Euskal prentsa euskal herriari

2020, abenduak 6

(‘Euskaldunon Egunkaria-k 30 urte)
30 urteko ibilbideak milaka titulu utzi ditu Euskaldunon Egunkaria-ren eta Berria-ren azaletan, eta beste horrenbeste sentsazio sorrarazi irakurleengan. Hala, bi berripaperekin izan duten harremanaz gogoeta egiteko eskatu die Berria-k arlo anitzetako hainbat pertsona ezaguni.

p012_f01w768

ANE LABAKA (Bertsolaria eta Txakur Gorria-ko kidea): «Euskaratik eta euskaraz, herri egiteko modu bat iruditzen zait»

«Leiho bat, kanporantz nahiz barrurantz irekitzen dena. Barrutik kanporantz, plaza bat eskaini dit sortzaile bezala. Kanpotik barrurantz, berriz, hartzaile bezala, askotariko ikuspegiak eskaini dizkit, nire begirada aldiro elikatuz.

»Egunkaria itxi zutenean, 11 urte baino ez nituen. Baina oroitzapen lauso samarrak dauzkadan arren, egun haietako zalaparta eta Donostiako manifestazioa gogoratzen ditut. Baita Berria-ren lehen zenbaki hura ere.

»Euskal prentsarik gabe Euskal Herria ez litzateke Euskal Herria izango. Euskaratik eta euskaraz, herri egiteko modu bat iruditzen zait. Mundu zatitxo bat izateko, gure hitzekin kontatutakoa».

JON ABRIL (Elhuyarreko zuzendaria): «Ez dut imajinatzen euskarazko prentsarik gabeko Euskal Herri bat»

«Egunero nire inguruari eta munduari begiratzeko modu bat dira niretzat Euskaldunon Egunkaria eta Berria.

»Aunitz eman digu. Batetik, ikusgarritasuna, egunkaria euskaraz izateaz gain, euskararen munduaren eta euskal kulturaren munduari zentralitate eta ikusgarritasun handia eman diolako. Eta guztiz normalizatu dituelako gai horiek, anitzetan gainerako hedabideetan ikusezinak direnak. Esparru komunikatibo propio batetik, eta nazio ikuspegi batetik, gainera. Guretzat ezinbertzeko erreferentzia da eguneroko jardunean.

»Jende anitzentzat ez litzateke anitz aldatuko euskal prentsarik gabe, baina beste anitzentzat bai. Gaur egun, ez dut imajinatzen euskarazko prentsarik gabeko Euskal Herri bat. Anitzez ere pobreagoa litzateke, eta gu ere anitzez pobreagoak ginateke. Euskarazkoa izateaz gain, erreferentzialtasun anitz galduko eta desagertuko liratekeelako».

GAIZKA ARANGUREN (kazetaria): «Prentsa nazional eredugarriaren prototipoa»

«Niretzat, EgunkariaBerria, euskal prentsa nazional eredugarriaren prototipoa da; hau da, Euskal Herri normalizatu batean gehien kontsumituko litzatekeen komunikabide idatziaren aitzindaria. Ez dut uste, ordea, Euskal Herri normalizatua izaten dugunean egunkarien euskarria papera izanen denik.

»Egunkaria-k eta Berria-k, gehienetan, kontsiderazio handia izan dute kulturarekiko eta ingurumenarekiko; maiz, sakonki garatu dituzte gure esparruko gaiak eta, tarteka, gogotik jaso ditugun igurtzi eta laztanak eskaini dizkigute.

»Egunkaria-k argitaratutako Joxemi Zumalabe hil da titulua daukat gogoan iltzatuta. Ez dakit zergatik, edo beharbada badakit…

»Euskal prentsarik gabeko Euskal Herria den baino anormalagoa litzateke. Zorionez, Egunkaria eta Berria-ri esker, Euskal Herririk gabeko euskal prentsa badaukagu.

CASTILLO SUAREZ (idazlea): «Nire lagunik minenak ‘Egunkaria’-ren bidez ezagutu ditut»

«Zutabegilea nintzen aldetik, kolaborazioek behartu ninduten inguruari erreparatzera. Ikasi nuen iritzia ematen, nire kontuak esaten eta lengoaia berri bat sortzen. Nik beti esango dut: zutabe bat gehiago, poema bat gutxiago. Ariketa literario bat izan zen niretzat, gogoeta lan bat baino gehiago.

»Gaurkotasuneko hizkuntza etengabe sortzen ari den hedabidea daukagu; alde horretatik, eredu bikaina da. Uste dut ez dela behar beste goraipatu Egunkaria eta, ondotik, Berria-ren estilo liburuen atzean dagoen lan izugarria. Irene Arrarats nor da euskara batuaren bilakaeran, eta hori esan beharra dago.

»Oso gogoan ditut zutabegileok egiten genituen urteroko afariak. Aukera ematen zigun elkar ezagutzeko. Eta gauza xelebre asko pasatu zitzaizkigun: Jon Abril, Joseba Otondo eta hirurok Sunbillako trenbidean geratu ginen ez atzera ez aurrera; Bixente Serrano Izko eta biok kontrol batean eduki gintuzten Andoainen afari batetik bueltan, zer esan ez genekiela… Nire lagunik minenak Egunkaria-ren bidez ezagutu ditut».

EDURNE PASABAN (alpinista): «2001ean Everestera igo nintzeneko azal hura ondo gogoan dut»

«Euskara hutsean idatzitako egunkari baten sorrera hura mugarri garrantzitsu bat izan zen euskaldun guztiontzat. Euskaldunon Egunkaria-k urteetan gure hizkuntzaren alorrean eginiko lana aitortzen zuen, baina etxera jo behar dut: euskal mendizaletasunaren historia euskaraz eta euskaldunentzat kontatu zuen. 2001ean Everestera igo nintzeneko azal hura ondo gogoan dut; lehen zortzimilakoa, eta lehen emakume euskalduna gailurrean.

»Baina berriro ere hizkuntza eta kultura politikoarekin uztartu, eta Egunkaria itxi zuten 2003an. Ezetz adierazi, eta gure hizkuntza eta kultura ditugula aldarrikatzeko, Berria sortu zen; tinko eta gogoz, gurea denaren alde borrokatzeko. Euskaldunon Egunkaria, beraz, lehen pausoa izan zen, eta Berria bigarrengoa, hemen gaudela esateko.

»Euskaldunok gure hizkuntza euskara dugu, eta nahitaezkoa da euskara hutsean idatzitako euskal prentsa egotea; gure identitatea eta gure hizkuntza hor daude islatuta. Ez dut euskal prentsarik gabeko Euskal Herri bat irudikatzen».

SAIOA IRAOLA (kide feminista): «Zapalkuntzek eraginda bazterreratutako ertzak erakusten dizkigu»

«Etxeko egongelako leihoko kristaleko pegatina, munduari begiratzeko behatxulo bat izan zen Euskaldunon Egunkaria, haur eta nerabe nintzela; hiru urte nituen sortu zutenean. Berria, berriz, eguneroko elikagaia izan da, feminismoan hitzak eta izanak josi dituena, guretik mundura eta mundutik gurera lurra hartzen duten errealitateen eta eraldaketen ispilua; langile askoren ahalegin, borondate, energia, denbora eta profesionaltasunaren emaitza.

»Besteak beste, euskaraz pentsamendu feminista sortzen jarraitzeko tresna izan da, jendartean askotariko zapalkuntzek eraginda bazterreratutako ertzak erakusten dizkiguna; horrek, finean, errealitate osoago baten jakitun egiten gaitu, eta eraldaketarako bidean, ikusmirak zabaltzen dizkigu.

»Berria-k lagunak ere eskaini dizkit, euskalgintzaren eta feminismoaren arteko zubiak josten jarraitzen baitugu; bertako kide feministek egindako lan nekaezinari zor zaio hori guztia.

»2018ko Martxoaren 8ko greba eguneko proposamenak hunkitu ninduen, emakumeon* jardunik gabe mundua gelditzen den adierazle moduan.

»Euskal prentsarik gabe ez ginateke Euskal Herria izango; tristura sentitzen dut pentsatzearekin bakarrik».

KIRMEN URIBE (idazlea): «’Egunkaria’ sortu arte, gordean zebilen kultura bat zen gurea»

«Niretzat, amets egia bihurtua izan zen Euskaldunon Egunkaria. Luzaro egon ginen euskarazko egunkaririk gabe, urte asko hura gabe bizitzen, eta hizkuntza guztiek behar dute egunkari bat, gutxienez. Euskaldunon Egunkaria, izenak berak dioen moduan, hori izan zen. Ohiko bizitza bat edukitzea erraztu digun tresna bat. Denok behar genuen hori.

»Proiektu horrek ikusgarritasun handia eman die kulturari eta literaturari. Ikusgarritasunak eragina du, jendeak balio handiagoa ematen baitio ikusten duenari ikusten ez duenari baino. Horrela indartzen da kultura bat. Egunkaria sortu arte, gordean zebilen kultura bat zen gurea.

»Ni oso goiz hasi nintzen Egunkaria-n idazten, 1998. urtean, eta hobetzeko izugarrizko aukera izan zen. Azkenean, idazten ez baduzu, ez duzu zure eskua hobetzen. Eman zidan aukera irakurleengana iristeko ere; nik nire lehen liburua argitaratu nuenerako, jendeak ezagutzen eta jarraitzen zituen nire zutabeak. Nire ahotsa, nolabait, bazen ezaguna euskaldunon artean, eta horretarako bultzada Egunkaria-k eman zidan. Oso eskertuta nago hainbeste urtetan aukera hori izateagatik.

»30 urte hauetan Egunkaria-k edo Berria-k ateratako tituluren bat aukeratu beharko banu, bakea heldu zen egunekoa izango litzatekeela uste dut. ETAk utzi egingo zuela esan zuen egunekoa.

EDURNE AZKARATE (antzezlea): «Txikiak ginen, baina bageneukan agenda militante bat»

«Euskaldunon Egunkaria nire haurtzaroan egon zen, eta niretzat oso normala zen. Pentsatzen nuen Ingalaterran egongo zirela ingelesezko egunkariak, eta hemen geneukala Egunkaria. Beste batzuek bizi izan zuten sorrera eta euskarazko egunkari nazionalik ez egotearen hutsunea; gu horrekin jaio ginen. Gehiago jabetu ginen horren garrantziaz itxi zutenean. Oso txikiak ginen, baina gogoratzen dut izugarrizko zaplaztekoa izan zela, bagenekielako gutxi gorabehera non bizi ginen: euskara hizkuntza zapaldu bat zela, borroka handia egin behar zela herrigintzan… Bageneukan agenda militante bat. Umeek ere badaukate agenda militante bat.

»Nazio ikuspegiak imajinario kolektiboan eragiten du, eta hori kontuan daukan plataforma bat izateak existiarazten ditu lurralde horiek guztiak. Gainera, Berria-ren bidez ematen zaie ikusgarritasuna bertako ekoizpenei, eta gu, sortzaileok, txertatu egiten gaitu gizartean. Horrelakorik ez balego, gure garunak ezberdinak izango lirateke barrutik: pentsaera eta mundua jasotzeko modua bestelakoak lirateke».

ENEKO SAGARDOI (aktorea): «Errespetu, grina eta jakin-min horrekin idatzi gaituzte»

«Miren Gaztañaga eta Itziar Ituño lankideak protagonista izandako 2017ko uztailaren 9ko Berria-ren azala dut gogoan. Indarrez, askatasunez eta feminismoz betetako irudia. Kultura du jardunbide, eta kulturari loturikoa da azal hori.

»Berria-n zein Euskaldunon Egunkaria-n kulturako orriek politikakoek edo kiroletakoek beste balio dute. Ikusleak sortzeko eta publikoa finkatzeko ezinbesteko lana egin da. Herria eta identitatea eraikitzeko beharrizan gisa ikusi dute artea. Errespetu, grina eta jakin-min horrekin idatzi gaituzte.

»Euskararen orria da Berria; Euskal Herria bera gabe ez litzateke ez herria, ez euskal. Desagertzera kondenatutako herri eta hizkuntza bat, alegia».

KATIXA AGIRRE (idazlea): «Euskal Herria are disolbatuagoa egongo zen euskal prentsa gabe»

«Berria egunero irakurtzen dudan egunkari bakarra da.

»Berria-rik gabe euskal literaturak erreferente serio eta zorrotz bakarra galduko luke. Euskal Herria euskal prentsa gabe ez litzateke hain euskalduna izango. Are disolbatuagoa egongo zen inguruko estatuetan.

»2018ko udaberrian ETAk bere ekinbidea utzi zueneko azala dut bereziki gogoan. ETA zioen pintada baten argazkia zen, azken puntu bat gehituta. Hori bakarrik. Irudiaren eta testuaren konbinazio indartsu, soil eta zehatza».

ANE IRAZABAL (kazetaria): «Oso garrantzitsua da mundua euskaraz kontatzea»

«Ez dut inoiz ahaztuko 2001eko irailaren 11ko atentatuen biharamuneko Egunkaria: azalean Erasoa EEBBei zekarren. Gogoan dut institutuan asko hausnartu genuela azalaren inguruan. Urte batzuk geroago kazetari egin nintzen, gero berriemaile. Oso garrantzitsua da Berria-n nazioarteko gaiei buruz euskaraz irakurri ahal izatea, mundua euskaraz kontatzea.

»Goizero, begiak ireki bezain laster, irakurtzen ditudan egunkarietako bat da Berria. Informazio erreferentzia bat.

»Ez dut euskal prentsarik gabeko Euskal Herririk imajinatzen, edo ez dut imajinatu nahi».

OINATZ BENGOETXEA (pilotaria): «Euskarazko egunkaririk gabe, Euskal Herriak ez dauka zentzurik»

«Egunkaria oso garrantzitsua izan zen euskal gizartean; euskara hutsean idazten zuen hastapenetako egunkaria izan zen. Atsekabe handia hartu genuen euskaldun guztiok legez kanpo utzi eta ixtera behartu zutenean. Euskaldunentzat eta Euskal Herriarentzat, eraso oso larria izan zen.

»Berria da gure egunkaria; oso etxekoia dela esango nuke. Informazio garbia eta leiala eman izan du beti, bai pilotan eta bai beste arloetan.

»Pilota euskal kirol bat da, eta zalantzarik gabe Berria-k garrantzi handia eman dio, modu oso zuzen eta txukunean.

»Gizarte orotan informazioa behar da, egiazko informazioa eta zuzena. Beharrizan bat da. Euskara hutsean idazten duen egunkari bat behar dugu. Euskarazko egunkaririk gabe, Euskal Herriak ez dauka zentzurik».

GARBIÑE ARANBURU (LAB sindikatuko idazkari nagusia): «Emakumeon errealitatea azalarazteko lan bikaina egiten du»

«Niretzat Berria, euskaldun eta feminista gisa, gertu sentitzen dudan egunkaria da. Langileon aldarrikapen eta proposamenentzako beste bozgorailu bat izan da hasieratik bertatik. Bestalde, lan munduan euskara normalizatzeko egin dugun eta egiten ari garen bidean ezinbesteko aliatua izan da.

»2018ko greba feministan izan zen idazkari nagusi moduan tokatu zitzaidan lehenengo greba, eta gogoan dut Berria-k nola landu zuen grebaren inguruko informazioa. Uste dut emakumeon errealitatea azalarazteko egunerokoan lan bikaina egiten duela».

»Euskal Herrian euskal prentsarik egongo ez balitz, hizkuntzaren normalizazioan egiten duen ekarpena galduko litzateke eta, ondorioz, gure herria are erdaldunagoa izango litzateke. Euskaldunon begietatik ikusiriko mundu ikuskera galduko genuke. Tresna garrantzitsu bat galduko genuke egunerokoan. Ezinbestekoa da hemen eta kanpoan gertatzen denaren berri izateko eta herri moduan egiten dugunaren berri emateko».

AIORA ZULAIKA, ‘PIRRITX’ (pailazoa): «Ez dut imajinatu nahi euskal prentsarik gabeko Euskal Herririk»

«NBEk berretsita, abian da Euskal Haur-Herri-Irripublika titulua irakurri nuen behin ametsetan. Ez dut ondo gogoan Egunkaria-n edo Berria-n zen.

»Bi egunkariak sudurgorrioi goizero munduaren berri ematen digun mantangorria dira. Pailazooi abenturak sortzeko eta garatzeko mamia eman digu.

»Ez dut imajinatu nahi euskal prentsa gabeko Euskal Herririk. Ez galdetu halakorik, faborez».

MITXEL LAKUNTZA (ELAko idazkari nagusia): «Ahots propiorik gabeko herria ginateke euskal prentsarik gabe»

«Euskaldunon mundu ikuskera jasotzen duen egunkari bakarra da.

»Gai laboral eta sozialak ikuspegi aurrerakoi batetik irakurtzeko aukera ematen du. Lan esparrua eta euskara bateragarriak direla erakutsi digu.

»Ahots propiorik gabeko herria ginateke euskal prentsarik gabe; ez dakit Euskal Herririk egongo litzatekeen. Bestela esanez: Egunkaria gure hizkuntza normalizatzeko ahaleginean tresna garrantzizkoa izan da. Bat nator Jon Sarasuarekin: ‘Komunikazio antolatuaren alor zabalean pausoak ematen ez dituzten hizkuntzek etorkizun zaila dute. Horretan pausoak ematen dituzten hizkuntzek aurrerabide biziagoa izango dute’».

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>