“Euskalgintza osoa ere jomugan dute epaileek”

2008, otsailak 12

Epaiketaren atarian, egoeraren “larritasuna” agerian jarri du gaur euskalgintzak, Bilbon, eta gizarteari berriro euskarazko kazeta eta euskararen mundua “defenditzeko” dei egin dio. (more…)

Hamabi auzipetuei babesa agertzeko deia egin dute Egunkariako langile ohiek

2008, otsailak 11

Egunkariako langile ohiek batzarra egin zuten pasa den larunbatean Andoainen, eta ‘Gu ere epaituko gaituzte’ izeneko agiria hitzartu zuten. Langile ohiek otsailaren 20an Egunkaria itxi zutenetik bost urte beteko direla gogoratu eta urteurrenaren harira auzipetuei babesa adierazteko ekimenak iragarri dituzte, euskal gizarteari elkartasuna eskatzearekin batera. (more…)

Itxieraren kontrako manifestazioa

2007, urtarrilak 12

http://www.youtube.com/watch?v=ey9MKiBuqOM

Eusko Jaurlaritzaren adierazpena

2005, azaroak 1

Bihar beste pausua egingo da Euskaldunon Egunkariaren aurka zabaldutako auzibidean. Horren aurrean eta une honetan, Eusko Jaurlaritzak zera adierazi nahi du:

Bi urte eta bederatzi hilabete pasa dira kazetaren itxiera prebentibotik. Denbora luze hori igaro arren, egun ez dago inongo frogarik hartu ziren erabaki haiek oinarritzeko. Auzibidean ez da ezer berririk lortu akusazioak frogatzeko. (more…)

Pen Clubaren adierazpena

2005, ekainak 21

International PENeko Ordezkarien Asanbladak, bere 71. Nazioarteko Kongresuan, 2005eko ekainaren 14-21ean Bled-en, Eslovenian bildurik,

Gogoratuz 70. Kongresuan Tromson (Norvegia) 2004ko irailean onartu zen Espainiari buruzko ebazpena,

Sakonki arduratuta ebazpenean adierazitakoaren gainean ez baita aurrerapenik izan, ez euskaraz argitaratu Egunkaria-ren kontuan, ezta beraren zuzendaria zen Martxelo Otamendiren eta egunkarirako lanean ziharduten beste langileen kasuan ere, (more…)

Babes Taldearen adierazpena

2005, martxoak 18

Egunkariaren Alde Elkartearen Babes Taldea osatzen dugunon adierazpen hau hasteko, Bitoriano Gandiagaren poema bat datorkigu gogora: “Esperantzari leiho bat / zabaldu omen diote / bizi al ote den / ikusteko ere”. Ez da gauza handia bere horretan esperantza, baina horixe da une honetan geratzen zaigun bakarrenetakoa. Oraindik ere posible baita aldrebeskeria hau behingoz amaitzea, eta itxaropenari eusten diogu, beraz, ez dutela auzipetuekin jolastuko katuak saguarekin bezala, ez dituztela zokoratuko salaketa burugabeekin. (more…)

Europako Parlamentua

2005, otsailak 22

“EUSKALDUNON EGUNKARIAREN” ITXIERA BERTAN BEHERA UZTEAREN ETA HIRITAR EUSKALDUNEN ADIERAZPEN ASKATASUNA ETA INFORMAZIO ESKUBIDEA ERRESPETATZEAREN ALDEKO ADIERAZPENA. (more…)

Plataforma per l’Egunkaria

2003, apirilak 23

Euskal Herritik kanpo kataluniarrak izan dira Egunkaria-ren itxieragatik protesta gehien egin dutenak. Guardia Zibilak Egunkaria-ren kontrako operazioa egin zuen egunean bertan Herrialde Katalanetako 23 elkartek manifestu bat sinatu zuten Egunkaria-ren itxiera adierazpen askatasunaren eta informazio eskubidearen kontrako eraso bat zela esanez. Hortik abiatuta, Egunkaria-ren aldeko kanpaina batean parte hartzeko prest leudeken guztiak batzar batera deitu zituzten otsailaren 26an, eta hortik sortu zen Plataforma per l’Egunkaria.

Ekitaldi andana antolatu ditu Herrialde Katalanetako 75 elkarte politiko, sozial, kultural eta sindikal batzen dituen plataforma horrek: protesta ekitaldiak, harreman instituzionalak, hitzaldiak, kontzentrazioak…. Baina guztien artetik bat nabarmentzen da: Sant Jordi egunean, apirilaren 23an, Egunkaria katalanez publikatu zuten. Egunkaria Endavant mantxetarekin 30.000 ale banatu zituzten.

Herri Batzordeak berriz lanean jarri

2003, apirilak 1

Egunkaria-ren sorreran, 1990. urtean, funtsezkoak izan ziren Herri Batzordeak. Guztira 185 batzorde sortu ziren, 143 herritan. 3.000 lagun inguru aritu ziren euskarazko egunkaria kalean jartzeko dirua lortzen, egitasmoa ezagutarazten… Haien lanari esker lortu ziren Egunkaria argitaratzen hasteko ezinbestekoak ziren 300.000 euroak (orduko 50 milioi pezeta / 2 milioi libera).

Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Egunkaria itxi eta berehala hasi ziren lanean Herri Batzordeak, guztiz beren kasa zenbait kasutan eta Egunkaria-ko lan taldeak berak bultzatuta beste hainbatetan. Sustraietara itzuli zen berriro ere proiektua. Aspaldi ikusi ez bezalako mugimendua eragin zuen herrietan Egunkaria-ren ixteak. Gasteiz, Baiona, Zarautz, Iruñea, Miarritze, Durango, Getxo, Tutera, Arrasate… Ezinezkoa litzateke hemen denak aipatzea; ekimena abiatu eta hilabetera, ehun herri batzorde baino gehiago ari ziren lanean. Funtsezkoa izan den lana egin dute herrietan: itxiera salatzeko mobilizazioak, Egunero-ren harpidetzak, material salmenta….

Idazleen manifestua — Egunkaria: Hitzaren lekua

2003, martxoak 21

Euskaldunon Egunkaria itxi dute, eta horren aurrean euskal idazleok mundu osoan bezala Euskal Herrian ere, errealitatearen eta egunkarietan agertzen diren berrien artean zabaldutako leize sakon eta arriskutsuaz ohartaraziz, gure hitzarekin amildegi hori ixten lagundu nahi dugu. Horretarako, zerbait esan nahi dugu EGUNKARIAren itxieraren inguruan: (more…)

Elkartasun Eguna

2003, martxoak 13

Jasotako atxikimendu guztiei erantzunez, Egunkaria-ri elkartasuna adierazteko eguna antolatu zuten martxoaren 13an Kontseiluak eta Egunkaria-ko langileek. Gizarte eragileekin, alderdi politikoekin, euskalgintzako ordezkariekin eta sindikatuekin bilerak egin ostean erabaki zuten elkartasun egunera deitzea, «erantzun dinamika askotarikoa eta zabala» egiten jarraitzeko eskatu baitzuten guztiek. Bakoitzak bere alorrean eta ahal zuen moduan Egunkaria-ren itxieragatik protesta egitea zen asmoa.

Elkartasun egunarekin bat egiteko, ordubeteko lanuztera eta Bilboko Kasillan ekitaldi sozial bateratura deitu zuen gehiengo sindikalak martxoaren 13rako. ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, ELB, Hiru eta EGAS sindikatuek egin zuten deia. Bai goizean deitutako lanuztea eta bai arratsaldean Bilboko Kasilla kiroldegian egin zen ekitaldia arrakastatsua izan zen erabat. Oro har, elkartasun egunari emandako erantzuna oso zabala eta askotarikoa izan zen; «Ideia eta iritzi politikoen gainetik, gizarteak bat egin du Bai euskarari eta Egunkaria aurrera esatearekin», adierazi zuten Egunkaria-ko langileek eta Kontseiluak. Gerora oso garrantzitsua izan den beste ondorio bat ere atera zuten elkartasun egunetik: «Egunkari berria lehenbailehen kalean ikus dezagun laguntzeko prest dagoela erakutsi du euskal gizarteak».

Amnesty International: Euskaldunon Egunkariaren itxiera ahalik eta lasterren ikertzeko eskaria

2003, otsailak 25

Amnesty Internationalek deia egin die Espainiako agintariei ahalik eta arinen argitu dezaten zergatik eta zertan oinarrituta itxi duten Egunkaria eta atxilotu dituzten zenbait lagun. (more…)

Tamainako erantzuna

2003, otsailak 23

Erakundeek, alderdiek, gizarte eragileek eta herritarrek bat egin zuten Egunkaria itxi izana salatzeko.

Bi mila eta hiruko otsailaren 20a, osteguna. Egunkaria-ren kontrako polizi operazioak iratzarri zuen Euskal Herria. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Juan del Olmok aginduta, Egunkaria itxi eta hamar lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak. Albisteak euskal gizartea asaldatu zuen. Polizi operazioaren kontrako gaitzespena erabatekoa izan zen. (more…)

Inoizko manifestaziorik handiena

2003, otsailak 22

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hitza hartu eta manifestaziora deitu zuen biharamunerako (otsailak 22) Donostian, Egunkaria aurrera. Bai euskarari! lelopean. Donostian inoiz egin den manifestaziorik handiena izan zen. Manifestariak ez ziren inola ere sartzen ibilbidean, eta alboko kaleetan barrena manifestazio paraleloak egin behar izan zituzten Bulebarrera ailegatzeko. Manifestazioaren burua Bulebarrera heldu baino apur bat lehenago atera ziren Antiguako tuneletik azken manifestariak, buruan zihoan pankarta abiatu eta ordu eta erdira. Jarri nahi izan ziren bideak kontatzeko zenbat jende zegoen, baina ezinezkoa izan zen. Bidegabekeria salatu eta Egunkaria-ko langileei eta atxilotuen senitartekoei babes osoa emateko bertan ziren, milaka eta milaka herritarrekin batera, erakundeetako, alderdi politikoetako eta euskalgintzako ordezkari ia guztiak. Euskal Herriko eragile politiko eta sindikal gehienak, aspaldi ez bezala, bat eginda aritu ziren Egunkaria-itxi izana salatzeko unean. Euskarazko kazeta bat kalean izateko konpromisoa eskatu zien Egunkaria-k eragile eta erakunde horiei guztiei.

Francesco Cossigaren mezua

2003, otsailak 21

Erroman, 2003ko otsailaren 21ean,

Zuzendari jaun agurgarri hori:

Euskaldunon Egunkariaren itxieraren berri izanik, eta hori oinarrizko askatasun indibidualen kalterako izaki, nire elkartasuna adierazi nahi diot bai egunkari honetako zuzendariari eta baita gainerako bederatzi atxilotuei ere. Era berean, Euskal Herriari bere ahots aske eta baliotsuenetako bat itzuliko dion kasuaren irtenbide azkar bat espero dut.

Jakina da hauek ez direla bideak terrorismoa garaitzeko: askatasun indibidualak urratzea mendeku nahia sortzeko bide eraginkorrena da, eta baita indarkeria hazitzen den lurra ongarritzekoa ere, pentsarazi dezakeelako, indarkeria dela bide posible bakarra, frankismo, faxismo eta nazismopean lez.

Jaso ezazue agur bero bat

Francesco Cossiga Italiako Errepublikako Presidente emeritua

; ?>