Pili Kaltzada
Arthur Miller idazle eta kazetariak esan zuen egunkari bat bere buruari hitz egiten dion herri bat dela. Herri guztiek behar dute beren buruari errealitatea azalduko dion ahots propio bat, beren hizkuntzaz eta beren hizkuntza-komunitatearen kodeak aintzat hartuta mintzatuko zaiona. Hori gabe, normalizazioa deitzen dugun prozesu hori begitazio hutsa da, amarru edo ispilatze bat, munduaz zer dakizun eta zer iritzi duzun zure hizkuntzan azaltzerik ez baduzu, oinarri-oinarrizko zerbait falta baitzaizu. Hori gabe, Akelarre negargarri baterako osagarri anekdotiko hutsa besterik ez gara, non publikoaren libertimendurako bazka baino ez garen, ezjakintasunaren sutzarrean behin eta berriro erreko duten sorgina, publikoaren algararen artean.
Herri guztiek dute beren ahots propioa, edo antzeko zerbait, eta horretarako sortu zen Euskaldunon Egunkaria, egunero gure buruari hitz egiteko eskubidea izan genezan. Horregatik, hura ez zen «beste egunkari bat» soilik. Horregatik mina, horregatik amorrua, horregatik behin eta berriro altxatu behar hori, nekearen nekeaz alferrik dela uste izan arren. Apika, horretxegatik itxi zuten, bortxaz, duela hogei urte.
Hedabideen sistema mekano moduko bat da, pieza txiki bakoitzak bere lekuan egon behar du zerbait osoa dela esan ahal izateko, elkar eragiteko, elkar mugiarazteko. Pieza guztiak behar dira, giltzadurak eta lotailuak ondo olioztatuta mugimenduak marruskadurarik ez izateko. Erdi-guneko piezak, eraikuntzari eusten diotenak, eta baita ertzetakoak ere, zernahitarakoak, kolore eta neurri desberdinekoak, artez eta moldez anitzak. Euskarazko hedabideen sistema osatuz joan da urtez urte, ahalegin nekagaitzari esker, eta halaxe joan da zabalduz ere. Langintza amaigabea dirudi, oraindik osatu gabe dagoelako, oraindik pieza asko falta direlako puzzlea biribiltzeko.
Duela hogei urte abian jarritako gurutze-bideaz zehatzen hitz egin dezaketenak Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera bidegabearen ondorioak zuzen-zuzenean pairatu zituztenak dira, baina herri-ahotsa behar dela uste duen herria da bidegurutzean jarri zena, gure buruari hitz egiteko eskubidea dugula uste duen herria.
Duela hogei urte, otsailaren 20ko amesgaizto horretan, euskarazko prentsaren bizkarrezurra izan zen hamaika puskatan utzi zutena Euskaldunon Egunkaria-ren ateak zigilatu zituztenek eta baita hura «espero izatekoa zela» esan zutenek ere. Eta gero, zati horietako bakoitza eta guztiak birrindu egin zituzten Soto del Realeko espetxe atarian ahots dardartiaz hitz egin zuenari barre egin ziotenek (bai, barre), Joan Mari Torrealdairen burua makurrarazi nahi izan zutenek bezainbeste. Giro basatian, zauriak ez dira berez osatzen: norbaitek zaindu egin behar du hautsitakoa bere onera itzuliko bada noizbait. Giro basatian zauriak ez dira bakarrik zauri, baliaezintasun iraunkorra baizik. Zati horiek berreskuratu, kolpetik altxatu eta zulo hura nola edo hala berriro betetzen saiatu gara. Askoren laztanek eta zaintzak zertxobait goxatu badute ere, zauriak piku egiten jarraitzen du zornaturik dagoelako.
Dagoeneko esan ez denik ez da geratzen. Horregatik, den-dena esan eta gero oraindik injustiziaren mina ez delako arindu batere, horregatik, urtero otsailaren 20a iristearekin batera zerbait gehiago esan beharra dagoela uste izaten dugu. Berri edo originala ez bada ere, zerbait. Esaldi laburrez saiatzen gara orduko hura berriro paperera ekartzen, beste erremediorik ez dugulako: betirako gogoan geratu zitzaigulako, batetik, eta beste batzuek jakin behar dutelako ez dugula ahazten utziko, bestetik.