Onintza Enbeita (‘Berria’)
Ia-ia adin nagusikoa da gure mina: 17 urte bete dira aurten Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik. Azkar pasatu da denbora, baina egun luzeak ere izan dira gure hizkuntzaren nahi eta ezinen denbora lerroan. Amak eman zidan albistea ohera etorrita. Isilik gosaldu genuen. Guretzat balio handia zuen zerbait kendu ziguten. Hurrengo egunak halakoetan ohikoa dena eginez pasatu ziren: manifestazioak, protestak, diru bilketak… ez genuen inoiz pentsatu guztia bere horretan uzterik. Kostata eraiki zuten Euskaldunon Egunkaria 1990ean, eta, kostata bazen ere, berriz zabalduko genuen 2003an. Berria etorri zen ekainean, eta arnasa hartu genuen. Bageneukan (eta badaukagu) goizetan euskaraz esnatzeko arrazoi bat.
Eta batzuek oraindik euskarazko egunkari baten garrantzia estrategikoa ikusi gabe jarraitzen dute. Beti daukate aitzakiaren bat gaztelaniara edo frantsesera jotzeko. Lehen eskelak ziren aitzakia nagusia, orain beste batzuk dira arrazoiak: halako edo bestelako alderdi politikoekiko hurbiltasuna, orrialde gutxiegi, munduko gatazken inguruko halako edo bestelako jarrera hartu izana… nik Euskal Herri librea nahi dut: feminista eta euskalduna. Hamazazpi urteren ostean ere jarraitzen dut pentsatzen beharrezko dudala euskarazko egunkaria, daukagun bakarra, hura eraikitzeko bidean.