Joan Mari Torrealdairen heriotzak markatu du Egunkaria-ren itxieraren aurtengo urteurrena, baita gertatutakoa gogoratzeko eta aztertzeko sortu diren antzerki eta ikus-entzunezko lanek ere. (bideoa: itxieraren 15. urteurrenaren harira eginikoa)
Hemezortzi urte. 2003ko otsailak 20 ilun haren inguruan jaiotako haurrak adinez nagusiak dira dagoeneko, eta garaia da gertatutakoa perspektiba historikoarekin aztertzeko. Izan ere, egiten ari dira.
Duela hemezortzi urteko goiz hotz hartan, Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria-ren egoitza itxi zuen, eta, horrekin, urte luzeko lanez eraikitako euskara hutsezko kazeta bakarra, egun batetik bestera desagerrarazi zuen.
Andoaingo Martin Ugalde parkeko egoitzan eta Gasteizko, Iruñeko eta Bilboko ordezkaritzetan giltzarrapoa jarri zuen Guardia Zibilak. ETArekin lotura zuela argudiatuta itxi zuten kazeta, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen baimenarekin. Operazioan, preso eraman zituzten zituzten Xabier Alegria, Txema Auzmendi, Inma Gomila, Luis Goia, Fermin Lazkano, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Pello Zubiria, Madrilera.
Euskal gizartearen zati handi batek ez zuen gezurra sinistu, eta euskaldunen eskubideen zapalketa salatzera, eta egunkariari, langileei eta atxilotutakoei babesa ematera atera zen kalera. Donostian manifestazio erraldoia egin zuten.
Langileek kemenez erantzun zioten itxierari: Egunero kazeta argitaratu zuten itxieraren hurrengo egunetik aurrera. Eta udan, Berria egunkaria jaio zen.
Del Olmo epaileak baldintzarik gabe bidali zituen espetxera Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga eta Xabier Alegria; aldiz, bermea ezarrita libre utzi zituen Martxelo Otamendi, Fermin Lazkano, Inma Gomila eta Luis Goia. Pello Zubiria erietxetik espetxera bidali zuen gero.
Guardia Zibilaren eskuetan pairaturiko torturen berri eman zuen Otamendik : «Nahi dutena egiten dute: arratoiak bezala tratatu gaituzte». Beste atxilotuetako batzuek ere torturak salatu zituzten.
Hurrengo zazpi urteak ez ziren samurrak izan. Urte askoko kartzela zigorren ezpara buru gainean zutela bizi behar izan zuten akusatuek, eta epaiketa luze bat. Errugabetu egin zituzten, azkenean. ETA eta Egunkariaren arteko ustezko lotura, Guardia Zibilaren irudimenean baino ez zegoen.
2014ko urrian, egunkariaren kontra zabalduriko bigarren auzia, auzi ekonomikoa deiturikoa, artxibatu zuen epaitegiak. Prozesu haiek gogoratzeko Egunkaria auzia webgunea prestatu zuen Berria-k.
Hemezortzi urte, eta oraindik inork ez du barkamenik eskatu eginikoarengatik, eta euskal gizarteari, eta biktima zuzenei, ez diete kaltea erreparatu.
Aurtengo urteurrenean, izen bat da nabarmentzekoa: Joan Mari Torrealdai. Euskaldunon Egunkariaren administrazio kontseiluko kide eta lehendakaria izan zena, 2020ko uztailaren 31n hil zen, minbiziak jota. Euskal kulturaren erreferente eta eragilearen heriotzak iritzi eta omenaldi zaparrada eragin zuen.
Egunkaria itxi zutenean gertatutakoaren tamainaz jabetzeko gazteegia zen belaunaldiak ere ariketak egin ditu egunotan, kazetaren itxieraren inguruan hausnartzeko. Joan zen azaroan, Sisiforen paperak antzezlana estreinatu zuen Tanttaka konpainiak. Euskaldunon Egunkaria-ren itxieran oinarritutako lana da, Harkaitz Canok idatzitakoa, eta Fernando Bernuesek zuzendutakoa. Eta, aste honetan bertan, Paperezko hegoak dokumentala estreinatu dute Samara Veltek eta Josu Martinezek, itxieraren inguruan zerbait berria eskaintzeko asmoz.
Hemezortzi urte dira gaur, denbora aurrera doa, baina oroitzapena gaztetzen ari da.