‘Egunkaria’: merezi du gogoratzea

2009, otsailak 20

Iñaki Uria (‘Euskaldunon Egunkaria’-ko kontseilari ordezkaria)

Zer berri Egunkaria-ren itxieraren seigarren urteurrenean? Sumario Nagusia geldirik dago ahozko epaiketaren zain. Auzi Ekonomikoan, berriz, mugimenduak izan dira azken hilabeteotan, nahiz eta prozeduraren nulidadeari buruzko helegitea noiz erabaki zain gauden.

Zaharrak berri.

Duela urtebete aldarria jo genuen prozedura kontuak mugitu eta epaiketak bazetozela antzematen genuelako. Urtebete pasa da, itxieraren seigarren urteurrenera iritsi gara, eta auzi kontuak aipatu ditudan moduan daude.

Eta seigarren urtez Euskaldunon Egunkaria itxita.

Ez da berria, baina merezi du gogoratzea.

Armaz lepo, labezomorro erraldoiak bezala sartu zitzaizkigun etxean guardia zibilak eta betirako atera gintuzten lozorrotik. Martxelo, Pello, Txema, Joan Mari, Xabier… hamar lagun atxilotu gintuzten lehendabizi; tratu txarrak eman eta torturatu egin gintuzten ondoren. Bost egun eta bost gauez. Batzuk kalera eta beste batzuk kartzelara sartu gintuzten ondoren. Urriko bigarren operazioa etorri zen gero. Eta bi operazioen amaieran 20 lagunetik gora inputatu. Tartean, hamar urte lehenago hildako bat, Joxemi Zumalabe eta, ondoren hil zaizkigun Martin Ugalde bera eta sorreran parte hartu zuen Luis Goia.

Absurdua zirudien, baina egia zen: Egunkaria itxi egin zuten. Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Epaitegiko Juan del Olmo epaileak Euskaldunon Egunkaria ixtea agindu zuen. Prebentiboki. Badaezpada ere. Delitu gehiago egin ez zezan.

Eta bide batez berrogei urterainoko kartzela zigorraren mehatxupean jarri gintuzten 12 lagun, gure ondasun, askatasun eta bizi mugimenduak baldintzatuz eta auzibideen labirintoetan gure onenak alferrik galaraziz.

Ministroa eta epailea ehizara batera doazela haizatu den egunotan, merezi du gogoratzea Egunkaria-ren ehiza iragartzen zuen lehen prentsa oharra ere ministerioak (Barne ministerioak ordukoan) eta epaitegiak batera argitaratu zutela. Eta Espainiako komunikabideek ez ziotela inolako garrantzirik eman orduan demokrazia formal batek gorde beharko lukeen botereen bereizketaren urradura nabarmen hari. Orain, hura egin zuten berberak dira kexu direnak.

Merezi du gogoratzea euskaldunok azkar asmatu zutela amorru hura manifestazio erraldoi bihurtzen eta Donostiako kaleak betetzen. Egunkaria-ko langile finei esker lortu zela hurrengo egunean bertan, etenik gabe, Egunero izena hartu zuen behin-behineko egunkaria argitaratzea. Izugarri balio izan zuen egindako lanak. Bai manifestazioak, bai eta Egunero eta ondoren etorriko ziren BERRIA eta Hitza ezberdinen prestaketa lanak. Euskal Prentsak inoiz eman duen jauzirik handiena eman zuen orduan.

Ez da berria, baina merezi du gogoratzea.

Merezi du gogoratzea sei urteotan zenbat eta zenbat atxikimendu bildu ditugun ‘Epaiketarik ez!’ esanez eta Egunkaria kasuaren sobreseimendua eskatuz. Horien artean, europarlamentari taldea, Madrileko Kongresu eta Senatuko talde parlamentari guztietako (PP eta PSOE salbu) 64 parlamentari, Eusko Legebiltzarra osoko bilkuran, Eusko Jaurlaritza… Asko eta garrantzitsuak izan dira atxikimenduak. Adostasunetik nahiz desadostasunetik etorri, denak izan dira eta izango dira ongi etorriak.

Merezi du gogoratzea fiskala berak ere sobreseimendua eskatu zuela eta Dignidad y Justicia-ren akusazioaren oinarrian zein tesi kriminalizatzaile darabilten euskara eta euskal kulturaz dihardutenean.

Merezi du gogoratzea Egunkaria, bere txikian, nazioa zela. Nazioa genuela. Euskal Herria islatzen zuela munduan. Euskal herritar libre sentiarazten gintuela Euskal Herri libre batean. Itxierak argi eta garbi erakutsi zigun euskaldunoi ez ginela libre. AEK jo zutela aurretik, Egunkaria itxi zutela gero eta hurrengo jomugak markatuta zeuden arren, Egunkaria-ren itxieraren ondoko herritarron erantzunak gerarazi zuela neurri batean PPren estrategia erasokor hura.

Merezi du gogoratzea, inauteri eta hauteskunde garaiotan, 18/98ko auzipetuak zigortu zituztela, kartzelan daudela eta Udalbiltzakoak eta beste hainbat auzipetu ere gure antzera Espainiako Auzitegien zain daudela.

Merezi du gogoratzea, Egunkaria itxi zutenean bezala, bozkario osoz ehizatzen direla oraindik ere euskal herritarron bozka nahiz erabakitze eskubidea, adierazpen askatasuna nahiz informaziorako eskubidea.

Sei urte ondoren, ahaztu egiten zaigun arren, beharrezko da gogoratzea Egunkaria itxita dagoela, itxita jarraitzen duela, eta ez garela libre izango itxita mantentzen duten bitartean.

Merezi du gogoratzea hamabi auzipetuok ahaztea ere merezi dugula.

Iruzkin 1 »

  1. ESPAINIARREK HEGOAMERIKAKO HIZKUNTZAK ZAPALDU ZITUEN BEZALA ZAPALTZEN DU EUSKARA!!!!

    GOGORARAZI GURE ARTEAN DITUGUN ETORKIN HEGOAMERIKARREI !!!

    Comment by BILBOTIK — 2009(UTC)k2009 apirilaThu, 16 Apr 2009 10:38:30 +0000UTC4 16(am) @ 10:38

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>