Gizarte mugimendu ugarik antolatuta, ekitaldi bat egin dute Madrilen, ‘Egunkaria’-ren itxiera oroitzeko. ‘Egunkaria’-ko zuzendari ohi Martxelo Otamendirekin solasean aritu da Javier Gomez Bermudez, ‘Egunkaria’-ko auzipetuak absolbitu zituen epaimahaiko burua. Nabarmendu du ‘Egunkaria’-ren itxiera «bidegabea eta legez kanpokoa» izan zela.
«Zure izena zein da: Marcelo edo Martxelo?». Madrilgo La Maliciosa ateneoko areto nagusian jendea esertzen hasia da, antolatzaileak mikrofonoak probatzen ari dira, eta ekitaldiaren ostean afalduko duten tokira nola joan paper zatitxoetan marrazten ari da Txepe Lara zinema ekoizlea, aulki batean eserita. «Nire izena Martxelo da. Galdera bera egin zidan Baltasar Garzonek», esan dio Martxelo Otamendik, Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari ohiak eta BERRIAko zuzendariak, irribarrez, Javier Gomez Bermudezi, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko presidente izandako epaileari. «Ez dut ahaztuko galdera bera egin niola Iñaki Uriari, epaiketan», segi du epaileak. Jende gehiena eserita badago ere, haiek zutik jarraitzen dute. «Galdetu nion ea Ignacio edo Iñaki den. Eta hark argi esan zidan Iñaki dela. Nik ordura arte uste nuen Iñaki Ignacioren txikigarri bat zela…». Esertzeko eskatu die Pedro Casas ekintzaile madrildarrak, eta haiek obeditu dute. Azken aldiz jendaurrean batera egon zirenean, elkarri begira eseri ziren Gomez Bermudez eta Otamendi. Madrilen izan zen, Auzitegi Nazionalean; bata bestea epaitzen ari zen. Atzo, ordea, elkarren ondoan eseri ziren, mahaiaren alde berean, haiei entzuteko prest zegoen jendeari begira.
Joan den otsailean hogei urte bete ziren Auzitegi Nazionalak eta Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik; hogei urte, hainbat arduradun atxilotu eta torturatu zituztenetik. Elkartasuna ez zen Euskal Herrira mugatu; Madrilgo gizarte mugimendu ugaritako ekintzaileek gaitzetsi egin zuten gertatutakoa, eta ez dute ahaztu. Urteurrenaren harira, ekitaldi bat antolatu zuten atzo Espainiako hiriburuko La Maliciosa ateneoan. Otamendik eta Gomez Bermudezek Egunkaria-ren itxieraz hitz egin zuten, baita Luis Rodriguez Aizpeolea kazetariak ere; El País egunkarian euskal gatazkaz idatzi izan zuen, 2012an erretiroa (erdizka) hartu zuen arte. Montserrat Galceran filosofoak ere hitza hartu zuen, baina Bartzelonatik; ezin izan zuen Madrilen egon, amona bihurtu zelako atzo. Amparo Climent eta Carlos Olalla aktoreekin osatu zuten mahaiko bostekoa.
Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo instrukzioko epailearen aginduz itxi zuten Egunkaria 2003ko otsailaren 20an, eta arduradunak atxilotu zituzten; horietako bat zen Otamendi. 2009ko uztailaren 30ean, Auzitegi Nazionaleko zigor arloko bigarren aretoko epaimahaiak Egunkaria auziaren epaiketa egitea erabaki zuen; abenduaren 15ean hasi zen. Gomez Bermudez izan zen epaimahaiko presidentea —beste bi magistratuak Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandez izan ziren—, eta haren sinadura du 2010eko apirilaren 12ko absoluzio epaiak: bost auzipetuak —Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga— errugabetzat jo zituzten, eta Egunkaria ixteko lege heldulekurik ez zegoela esan zuten.
«Egunkaria-ren itxiera legez kanpokoa eta bidegabea izan zen. Bost pertsonaren bizitza zapuztu genuen», esan du Gomez Bermudezek, Otamendi ondoan duela, dozenaka lagunen aurrean. Barkamena eskatu du, «akatsengatik». Izan ere, nabarmendu du Egunkaria-ren itxiera «akats judizial handia» izan zela. Del Olmok «fede onez» jardun zuela esan arren, «okertu» zela nabarmendu du: «Epaile batek ezin du atestatu polizial bat modu akritikoan sinetsi».
Beldurra helburu
Txalo artean hartu du hitza Otamendik, eta esan du Egunkaria itxi izanaren helburua herritarrak beldurtzea izan zela: «Herritarrei mezu hau helarazi nahi izan zieten: ‘Kontuz. Kontuz egiten ari zaretenarekin, edo egitea pentsatzen duzuenarekin. Gu edozer egiteko gai gara’. Hala ere, Egunkaria itxi zutenean, Donostian inoiz antolatu den manifestaziorik handiena egin zuten».
Otamendik Egunkaria-ko langileei egindako lana aitortu die, ezer baino lehen: «Aitortza partekatu nahi dut Egunkaria-ren itxiera pairatu duten langileekin. Egun hartan, etxera negarrez joan ordez, egunkari bat egiteko adorea izan zuten». Egunero kazeta Egunkaria-ren itxieraren biharamunean kalean zegoen, eta egunero argitaratu zuten 2003ko ekainaren 21era arte, BERRIAren lehen alea kaleratu zuten arte.
Atxilotuak torturatu zituen Guardia Zibilak, eta hark jasandakoak kontatu dizkie Otamendik La Maliciosa ateneora gerturatu direnei. Adi entzun eta gero, ondoan duen epaileak ez du gaia saihestu. «Zuen kasu zehatzean, Martxelo, torturak eta tratu txarrak egon izanaren ziurtasuna zuen epaimahaiak, baina epaian ezin genuen esan, ez zelako gure eskumena», nabarmendu du Gomez Bermudezek. Erantsi du atxilotuen inkomunikazio aldiek «kontrol gutxiegi» dutela: «Tortura ezin da saihestu, baina prebeni daiteke».
Rodriguez Aizpeoleak, hitza hartu duenean, nabarmendu du Egunkaria-ren itxiera «arbitrarioa» izan zela: «Jose Maria Aznarrek [orduko Espainiako Gobernuko presidenteak] ez zuen soilik terrorismoa suntsitu nahi: abertzaletasuna suntsitzearekin tematuta zegoen. Haren eskema hau zen: Txakurra hilda —abertzaletasuna—, amorrua hilko da —terrorismoa—. Horretarako erabili zituzten haiengandik gertu zeuden auzitegietako sektoreak eta hainbat hedabide». Galceranek, berriz, aldez aurretik grabatutako bideo batean esan du lehenik «ondorioa» erabaki zutela, eta gero «arrazoiak» bilatu zituztela. «Euskalduntasuna ETAra murriztu zuten», gaitzetsi du.
Beste Madril bat
Beste bideo bat ere jarri dute, Fermin Muguruzak Madrilen sari bat jaso zuenekoa, hain zuzen: Egunkaria itxi izana salatu zuen, eta publikoak txistuka erantzun zion. La Maliciosako publikoaren txaloek estali dituzte, nabarmen, duela bi hamarkadako txistuak. Antolatzaileek —LoQueSomos, Puedo, Ecologistas en Accion, Madrileñ@s por el Derecho a Decidir, Viento Sur eta Traficantes de Sueños antolakundeetako kideek, besteak beste— nabarmendu dute ez zela erraza izan, garai hartan, Madrilen Egunkaria-ren itxiera salatzea. Ekitaldi ugari antolatu zituzten, eta Otamendi horietako askotan izan zen.
La Maliciosan ez da dena amaitu, ordea. Lavapies auzoko jatetxe batean segi dute solasean Otamendik, antolatzaileek eta beste hainbat lagunek. Elkartasunak beste mahai baten bueltan jarraitu du. Topa, txalo, esker on eta hitzaldi artean murgildu dira Madrilgo gauean. Izan ere, Madril ez da soilik Auzitegi Nazionala.