Babes Taldearen adierazpena

2005, martxoak 18

Egunkariaren Alde Elkartearen Babes Taldea osatzen dugunon adierazpen hau hasteko, Bitoriano Gandiagaren poema bat datorkigu gogora: “Esperantzari leiho bat / zabaldu omen diote / bizi al ote den / ikusteko ere”. Ez da gauza handia bere horretan esperantza, baina horixe da une honetan geratzen zaigun bakarrenetakoa. Oraindik ere posible baita aldrebeskeria hau behingoz amaitzea, eta itxaropenari eusten diogu, beraz, ez dutela auzipetuekin jolastuko katuak saguarekin bezala, ez dituztela zokoratuko salaketa burugabeekin.

Ondo asko dakigu esperantza, letra handi eta larriz idatzita ere, hitz pobrea dela, ñaño samarra akaso; zerbaiterako balioko badu, kritikara eta ekintzara eraman behar gaitu, ez egonean egotera eta bertan goxo geratzera. Halaxe jokatu nahi dugu guk ere, gertaera hauen aurreko gure minak eta esperantzak protesta eginarazten digutelako, galderak egitera behartzen gaituztelako.

Zein da garai hauen ezaugarria? Ze egunetan, noizko denboran bizi dira Egunkaria kasuko auzipetuak eta Euskal Herriko beste salatu asko? Ez da erraza erantzuten; baina zalantzarik ez genuke erantzuteko, aurreko garaiari buruz galdetuko baligute. Partidu Popularrak Madrilgo gobernuan gehiengo osoz agintzen zuenean, arduradun politikoak gizarte zibilizatu batek berezkoa behar lukeen neurriaren zentzurik gabe aritu ziren; eguneroko jokabidea ez zen gizalegea eta forma demokratikoak zaintzea, ezpada zakarkeria, mehatxua eta gezurra. Botereak gehiegikeriaren atea zabaldu, eta saldoan etorri ziren haren eskumakila izan nahi luketenak, arotz txarraren moduan mailua altxa eta, iltzea ez ezik, ohol osoa jotzen zutenak. Euskal Herria da ohol hori, eta indarkeriarekin zerikusirik batere ez duten lagun eta gizarte-talde askok jasan behar izan du horren ondoriozko itsukeria.

2003 urte hasieran, giro txartu eta pozoitu horretan, edozein gehiegikeria zen posible. Eta, halako batean, ez egitekoa egin zuten: Egunkaria itxi zuten; epailearen aginduz, euskaldunok geure hizkuntzan geneukan eguneroko bakarra itxi eta bertako arduradunak atxilo hartu zituzten. Zabalak izan ziren protestak, guztiz jendetsuak manifestazioak, adierazpen eta artikulu ugari plazaratu ziren, agintarien bidegabekeria salatzen zutenak. Alferrik denak.

Dakizuen bezala, dagoeneko ez dago gure artean Martin Ugalde, idazle, kazetari eta euskaltzale handia, egun haietan zuzenean kaltetutakoen artean agian ezagunena. Bururatu ere ez zitzaigun egingo, horrelako gizon bat talde armatuarekin kolaboratzeaz akusatuko zutenik. Egia da, Martin hil eta gero, haren errugabetasuna aitortu zuela epaileak; baina, gaur arte, inongo agintarik ez du egindako akatsa aitortu, ez familiari barkamena eskatu.

Izen bakarra atera dugu zakutik, baina berdin balioko zigun beste edonorenak. Auzipetu guztien errugabetasunean sinesten baitugu. Beti ezagutu ditugu euskararen eta euskal kulturaren aldeko lanean, eta ez, inola, beste ezertan.

Hasierako galderak errepikatu behar, amaitzeko: zein da garai hauen ezaugarria? Aldatzen ari ote dira gauzak? Behin eta berriz entzun dugu Rodríguez Zapatero jauna aldaketa bat bultzatzeko prest dagoela. Hala balitz, ederra izango litzateke. Gure estimazioa izango luke, hasteko, eta baita, seguru asko, ondoko belaunaldiena ere, Egunkaria kasua eta honen antzekoak modu onean konpontzeak lagundu egingo baitu guztiontzako etorkizun hobe bat eraikitzen. Hala ere, zalantza handiak ditugu. Rodríguez Zapatero presidentearen Euskal Herriko kide gehienak isilik eta axolagabe ikusi ditugu, egunkari bat ixtea eta haren arduradunei halako tratua ematea txikikeria balitz bezala. Gizartearen zati zabal bat ere beste aldera begira sumatzen dugu, euskaldunok osaturiko gutxiengoaren arazo hutsa balitz bezala. Bestalde, arotz txarrek beren malobran segitzen dute, eta gure herriaren izena belzten duen pozoiketa ez da atertu. Aldaketarik ez beraz. Auzipetuak ez dituzte errugabetu. Egoerak txarra izaten jarraitzen du.

Horregatik eratu dugu Egunkariaren Alde Elkartearen Babes Taldea. Eta horregatik egin nahi dugu protesta. Protesta egitea beharrezkoa delako, eta esperantzari zirrikitua ez ezik leiho osoa zabaldu nahi diogulako.

Post-data: Egunkaria kasuaren sobreseitzea eta auzipetuen eskubide pertsonal eta material guztiak berritzultzea erreibindikatzen dugu.

Bilbo, 2005eko martxoak 18

Iruzkin 1 »

  1. ez dago onen eskubiderik. euskaldunon kontrako ekintza zuzena eta deskaratua izan arren, gauzak berdin jarraitzea ere………ASKATASUNA ORAIN!!!!

    Comment by gorka — 2009(UTC)k2009 urriaFri, 23 Oct 2009 10:56:31 +0000UTC10 23(am) @ 10:56

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>