Ametsa gauzagarria zen lekura

2021, azaroak 7

(Heldu den astean beteko da Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrena, eta omendu egingo dute. Berria-k igandeko Harian eskaini dio; horko artikulu bat da hau). Euskarazko egunkari bat abiarazteko aukera eman zion Egunkaria Sortzen taldeak Ugalderi, eta bat egin zuen 1989an. Bazterkeria instituzionala gainditzeko lanean temati aritu zen, aurrez haren gertukoak zirenen mespretxuak jaso arren.

p010_f01w768

Bizitzako azken urteak Euskaldunon Egunkaria-ren proiektuan buru-belarri eman zituen Martin Ugaldek. 70 urterekin batu zen Egunkaria Sortzen taldeak sustatutako egitasmora. Euskarazko egunkari bat sortzeko asmoaz hitz egina zen ordurako, baina egunkariaren aurretik berri agentzia bat sortu beharra defendatzen zuen. Eusko Jaurlaritzan Kultura Saileko Euskarazko Gaietako zuzendari zen orduan Ugalde, eta haren sailera jotzen zuten Argia aldizkariko kideek, diru eskean.

Herri ekimenetik sortutako euskalgintzako proiektuen eta Jaurlaritzaren artean konfrontazio handiko urteak izan ziren. Gehien profesionalizatu ziren hedabideetara jo zuten herri ekimeneko hedabideetan ondutako kazetari askok. Bazterrean geratu zen Argia, eta, hori gutxi ez, eta euskarazko mugimenduak bikoizten hasi zen Jaurlaritza. Giro hartan ezagutu zuen Iñaki Uria kazetari eta Euskaldunon Egunkaria-ko lehen zuzendariordeak Ugalde. Argia-n zebilen orduan Uria, eta aldizkari horren urtekarirako elkarrizketa bat egin zien Joxemi Zumalaberi eta berari. Gaur egundik, paradigma aldaketatzat du elkarrizketa hori. Herri mugimenduen bueltako norbait eta instituzioetako beste bat parez pare jarri ohi zituzten urtero. Aldi hartan, kontrakotasunean bainoago, euskarazko egunkariaz hizketan jarri zituzten Ugalde eta Zumalabe. Hain justu, euskarazko egunkari bat sortzeko aukera izan zen elkarrizketaren ardatza.

Handik bizpahiru egunera joan zitzaion Zumalabe Ugalderi, proposamena finduta. «Etorri zen niganako prestatua zuen estrategiarekin: ‘Lagunduko al zeniguke egunkari euskaldun bat egiten?’. Arrazoiak, datuak, eta azken saioa egiteko falta zen espiritua, dena prest bazegoen, nola esango nion Joxemiri ezetz?». Hala jaso zuen momentua Ugaldek gerora, Euskaldunon Egunkaria-n 1995ean argitaratutako Joxemi Zumalaberen argiak artikuluan.

Abaniko ez hain zabala

Egun gutxi lehenago kontrako lubakian zegoena eurenera igaro zedin, instituzioen konplizitatea lortu behar zutela ulertu zuten Argia-koek. Lehenagoko hausnarketa batek eman zuen modua, horrekin batera, proiektua gauzatze bidean jartzeko: erreibindikaziotik ekintzara pasatzeak. «Halako batean hasi ginen ikusten agian ez genbiltzala hain urruti egitetik. Bagenituen makinak inprentan aldizkariak egiteko, eta horraino prozesua kontrolatzen genuen; bagenekien kazetaritzaz; bagenekien kazetariak bazeudela; eta bagenekien erosleak ere bazeudela», azaldu du Uriak.

Siniste sendo horiekin sortu zuten Egunkaria Sortzen taldea, eta hartara batu zen Ugalde. «Pasatu zen ametsa errealitate bihur zitekeen esparrura, nahiz eta txikia, itsusia eta liskartsua izan», adierazi du Uriak. Haren eran, beste 74 lagun. Gaur egundik talde zabala irudi lezakeela aitortu arren, ezezko asko jaso eta «nahiko gertu» zituztenak bakarrik konbentzitu zituztela onartu du Uriak: «Garai batean euskararen aldekotasunak eta mapa politikoak ez zuten bat egiten. Euskararen aldekoak ezkerrerago zeuden, praktikoki ezker abertzalean; mugitzen zirenak bai, behintzat. Besteak instituzioetan zeuden».

Ugalde «irekia» zela dio Uriak, eta erraz egokitu zela. Egunkaria-ren proiektura jauzi egin zuenerako, Ugaldek «harreman oso sendoak» zituela nabarmendu du Nerea Azurmendi kazetariak ere. Zumalabe, esaterako, askotan aipatzen zuela zehaztu du. Hala ere, talde eragilean nahiz, ondoren, Administrazio Kontseiluan «rara avis bat» zela onartu du, ordura arte izan zuen ibilbideagatik. «Hor posizioa hartzea ez zen gozoa izan, eta atzera eta aurrera ibili zen jendea ere egon zen, eta guztiz ulergarria da».

 

Edonola ere, Ugaldek urratsa «konbentzimendu osoz» egin zuela ziurtatu du: «Baldintza guztiak ondo ezagututa, ondo neurtuta, eta jakinda zein zen bere ekarpena». Bat dator alaba, Ainara Ugalde: «Egunkaria-k poz handia eman zion, bizitza handia». Nekeak neke. Ugaldek bere haragitan jasan behar izan zituen erabakia kritikatu zutenen mespretxuak, susmo ilunak. Horra Luis Aranberri Amatiño EAJko kideak Eguna egunkariko artikulu batean adierazi zuena, adibidez: Egunkaria Sortzen taldekoek beren burua zuritzeko zerabiltzaten Joan Mari Torrealdai, Karlos Santamaria eta Martin Ugalde eta antzekoak: «Era honetako izenez baliatu promozioa egiteko eta gero geratu behar duen eskuetan geratzeko».

Ajuriaeneko Ituna, denean

Euskarazko egunkari nazionalaren proiektuak itxura hartu ahala, areagotu egin ziren haren kontra Jaurlaritzak egindako mugimenduak. Diru laguntzei uko egiteaz gain, proiektu paralelo bat sustatu zuen Joseba Arregi Kultura sailburuak. Jose Ramon Beloki kazetariari eta haren taldeari eman zieten euskarazko egunkari publiko bat sortzeko ardura. Egunkari hark, ordea, Ajuriaeneko Itunarekin bat egitea nahi zuen Jaurlaritzak. Adierazgarriak dira Iñaki Zarraoa EAJko kidearen hitzak, Uriak Ugalderen jaiotzaren mendeurrenaren karietara emandako hitzaldian berreskuratutakoak: «Objektibotasuna existitzen bada, nahiago dugu, izan ditzakeen akats guztiez gaindi, Euskal Telebistaren edo Euskadi Irratiaren objektibotasuna, Egin-ena baino». Egunkaria Sortzen taldekoen proiektuak «agitaziorako eta propagandarako» asmoa zuela egotzi zien Arregik sustatzaileei. Euskaldunon Egunkaria-k kioskoetan irauteak, baina, «EAJren barruan kontraesanak» eragiten zituela uste du Uriak; geroz eta zailagoa zitzaien irmo eustea laguntzarik nahiz publizitaterik ez emateko jarrerari.

Jaurlaritzarekin interlokuzioan lehen lerroan ibili zen Ugalde. Diplomazia lanetan temati eta elkarrizketari emana oroitu du Uriak. Alabaina, memorian iltzatuta dauka Arregirekin izandako bilera batetik Ugaldek nola egin zuen alde, Kultura sailburuak agertutako jarrerarekin gogaituta. «Susmo gehiago ez zait kabitzen golkoan, eta banoa», utzi zuen idatzita Ugaldek Euskaldunon Egunkaria-n. Handik urtebetera lortu zuten ituna Jaurlaritzarekin. Uriak uste du EAJn auziarekiko ikuspegi desberdin bat azaleratzen hasi zela: «Hasi ziren beste batzuk mugitzen: Luis Mari Bandres, Mari Karmen Garmendia… Alderdi barruan egin nahi zituzten gauzetarako ere erabili zuten Egunkaria; Arregiri emateko, alegia. Kanpotik begiratuta ikusten da».

Jauzia eta hazkunde urteak

Laguntza instituzionala eskuratuta, bidea errazagoa izan zitzaion egitasmoari. Administrazio Kontseiluan ohorezko lehendakari izendatu zuten Ugalde, eta, batik bat, zutabegintzan aritu zen: «Hamabostero argitaratzen zituen zutabeak. Denetarik lantzen zuen: gai historikoak, hemerotekakoak, aktualitatearekin lotutakoak, euskarari buruzkoak…».

Garai hartan, Hondarribiko bere etxera joan-etorriak sarri egiten zituen Uriak. Kidetasuna laguntasun bihurtu zuten. «Lehenengo Egunkaria-k hurbildu ninduen harengana, eta gero ezagutu nuen pertsona». Harik eta, Juan del Olmo epailearen aginduz, Euskaldunon Egunkaria itxi eta zuzendaritzako kideak atxilotu zituzten arte. 2003an izan zen. Kontuak blokeatu zizkioten Ugalderi. Haren sendiarentzat garai «oso gogorra» izan zela onartu du Ainara Ugalde alabak: «Ez genekien haren bila etorriko ziren edo ez. Etorri zen epaitegitik auzitegi mediku bat, proba batzuk egiteko, ziurtatzeko parkinsona zuela, eta ezin zela etxetik atera». Aurrez hainbatetan bezala, adorez erantzun zuela oroitu du: «Barne bakearekin, seguru».

Ez zuten eraman, baina ebatsi zuten urte haietan partekatu zuten ametsa. Garai bertsuan zapuztu zen Lizarra-Garaziko akordioa ere. Martin Ugaldek «itxaropen handia» zuen jarria horretan, Uriaren arabera: «Abertzalea izanik, hori aurrera ateratzea nahi zuen, nahiz eta ez zen batere fio. Ezin zuen sinistu Arzallus-eta hor egotea. Gero kolpea etorri zen, berriz».

(argazkian: Iñaki Uria, Martin Ugalde eta Joan Mari Torrealdai, Euskaldunon Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko kide ohiak)

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>