(‘Euskaldunon Egunkaria’-k 30 urte)
Eider Goenaga Lizaso (‘Berria’)
Gaurko egunez, duela 30 urte kaleratu zuten Euskaldunon Egunkaria-ren lehen zenbakia. Ordu arteko hutsune handi bat betetzeko erabakia hartu zuen ausardiaz betetako ekintzaile talde bati esker, egunerokoan euskaraz arituko zen eta Euskal Herri osoa kontuan hartuko zuen berripaper bat jaso ahal izango zen kioskoetan zein postontzietan.
Ausardia ausarkeria gisa ikusi zuenik ere bazen, proiektuak jarraipenik izango ez zuen ustean. Baina, 30 urte geroago, beste izen batekin, beste itxura batekin, eta egungo garaira egokituta, esan daiteke eguneroko euskarazko eskaintzak ez duela inoiz hutsik egin; zailtasunak zailtasun, erasoak eraso, eta itxiera bati aurre eginez.
Ordukoek egindako lanaren lekukoa BERRIAK HARTU ZUEN 2003AN, ETA, APURKA-APURKA, EGUNKARIA izan zenaren itzala lausotzen joan da. Egun, etxe honetan aritzen diren asko Egunkaria sortu ondoren sortutakoak dira, eta ez dute Egunkaria oroitzen; gutxi batzuk urruneko zertzelada gisa oroitzen dute itxierak eragindako zirrara.
Baina, izan zirelako gara, eta garrantzitsua da izan ziren horiek egin zutena ezagutzea, oroitzea eta aitortzea, memoria ariketa egitea, egindako bideari erreparatzea, eta Egunkaria-z akordatzen ez diren horientzako transmisio lana egitea. Hari mataza zabaldu zuten duela 30 urte, eta hariari tirako diotenek behar dute atzera begiratu aurrera egiteko.