Martxelo Otamendi: «Denbora tarte batzuk kenduta, oso ondo pasatu dut lanean»

2023, ekainak 24

(‘Berria’. Beste elkarrizketa batzuk, behean) Hamar eta hogei. Edo 30. Hamar urtez izan zen Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendaria. Hogeitan izan da BERRIAkoa. Eta 30 urtez Euskal Herriko euskarazko egunkari nazional bakarrekoa. Pasioz bizi du kazetaritza, pasioz hitz egiten du urteetan bizibide izan duenari buruz. Baina Martxelo Otamendiri ere (Tolosa, Gipuzkoa, 1957) iritsi zaio erretiroa hartzeko garaia, eta hilaren 30ean izango du azken lan eguna, bai BERRIAko zuzendari gisa behintzat. Bezperetan, batera eta bestera dabil, gelditu gabe, baina izan du tartea etxekoentzat: BERRIAren egoitzan egindako elkarrizketa da, orain arte bulego izan duenaren aurrean. Egunkaria auziko atxiloaldiaz: «Guardia zibilak saiatzen dira zuk pentsa dezazun trapu zahar bat zarela».


Bi egun [astelehenean egin zen elkarrizketa] pasatu dira agur ekitalditik. Zer moduz zaude?

Ondo, ondo. Oso hunkigarria izan zen. Bi parte izan zituen: bat jendaurrekoa, Tabakaleran; bigarrena Donostiako Doka diskotekan, lankideek modu itxiagoan egindakoa. Oso eskertuta nago.

1993ko ekainean hasi zinen Euskaldunon Egunkaria-n zuzendari. 30 urteren ostean lagako duzu kargua. Nolakoa zen garai hartako Martxelo? Nolakoa da oraingoa? Zer eman dizu kazetaritzak?

Nolakoa naizen aurrekoarekin konparatuta? Nahiko nuke pertsona hobea izatea, eta, 30 urtean zuzendari izanda, kazetaritzaz ere ikasi izana; kazetaritza bera zer den: testu bat idaztea, aurreko lanketa bat, ondorengo lanketa bat… Eta antolaketa: nola antolatu talde bat, nola eduki inguruan talde sendo bat…

Noiz eta nola eskaini zizuten Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari izatea?

Telebistan lanean ari nintzela —1993ko martxoan izango zen—, deitu zidaten bazkari bat izateko Lasarteko hipodromoaren ondoko jatetxe batean Joan Mari Torrealdaik eta Iñaki Uriak.

Zalantzarik izan al zenuen?

Astebete edo hamar egun eskatu nien, eta bigarren egunean deitu nien baietz esateko. Ipurdia oso mugitua nuen: euskaltegian, telebistan, berriro euskaltegian, berriro telebistan… Esan nien bi urterako hartuko nuela; 30 urte, eta kostatu zaizue bidaltzea.

Egunkaria-k hamahiru urteko bizia izan zuen. Zer izatea lortu zuen?

Begi bistako gauza bat: euskarazko aurreneko egunkari nazionala aldi modernoan. Lehenbizi, lortu zuen jaiotzea, EAJren esku zeuden erakunde publikoen boikot ikaragarria gaindituz. Eta lortu zuen jende askoren ametsa egia bihurtzea. Euskadi Irratia bazegoen, baita ETB ere. Komunikazioaren mahaiari hanka bat falta zitzaion: euskarazko eguneroko bat. Eta ezin zen publikoa izan, egunkari publikorik ez zegoen gure inguru politiko zabalean. Sortu zen, lortu zuen egunkari bat izatea, eta, gero, pixkanaka-pixkanaka hobetzen joan zen.

Baina 2003ko otsailaren 20a iritsi zen. Egun hori aipatuta, zer datorkizu burura?

Nire partetik, inozentzia pixka bat. Bezperan, Azpeitian egon nintzen hitzaldia ematen. Antolatzaileek esan zidaten plazan bazebiltzala bizpahiru lagun lepoak altxatuta-eta. Autoa hartu nuenean, berehala jarri zitzaizkidan auto bat aurrean eta bestea atzean; Tolosako etxeko atariraino iritsi ziren nigandik urrundu gabe. Ez zitzaidan okurritu inori deitzea, ez beldurragatik, baizik eta ez zitzaidalako iruditzen ni atxilotzera etorriko zirenik. Ulertu nuen ari zirela esaten: «Zelatatuta zaude». Ez gehiago.

Etxeko atea jo zuten kolpe batean. Ireki nien, eta pistola bat jarri zidaten buruaren parean, metro erdira. Ikusi nuen gauza serioa zela. Epailearen autoak agintzen zuen Egunkaria ixtea, eta orduan pentsatu nuen jende askoren ametsa, langile askoren lanpostua eta eguneroko lana komuneko zulotik behera bota zutela. Bagenekien 1998an Egin itxi eta atxilotu zituztenean ez zituztela torturatu. Pentsatu nuen: «Gutxienez, ez naute ukituko, Egin-ekoak ez zituzten ukitu». Baina ez zen hala gertatu.

Egunkaria proiektu sendoa zen ordurako, ezta?

Ordurako bai. Jaio zenean ere bai, baina niri esan zidaten: «Jaio ginen, baina ez genekien aurreneko sei hilabeteetan iraungo genuen». Hirugarren urterako, ni sartu nintzenerako, martxa hartuta zegoen, sobran zekiten zer zen egunkari bat egitea.

Herriak erantzun zuen: manifestazio jendetsuak izan ziren, babes adierazpenak… Horrek nola lagundu zuen?

Babesa etengabea izan zen: sindikatuak, kazetaritza fakultateak, herritar taldeak, erakundeak, alderdi politikoak, euskalgintza, geldialdiak ere egin zituzten… Elkartasun uholde handi bat sortu zuen. Debekatuta neukan Espainiatik ateratzea; orduan, mundu guztiko kazetariak etorri ziren hona. Horrek arnasa ematen dizu, babesa, eta sentsazioa zenbat eta handiagoa izan babesa orduan eta zailagoa izango dutela kondenatzea. Baina sekula ez dakizu zer gertatuko den.

Kataluniatik aparteko babesa jaso zenuten, ezta?

Nik Martin Ugalderekin ikasi nuen Venezuela ez zela bigarren aberria, baizik eta beste aberria. Askotan esaten dugu hemendik inoiz ihes egin behar badugu korrika, Kataluniara joan behar dugula. Nire kasuan, hori izan zen nire beste babeslekua, ikaragarria izan zelako babesa. Han pasatu nituen egunak eta egunak. BERRIA sortzerakoan ere ez dakit zenbat akziodun egongo ziren…

Langileek ere egunean bertan erantzun zuten. Zuk noiz eta nola jakin zenuen Euskal Herria ez zela geratu euskarazko egunkaririk gabe eta Egunero sortu zutela?

Soto del Real kartzelatik atera, autobusean sartu, eta lankide batek erakutsi zidan Egunero. Horrek adierazten zuen gure jendearen kalitatea, gure jendearen pasta. Erabakimena eta sendotasuna izan zuten esateko: «Auzitegi Nazionalak ez du erabakiko euskarazko egunkari bat edukiko dugun edo ez». Prozesu horretan hartu nuen pozik ez dakit handiena, baina handienetako bat izan zen. Joan zitezkeen etxera negar egitera, baina gure jendeak hartu zuen arrisku bat hurrengo egunean atxilotua egoteko. Madril aldera abiatu ginenean ikusi nuen Martin Ugalde kultur parkean jende asko zegoela protestan, baina ez nuen pentsatu nire lankideei okurrituko zitzaienik Egunero-ra joatea eta hura era baketsuan hartzea. Guk ez geneukan B planik, ez genuelako sekula pentsatu hori gerta zitekeenik.

Lortu zenuten itxierari aurre egitea eta urte bereko ekainaren 21ean BERRIA argitaratzea. Berriz ere zu zuzendari. Pasatutakoak pasatuta, ez al zenuen zalantzarik egin?

Bada lankide bat esaten didana Gasteizko bilera batetik atera eta autoan esan omen nuela —esango nuen—: «Ni ez naiz izango egunkari berriko zuzendaria». Ez zidan asko iraun pentsamenduak. Eskaini zidaten, eta hartu nuen; niretzat ohore bat zen lantalde horrekin segitzea zuzendari lanetan.

Poliziak bigarren operazioa egin zuen urrian. Nola izan zenuen haren berri?

Bartzelonan nengoen gau hartan. Ez nuen lo egin hartuta neukan hotelean, lagun baten etxean baizik. Deika aritu ziren hotelera, baina hoteletik esaten zuten ez nengoela han. Halako batean, ikusi nituen ez dakit zenbat dei. Deitu nuen, eta gertatutakoa azaldu zidaten. Aireportura joan nintzen, eta hegaldia ahalik eta gehien aurreratu nuen.

Pentsatu zenuen zuek jasandakoa jasaten ariko zirela?

Ez zegoen arrazoirik ez pentsatzeko. Pentsatu nuen: «Torturatuko dituzte». Madrilera joan ginen, eta gogoratzen naiz Joanmari Larrarte atera zenean Auzitegi Nazionaletik gauza bat galdetu niola: «Zer egin dizute?». Eta: «Ezer ez, ez gaituzte ukitu». Denek erantzun zidaten gauza berbera. Segur aski bakarren batek erabakiko zuen nahiko eskandalu muntatu zutela gure torturekin.

Zazpi urteren ostean, absolbitu egin zintuzteten. Nola bizitzen da bat zazpi urtean espetxearen ezpata lepo gainean duela?

Ahaztu egiten zitzaidan epaiketa bat neukala: lanean nenbilen, batetik bestera… Banekien baneukala epaiketa bat zain, baina inoiz esaten zidan abokatuak: «Hasi behar dugu prestatzen epaiketa edo horrela ibili behar duzu beti ezer prestatu gabe?». Badaukat izaera bat aukera ematen didana nahi gabe abstraitzeko. Uste dut buruak daukan autodefentsa sistema bat dela. Eskaera serioa zen: bukaeran ETAko kide izatea leporatzen ziguten, zuzendaritza graduarekin. Hamalau urteko kartzela-zigor eskaerak ziren. Broma gutxi garai hartan.

Zer moduz epaiketa?

Ondo. Ez dut uste hau inoiz publikoki esan dudanik. Iritsi zitzaizkidan Madrilgo kazetari baten bidez epaile nagusiaren iruzkin batzuk gure epaiketari buruz adierazten zutenak ez zela gaizki joango. Ez nion inori esan, ez abokatuei, ez sumarioko kideei; ez baldin bazen betetzen, sustoa eta kolpea handiagoa izango zatekeen. Epaiketa aurrez esan zidaten bidetik joan zen: ondo, eroso, utzi ziguten tortura guztiak kontatzen… Egon zen egoera bat oso bitxia: Txema Auzmendi zen deklaratzen azkena, berarekin bukatu zen lehen eguneko saioa. Javier Gomez Bermudez epaimahaiko lehendakariak esan zuen: «Bukatu da gaurkoz saioa, eta bihar hasiko gara 10:00etan». Handik segundu gutxira, hiru epaileetako bat —Ramon Saez— altxatu zen toga jantzita zeukala. Txema bere aulkitik altxatzen ari zen, eta mundu guztiaren aurrean —prentsa, akusazioa, abokatua, fiskaltza, publiko artean zeuden guardia zibilak…— Txema besarkatu zuen. Esan nuen: «Akabo gure epaiketa». Epaile batek ezin du besarkatu epaitu bat bere deklarazioa bukatu eta segundo gutxira, ezin du: adiskidetasun bat da, inpartzialtasun galera bat… Ez zen ezer gertatu. Gauza hauek konta daitezke: epaiketaz geroztik egonda nago hiru epaileetatik birekin. Galdetu nion besarkadarena Ramon Saezi, Madrilen, bazkari batean. Eta esan zidan: «Martxelo, bi aukera neuzkan: mundu guztiaren aurrean negarrez hasi edo besarkatu, eta iruditzen zitzaidan besarkatzea zela disimulatuena». Imajinatu zenbaterainoko emozioa sortu zuen Txema Auzmendiren kontaketak.

Egindako minaren erreparazioaz, aitortzaz eta berriz ez errepikatzeko bermeez hitz egiten da. Izan al duzue horrelakorik?

Batere ez. Ez guk, ez langileek, ez euskarak, ez adierazpen askatasunak, ez Egunkaria-k, ez kartzelan urte eta erdi egon zen Iñaki Uriak, ez zortzi hilabete pasatutako Xabier Oleagak, ez Joan Mari Torrealdaik, ez Txema Auzmendik, ez Fermin Lazkanok, ez Inma Gomilak, ez Peio Zubiriak… Inork ez. Ez haiek, ezta orain daudenek ere. Lehengoan, Javier Gomez Bermudezek, epaimahaiburu izandakoak, Madrilen egindako mahai inguru batean barkamena eskatu zuen justiziaren izenean edo Auzitegi Nazionalaren izenean. Berak esan zuen: «Guk bagenekien, sinisten genuen hauek torturatu zituztela, baina ezin genuen hori jarri sententzian». Itxiera bultzatu zutenetatik inork ez digu ezer esan, eta, tonuaren arabera, hobe ez esatea.

BERRIAk zer du Egunkaria-tik eta zertan da desberdina?

Ezin genuen esan: «BERRIA Egunkaria-ren jarraipena da». Bestela, epaileak etor zitezkeen. Espiritu berbera dauka, anbizio berbera. Jarraipena da: euskarazko egunkari bat da, jende berberak eginda —aldaketak egon badira ere urteetan—. Egunkaria sortutakoan, argi zuten zertarako zen; Egunkaria itxitakoan Berria sortu zutenek bazekiten zertarako zen; eta orain hemen dauden kazetariek badakite zertarako dauden: euskarazko kalitatezko egunkari bat egiteko, jendeari gustatuko zaiona eta egunero emango diona arrazoi bat hurrengo egunean ere erosteko eta webgunean sartzeko edo publizitatea jartzeko edo bere jatetxeko jangela gure BERRIAlagunei irekitzeko… Denbora pasatu da, helduagoak gara, hobeak gara kazetaritzan, atzetik etorri diren belaunaldiak oso trebeak dira… Jendeak ia bost milioi euro eman zizkigun, eta bost milioirekin gauza asko egin daitezke, eta egin genituen.

Beti egin duzu apustu Egunkaria-ko eta BERRIAko kazetariak munduko gertakari garrantzitsuenetan egoteko. Zergatik?

Logikoa delako. Zuzendu nahi nuen mundu guztian barrena zebiltzan kazetariek egindako egunkari bat. Sartu nintzenean, galdetu nuen: «1992an Olinpiar Jokoak Bartzelonan izan dira. Zergatik ez gara joan?». Eta esan nuen: «Non dira hurrengo Olinpiar Jokoak?» Banekien Atlantan zirela, 1996an. Esan nuen: «Joan egingo gara». Eta joan ginen. Bidaia agentzia martxan jartzen hasi ginen, eta etengabe batetik bestera ibili dira kazetariak. Bi arrazoirengatik. Bat: jendeak ordaintzen du, eta ikusi behar du ez garela bakarrik komunitatearentzako egunkari bat, mundu guztiarentzako eta mundu guztian mugituko den egunkaria garela. Bi: kazetarientzat. Gure kazetariek atera behar dute. Non ikasten da? Eguneroko lanean eta kanpora irtenda.

Teknologikoki ere ez zarete inoiz atzean geratu. Adibidez, lehenengoak izan zineten epaiketa bat zuzenean kontatzen. Nola sortu zen ideia hori?

Kontsulta bat egin genuen Auzitegi Nazionalean. Erantzuna izan zen: «Javier Gomez Bermudezek baietz esan du». Aitziber Laskibar lankideak egin zuen. Anekdota txiki bat: Madrilen gehien saltzen den egunkari bateko kazetariak ikusi zuen Aitziber Laskibar etengabe ari zela kontatzen epaiketa, eta etorri zitzaidan hauek daukaten tonu horrekin: «Bueno, zer daukazue orain kazetari bat hor egunero bertatik idazten gelditu gabe?». Donostiarra zen, eta esan nion: «Hire zuzendariak jarriko hau hi ere». Handik urte batzuetara, Madrilen nenbilela, irratian entzun nuen [Baltasar] Garzonen aurkako epaiketaren saio bat zegoela egun horretan. Joan nintzen Gorenera, Garzon epaitua ikusi nahi nuelako. Aitziber Laskibarrengatik hitz egin zidan kazetari hura goitik behera ari zen pikatzen epaiketa, osorik. Esan nion, gazteleraz: «Esan nizun zure nagusiak honetan jarriko zintuela».

BERRIAren eta Egunkaria-ren ezaugarri izan da lerro editorial zabala. Nola zaindu duzue?

Kontsentsua eta gure arteko eztabaida asko. Hau ez da militarren kuartel bat, ez dago beti iritzi bakar bat, eta gure artean kontrastatzen ditugu. Oso erraz iritsi gara akordio batzuetara, eta ubide zabal horretan oso erraz kabitu gara. Irudipena daukat gure irakurle asko eta asko oso eroso daudela daukagun ubide zabalean.

30 urteotan, euskal gatazkak markatu du Euskal Herria. Nolakoa izan da urte horietan Egunkaria-ko eta BERRIAko zuzendaria izatea?

Zaila, zaila. Oro har, informatzaile moduan, oso garai gogorrak bizi izan ditugu. Tragedia asko gertatu dira, gatazka armatu bat egon delako, oso gordina eta oso gogorra: hildako asko eragin ditu, sufrimendu handia, torturak… Gure politika saileko kazetariak oso ukituta etortzen ziren prentsaurrekoetatik, atentatu lekuetatik… Beti zaude egun batean espero duzun albiste hori etorriko den esperantzarekin; zure esku dagoen guztia egiten duzu hori iritsi dadin.

Kazetaritza pasioz bizi duzula esan izan duzu. Aukerarik izan al duzu euskal prentsa ez den beste sektore batean aritzeko?

Ez, ez. Oso gustura nago hemen, gustatzen zait nire lana. Esaten badut lanean dibertitu naizela, bizitakoak bizi eta gero, jendeak pentsa dezake friboloa naizela, baina tarte horiek kenduta eta eguneroko lanean dauden gorabehera batzuk, oso ondo pasatu dut lanean. Jendeari brometan esaten diot: «Jubilatu egin naute».

Nola ikusten dituzu euskal komunikabideak?

Komunikabideak ez gaude jendea euskalduntzeko; beste batzuek egin behar dute lan hori, eta guk haiei gure egunkaria eskaini. Herri txiki bat gara, hiztunen ehuneko kezkagarri bat daukagu, baina kualitatiboki ikaragarri aurreratu dugu azken 50 urteotan. Ez dakit Egunkaria sortu zutenek pentsatuko zuten Olinpiar Jokoetan egongo ginela, eta Ameriketako Estatu Batuetako, Kolonbiako eta Venezuelako hauteskundeetan, Palestinan, Saharan… Arazoa da mantsoegi goazela kuantitatiboki, mantso eta, kasu batzuetan, ahul. Daukadan kezka da etorkizunean ez ote dugun edukiko elite euskaldun bat, intelektualki, ekonomikoki eta sozialki erdi mailatik gorakoa, eta working class deitzen den hori gazteleraduna edo frantsesduna bakarrik izango ote den.

Aldi hau kontatzeko. Hori da BERRIAren 20. urteurreneko leloa. Nola ikusten duzu aldi hau?

Oso aldi aproposa da. Oso helduta dago aspalditik BERRIAko jendea eta egitura osoa, denok oso garbi daukazue zertarako zaudeten. Aldaketak datoz urritik aurrera edukietan, formatuetan, antolaketan, paperean eta webgunean. Gure taldea erabakitzen ari da nolakoa izango den gure eskaintza informatiboa 2024an eta hurrengo urteetan, jakinda gauzak ikaragarri aldatzen ari direla.

Erretiroa hartuko duzu orain. Asmatuko al duzu zer egin?

Bai, tristea litzateke ez asmatzea. Badaukat konbentzimendua milaka eta milaka erretiratu daudela oso sasoi onean, militantzia luzea izan dutenak gure herriaren alde, geldirik daudenak. Kataluniako prozesua oso gertutik segitu dut, eta haren zutabe nagusietako bat erretiratuak ziren. Guk horixe bera egin behar dugu, gure herriaren aldeko gauzak egin behar ditugu. Ni erretiratzearen ondorioz eta ondoren herri honen egoera ez da aldatu; beraz, orain arte bezala segitu beharko dugu pedalei eragiten. Ekidin behar dut zuek tutelatzen aritzea, eta bakarrik hitz egin behar dut galdetzen didatenean edo zeozer egiteko eskatzen didatenean. Denbora beharko dut hori ikasteko; gero, gauzak egiten segituko dut, pedalei eragiten segitu; pedalei eragiteari uzten badiogu, bizikletatik erori egingo gara.

«Guardia zibilak saiatzen dira zuk pentsa dezazun trapu zahar bat zarela»

Euskaldunon Egunkaria itxi, eta hamar lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak. Bost eguneko inkomunikazio aldia zuten aurretik. «Animalia» horien eskuetan bizi izandakoa xeheki kontatu du Otamendik:

BOST EGUN LUZE

«Bost eguneko inkomunikazioa izan zen. Guardia zibilek iritsi eta berehala esan zidaten: ‘Hau bost eguneko bidaia da: aurreneko egunean, tratua gogorra da; bigarrenean, gogorragoa; hirugarrenean, gogorragoa… Baina bukaerarako denek kantatzen dute’. Aurkezpen eskutitza izan zen. Hiru egun zutik eduki ninduten; ziegan lau-bost ordutik behin esertzen uzten zidaten. Galdeketak biluzik ziren, erori arte ariketa fisikoa… Esaten nien: ‘Eskubidea dut ez deklaratzeko, herritar orok duelako. Gainera, kazetaria naizelako, eskubidea dut iturriei eta kontaktuei buruz ezer ez esateko’. Hori guztia mendiko txano bat horrela nuela [aurpegia estaltzeko keinua egin du]. Tematu egiten nintzen, eta zenbat eta gehiago tematu, tratua gogorragoa zen: irainak, ariketa gogorragoak… Hiru egun torturapean egon nintzen.

Etxea miatzen ari zirela sumatu zuten homosexuala izan nintekeela, topatu zutelako Iparraldeko jatetxeen eta kluben promozio paper bat. Ez dut uste inoiz kontatu dudanik. Operatiboko buruak esan zuen, gazteleraz: ‘A, ipurdiak gustatzen zaizkizu’. Baliatu zuten ni galdeketetan umiliatzeko. Biluzik jarri ninduten, sexu postura jakin batean 30 segundoz, eta esan zidaten: ‘Zure lagunekin egon gara, badakigu sexua egiteko garaian zein den gehien gustatzen zaizun postura, eta jar zaitez horrela’.

Beste batean, burdina bat jarri zidaten buruko ezkerreko parte hau ukitzen [lokia seinalatu du]; klik egin zuen, eta bi segundora pistola bat ukiarazi zidaten. Irainak, flexioak… etengabeak ziren.

Hiru egunean lo egin gabe ere egon nintzen. Asko jokatzen dute logurarekin.Ondorioztatzen duzu ez dizutela lo egiten uzten loa ebasioa, ihesbidea eta absentzia delako.

Azkena poltsa deitzen den tortura izan zen. Nire kasuan, plastiko bat zen zure bigarren azala bihurtzen zena. Oso-oso ondo itsasten da. Oihuka hasten zarenean, plastikoak berak ixten dizkizu sudurreko zuloak eta ahoa; itomen sentsazioa berehalakoa da. Bi aldiz egin zidaten, hirugarren egunean. Tortura handienak jasan nituen justu Donostian manifestazio handi hura egin zenean. Haiek saiatzen dira zuk sinetsi dezazun trapu zahar bat zarela».

GALDEKETA

«[Baltasar] Garzonekin egona nintzen deklaratzen ETAri egindako elkarrizketengatik, atxilotu gabe. Esan nion bere galderek urratu egiten zutela kazetari moduan ez erantzuteko neukan eskubidea. Bi aldiz deitu ninduen deklaratzera, eta bietan sinatu zuen auto bat esanez elkarrizketak interes publikokoak zirela. Eta idatzi zuen: ‘Elkarrizketa batean, delitua elkarrizketatuak bakarrik egiten du, sekula ez elkarrizketatzaileak’. Guardia zibilek bazekiten Garzoni ez niola informaziorik eman. Hasi ziren esaten, gazteleraz: ‘ Guri kontatuko diguzu marikoi horri kontatu ez diozuna’. Akusazio orokorra zen Egunkaria sortu zenean ETAren esku hartzea egon zela. Orduan ni ez nengoen Egunkaria-n. Beraz, ETAk hasieran eduki ez zuen —sekula ez zuelako eduki— baina eduki zezakeen esku hartze hori ez da nire garaikoa. Guardia zibilek ez zuten niri horretaz zer galdeturik. Galdeketen eta torturen %99 ETAri egindako elkarrizketen ingurukoak ziren. Ez dut sekula horien inguruan hitz egin. Horrenbeste urte pasatuta, esan dezaket ETAk hartzen zituela neurriak zuk ez jakiteko elkarrizketak non egiten ziren: auto baten sartu, bueltaka hasi… Halere, oso zaila da asko dakizula uste duten guardia zibilei sinetsaraztea ez dakizula ia ezer».

FORENTSEA

«Larunbat goiza izango zen. Forentsea aurrez aurre neukan. Ondoan, zutabe berde bat, metalezkoa. Esan nion: ‘Esaiozu epaileari hemendik ateratzeko, prest nagoela deklaratzeko; ez dut deliturik egin’. Zutabea seinalatuz esan nion: ‘Ez banau hemendik ateratzen bihar goizerako, burua hautsiko dut zure aurrean zutabe horren kontra’. Ziegara eraman ninduten. Handik oso gutxira, oso gogor etorri zitzaizkidan. Jarri ninduten ziegaren atean lurraren kontra, eta esan zidaten, gazteleraz: ‘Putakumea, berriro esaten badiozu forentseari zer egiten ari garen zurekin, bi tiro joko dizkizugu’. Hasten zara pentsatzen forentsea haiekin batera dagoela, batzuek animaliaren papera egiten dutela eta besteak, berriz, medikuarena. Zera diozu: ‘Alferrik da forentseari ezer esatea’».

DEKLARAZIO JUDIZIALA

«Auzitegi Nazionalera eraman ninduten. [Juan] Del Olmo zen epailea. Galdetu zidan: ‘Otamendi jauna, zer da ETA?’. Falta zitzaidan bakarra zen bost egun inkomunikatuta egon, Egunkaria itxi eta hiru egun torturatuta egon eta gero Auzitegi Nazionaleko epaile batek galdetzea niri zer da ETA? Esan nion: ‘Ez nauzu atxilotu, ez dituzu 150 langile kalean utzi, ez duzu euskarazko egunkari bat itxi eta ez nauzu eduki hauen eskuetan bost egunetan galdetzeko ETA zer den, ETAkoak egunero ikertzen, epaitzen eta kondenatzen dituen auzitegiak’. Oso oinarrizko galderak egin zizkidan Del Olmo epaileak. Ni torturatu ninduten ETAri egindako elkarrizketengatik, baina Del Olmo epaileak ezin zidan horri buruz ezer galdetu, ez zuelako Egunkaria itxi elkarrizketa horiengatik. Eta kontatu nion zer egin zidaten. Begiratzen zidan keinurik eta galderarik egin gabe, eta nire deklarazioan inongo kontraesanik bilatu gabe. Auzitegi Nazionaleko ziega batera eraman ninduten. Handik gutxira, epaileak nire kasuan erabaki zuen kartzela zigorra jartzea, baina 30.000 euroko bermearekin saihesteko aukerarekin».

BERMEA

«Familia hitz eginda zegoen banku batekin. Senideak presaka joan ziren Auzitegi Nazionaletik bankura. Hartu zuten dirua, eta taxian ziztu bizian joan ziren Auzitegi Nazionalera. Lortu zuten dirua ematea ordu muga baino bi minutu lehenago. Dirua makinatik pasatutakoan, ohartu ziren bilete bat faltsua zela, eta senide batek poltsikotik atera eta benetako billetea jarri zuen».

KONTAKIZUNA

«Eraman gintuzten Sotora [Soto del Real espetxea]. Han geunden Joan Mari [Torrealdai], Xabier Alegria, Txema [Auzmendi]… Epaileak esanda, bazekiten kartzelara joango zirela. Esan nien: ‘Esadazue zer egin dizueten. Salatuko dut’.Garbi nuen kontatuko nuela; besteen torturen berri eman zuen egunkari bateko zuzendaria izan nintzen. Atera nintzen, eta lankideak zeuden, senideak… eta ETB: zuzenean sartu nintzen. Gure salaketari sekulako oihartzuna eman zion».

ONDORIOAK

«Etorri nintzenean, gau batez anaia bati eskatu nion nirekin lo egiteko: bi anaiok egin genuen lo ohe berean. Gainera, inauteriak zetozen, eta galdeketetan esan zidaten: ‘Ez zara egongo inauterietan, epaileak kartzelara sartuko zaituelako, baina ez bazaitu sartzen, hantxe ibiliko gara’. Egunez bakarrik ibili nintzen, beti kuadrillakoek eta senideek inguratuta; edozein momentutan etor zitezkeen edozer gauza egitera.

Oso estatistika txarra daukagu: lehenengo kolpean, hamar atxilotu, sei torturatu, hiruk minbizia garatu genuen eta bi hilda daude —Joan Mari Torrealdai eta Inma Gomila—. Joan Mari Torrealdai hil zen salatuz bere minbizia zela Egunkaria-ren itxierako umiliazioen, tratu txarren eta torturen ondorioa».

Beste elkarrizketa batzuk

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>