Bertso munduak ere ‘Egunkaria libre!’ leloarekin bat egin du

2009, urriak 19

egunka1.jpg

Larunbatetik aurrera, lehenaz gain, bertsolarien eta bertsoaren inguruko hainbat jenderen atxikipena eta elkartasuna ere badute Egunkaria auziko auzipetuek. Egunkaria libre! leloarekin inprimaturiko pankartari eusten bertsolari ugari, makina bat esku. Eta haien atzean beste hainbat bertsolari, bertsozale eta beste hainbat herritar ere. Guztiak ere Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren harira egingo den epaiketa salatzeko eta auzipetuei euren elkartasuna adierazteko. Plaza bete dute, besteak beste, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Mikel Mendizabal, Beñat Gaztelumendi, Arkaitz Estiballes, Sebastian Lizaso, Igor Elortza, Jon Martin, Jexux Mari Irazu eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariek, Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak, Joxerra Gartzia idazle, irakasle eta bertso munduko pertsona ezagunak eta Joan Mari Irigoien idazleak.

Elkarretaratzearen erdi aldera kantuak hartu du Donostiako Bulebarra. Bretxako merkatu aldetik iritsita, Donostiako kantujira jendetsuak, txistularien laguntzaz, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera salatzeko polizia operazioaren bosgarren urteurrenerako Andoni Egañak habanera doinuan eginiko Zaku Berean kantua abestu baitute. Lan horretan, zenbait bertsolariren ahotsak ere lagun izan dituzte, eta kaleko jende ugari elkarretaratzearen inguruan bildu da, batzuk elkartasunez beste hainbat jakin-minez.

Bertaraturiko bertsolarien izenean, eta kantujiraren doinuen oihartzuna atzean, Andoni Egañak hartu du hitza, eta injustiziaz mintzatu da: «Injustizia ikaragarria iruditzen zaigu, sekula gertatu behar ez zuen injustizia». Auzia ikaragarri luzatzen ari dela eta, auzipetuei babesa eskaini eta guztia lehenbailehen eta «ongi» buka dadin desioa ere azaldu du Egañak.

Andoni Egañaz gain, bertaraturiko beste hainbat bertsolarik ere elkartasun eta salaketa hitzak izan dituzte ahoan. «Eskubiderik ez dagoenez, eta gure lagun hauek preso joateko arriskuan daudenez, etorri beharra sentitu dugu», adierazi du Iñaki Muruak. Antzera mintzatu da Maialen Lujanbio ere: «Gutxienekoa da elkartasuna adieraztea auzipetuta dauden lagunei eta gure salaketa egitea, azken bolada luze-luze honetan gero eta gehiago ikusten ari garen astakeriak ikusita».

Joxerra Gartzia idazle eta irakasleak, berriz, azpimarratu du aukera dagoenean elkartasuna adieraztea garrantzitsua dela eta hori agertu egin behar dela: «Gutxienez jakin dezatela tragatu behar bada tragatuko dugula, baina konturatzen garela». Gogoan izan ditu Sebastian Lizasok, Euskaldunon Egunkaria-n lanean ibili zeneko lankideak, eta «garai bateko lankide gisa eta bertsolari gisa» guztien babesa eta animoak eskaini nahi izan dizkie epaiketari aurre egin beharrean aurkitzen diren lankide ohiei. Duela sei urteko mobilizazio erraldoietatik harago, oraindik ere auzipetuei elkartasuna adierazi eta animoak emateko indarrik badela iritzi dio Beñat Gaztelumendik.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>