Aitor Odriozola, Gasteiz (Berria, gutuna)
Gustura ikusi nuen Paperezko hegoak dokumentala ETB1en, Egunkaria-ren itxierari buruzkoa. Ondo egindako dokumentala da, eta alde anitzei ematen zaie hitza. Dokumentalean esandako guzti-guztiak egia direla esango nuke. Baina egia guztiak ez direla esaten ere bai.
Horri heltzeko beharra sentitzen dut.
Egia handia izango da Guardia Zibilak bultzatuta epaile batek Egunkaria itxi zuela, eta komisarian arduradunek torturak jasan zituztela. Baina urteetan sartuta gaudenok —eta batzuk ahaztu nahi badute ere— gogoratzen dugu Eusko Jaurlaritza kudeatzen zuen EAJ izan zela, Egunkaria-ren sorreran, bere bitarteko guztiekin Egunkaria ETAk sortua zela zioena, Egunkaria ETAren zerbitzupean zegoela zabaldu zuena, Egunkaria-k (subentzioak eta publizitatea ukatzen zizkioten hedabideak) ETA finantzatzen zuela esaten zuena.
Eta ederki gogoratzen ditugu batzuek Teleberri-ko titular nagusiak horrelako mezuekin ikusi eta entzun genituen uneak. Bai! Guardia Zibilaren bultzadaz itxi zuten Egunkaria, baina saiatu arren eta Guarda Zibilaren argudio berberak erabili arren urte batzuk lehenago EAJk ixtea lortu ez zuelako.