Juan Luis Zabala (Berria)
Hemezortzi urte igaro dira Euskaldunon Egunkaria itxiarazi zutenetik. Orduan egunkari hartako langile zirenetako batek baino gehiagok ekarri du gogora efemeridea Twitterren. Eider Goenagak idatzitako txio honek labur eta zuzen islatzen du egun hark askorengan utzitako arrastoa: «Gaur 18 urte beldurrak esnatu gintuen. Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi, eta lankide eta lagunak eraman zituen atxilo. Otsailaren 20 bakoitzean ezin izaten dut saihestu egun hartako bizipenen zirrara sentitzea».
ETB1eko Biba zuek! saioan, Martxelo Otamendi eta Joanmari Larrarte elkarrizketatu zituzten Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak ostiralean, gertakari haiek eta egunkari hura gogora ekartzeko. Gai asko aipatu ziren elkarrizketan —euskal prentsaren orduko egoera, herritarrek proiektuari emandako bultzada, atxiloketak eta torturak, Egunero-ren sorrera lehenik, Berria-rena gero…—, baina zer pentsaturik handiena otsailaren 22an Donostian egin zen manifestazioaren irudiak eman zidaten niri. Batetik, hain pozgarriak, jakina, dudarik ez; baina, bestetik…
Ez dakit ez ote nuen egun hartan euskaldunon artean hainbeste aipatu ohi den herria azkeneko aldiz sentitu, bete-betean sentitu behintzat, indar eta konbentzimendu osoz. Otamendik esan zuen moduan, Euskaldunon Egunkaria itxi zuenean mugarri sentibera bat igaro zuen Espainiako Erresumako agintaritzak, eta manifestazioarekin jaso zuen erantzuna nolakoa izan zen argi uzten du A-8 autobidearen Zarauzko ordainlekua irekita utzi behar izan zela gogoratzeak.
Hala sortu zen berripaper hau, Berria, herritar askoren babesarekin. Baina errealitate ukaezina jartzen digute begien aurrean manifestazio erraldoi haren irudiek: ez datorrela bat jendetza hura euskarazko egunkari bakarrak —honek— gaur egun gizartean duen presentziarekin, ezta beste hark —Euskaldunon Egunkaria-k— duela 18 urteko operazio polizialaren aurretik zeukanarekin ere. Zergatik?
Larrartek esan zuen euskaldunoi geure buruarengan gehiago sinistea falta zaigula. Ez da gezurra, baina ikuspegi leunegia iruditu zait, eufemistikoa kasik. Dena den, ez egin kasu handirik niri, Bernardo Atxagak TLK deitzen duen taldeko kide egiteko moduan naizela uste baitut: Triste eta Lanturosoen Kolektibokoa.