. Baina ez ekonomikoa bakarrik. Duela 10 urte, epaiketa zain ginela, gaurko egunez hemen bertan, eta egun batzuk lehenago Ercilla hotelean, auzipetuok eta gure babes taldekoek genion, euskara eta euskalgintza zeudela Guardia Civil-aren jomugan. Ez Egunkaria bakarrik.
Guardia Civil-ak sumarioan euskarari buruz egindako txostenak oinarri hartu eta Euskalgintzaren Kongresu moduko bat antolatzea proposatu genuen. Zenbaitzuk ordea, publikoki uko egin zioten guretzat begi-bistakoa zen errealitate horri. Itxiera ez zen euskararen eta Euskal Herriaren kontrako erasoa, ezker abertzalearen estrategiaren albo kaltea baino. Zatituta geunden.
Akusatuok epaiketa genuen lehentasun. Babesa genuen, eta babesa garrantzitsua izan zen epaiketara begira, eskertzekoa, baina euskalgintzak, zatituta, ez zuen Kongresu hori egin. Guk ere ez genuen eztabaidan gehiegi sakondu. Nahikoa genuen geneukanarekin.
Orain aldiz, hamar urte hauek pasata, atzera begira jarrita, ze balantze daukagu egitea? Euskararen aldeko zenbat egitasmo berri sortu dira azken hamar urteotan? Zenbat ikastola, zenbat euskaltegi, zenbat komunikabide berri sortu dira 2008tik 2018ra bitartean?
Gero harritu egiten gara inkesta soziolinguistiko eta erabileraren emaitza-datuak eskasak ateratzen direnean!
Merkatuak ez dio eusten euskarazko komunikabideen biziraupenari, diru-laguntzak ez dira tamainan iristen eta gizartea aldatu egin zaigu, herri ekimena ez da lehengoa. Euskalgintzak, ez instituzionalak ez eta herritarrak, ez du nahikoa indarrik biltzen euskararen egoera nabarmen aldatzea lortzeko.
Ideia berriak eta egitasmo berriak behar ditugu. Abiada azkartu egin behar dugu. Egitura zaharrak berritu eta egokitu. Eztabaida ez da papera edo interneta. Telebista edo interneta. Denetan eragin behar dugu euskaldunok. Arazoa mundu globalizatu azkar honetan bizirautea dugu. Euskaldunok behar ditugun komunikazio eta herri egiturak sortzea.
Hori da kontua. Munduan libre bizi ahal izateko, Egunkaria libre.