Goizalde Landabaso
Ez dakit hotz egiten ote zuen, egingo zuen, ziurrenen. Otsaileko goiz hura oroitzen dudanean atoan datorkidan irudia da Bilboko kale arteko Euskaldunon Egunkaria-ren egoitza. Itxita. Beharginak kalean zer esan eta egin ez zekitela. Lanera bidean desbideratuta Egunkaria-ren egoitzatik pasatu nintzen; nik ere ez nekien zer egin. Zer pentsatu. Zer esan. Sinesgaitza zen dena. Ezin liteke eta ez da posible. Oso posiblea zen, baina. Ondorengo hilabeteetan bertoko sortzaile zenbaitek, sariak jasotzerakoan, Egunkaria-ren alde egin zuten. Espainia aldean. Txalo herabe batzuk egon ziren arren, batik bat isiltasuna eta txistu asko jaso zituzten (hortxe dago, bideoetan gorderik, Fermin Muguruzak saria jasotzerakoan entzun behar izan zituenak). Gerora azterketa asko egin da; itxieraren kontrako epai irmoa azaldu zenetik, gehiago.
Hogei urte ez dela ezer kanta liezaguke Carlos Gardelek, baina bada zer. Beti da zer. Bitxia da oroimenak zer gordetzen duen. Akorduan dut Euskaldunon Egunkaria eta BERRIA arteko inpass horretan, trantsituan, Oteiza hil zela; Egunero-n. Lerroburua ere bai: Hutsune handia (edo horrelako zerbait). Denborak samurtzen du dena, baina abendutik abendura Ruper Ordorikaren abestiak kantatzera Kafe Antzokian batzen garenok uste dut urdailaren sakonetik kantatzen dugula zaindu maite duzun hori. Eta zaindu, zaintzen dugu, bai; baina lantzean behin pentsatzen dut ez ote dugun babes-hesiren bat, superheroien antzeko zerbait asmatu beharko berriz gerta ez dadin. Eta ez dakit, nik beti sentitzen dut zaurgarritasunaren atea zabalik; gaur eta hemen beti dagoelako gu baino gorago dagoen lege bat, edo botere bat beharrezkoa badu exekutatuko duena egin beharrekoa. Inork ez zigun esan euskaldun izatea oso nekeza dela. Eta, bidenabar, beti eskertuko diet, ahalbideratzaileei, zurrunbilo beltz hartan Egunero sortu izana, gu denok eutsi izana.