“Ba al zenekien Estatu Espainiarrean botere publikoek egunkariak itxi egiten dituztela? Hori da Egunkaria egunerokoaren kasua”. Egunkaria auzia-ren berri ematen duen informazioa banatu du Egunkaria-ren aldeko plataformak Madrilen. Atzo bertan sortu zuten babes talde hori, askatasunen murrizketa salatzeko eta auzipetuei elkartasuna adierazteko asmoz.
Plataformak dio euskarazko kazeta ixtearen eta honen zuzendaritzako kideen aurkako akusazioen kontra dagoela, “adierazpen askatasuna ukatu eta informazio aniztasunaren aurka eraso egiten delako”. Era berean, gogora ekarri du euskararen eta euskal kulturaren aurkako erasoa dela, euskaldunei berezko komunikabideak izatea ukatzen zaielako. Auzipetuek jasandako torturak “onartezinak” direla ere baderitzo.