Denbora pasatu ahala gero eta gehiago dira Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera salatzeko eta auzipetuei elkartasuna erakusteko egiten ari diren ekimenak, eta, hemendik aitzinera, are gehiago izanen dira. Gaur Eibarren, Sopelan eta Tolosan ekimenak egongo dira.
Zinemagileek, aktoreek, kirolariek, politikariek, bertsolariek, idazleek, argitaletxeek egin duten bezala, bihar musikarien, abeslarien eta diskoetxeen txanda izanen da. 12:00etan bilduko dira Donostiako Bulebarrean auzipetuei elkartasuna erakusteko. Deialdi irekia da, eta edozein joan daiteke deialdiarekin bat egiteko.
Larunbatean jai giroan eskatuko dute Egunkaria-ren askatasuna Donostiako Antigua auzoan. 12:00etatik aitzinera, bertako dantza taldeak, Igeldoko trikitilariak, Iker Alustiza bertsolariak kantu jirako bertako taldekideek bazterrak alaituko dituzte. Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendari ohiak, berriz, hitza hartuko du, auziaren nondik norakoa azaltzeko. Jaia Gaskuña plazan eginen da, eta, eguraldi txarra eginez gero, Antiguako pilotalekuan.
Sarean ere gero eta oihartzun handiagoa du Egunkaria-ren aldeko kanpainak, batez ere Facebook, Twenti eta halako sare sozialetan. Facebooken dagoeneko 850 dira Egunkaria Libre! atariarekin lagun egin direnak eta Twentin 480. Bietan animo asko jaso dituzte bost auzipetuek. Egunkaria auziari buruzko informazio zabala jaso daiteke www.egunkaria. info webgunean.
Informazioa jasotzeaz gain webguneak ekonomikoki laguntzeko aukera ematen du. Baina ez da diruz laguntzeko dagoen aukera bakarra. Egunkaria Libre! kanpainaren antolatzaileek izen bereko elastikoak salgai jarri dituzte, baita laguntza bonoak ere. Datozen egun hauetan antolatuko diren ekitaldi gehienetan horien erosteko aukera izanen da.
GAUR (azaroak 5)
Eibar. Joan Mari Torrealdai Egunkaria auzian auzipetuta dagoen Egunkaria SAko Administrazioa Kontseiluko lehendakariak hitzaldia eskainiko du Eibarko Arrate kultur etxean 19:00etatik aitzinera.
Sopela. Iñaki Uria Egunkaria auzian auziperatuta dagoen Egunkaria SAko kontseilari ordezkariak hitzaldia eskainiko du Sopelako Kurtzio kultur etxean 19:30ean.
Tolosa. Egunkaria-ren aldeko herri batzordea sortzeko bilera eginen da Tolosako kultur etxean, 20:00etan.
BIHAR
Donostia. Musikariek, abeslariek eta diskoetxeek Egunkari-ko auzipetuei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea eginen dute Egunkaria libre! lelopean Donostiako Bulebarren, 12:00etan.
Errenteria. Egunkariaren aldeko herri batzordea sortzeko bilera irekia egingo da Errenteriako Biteri kultur etxean. 19:30etik aitzinera.
LARUNBATA
Donostia. Euskaldunon Egunkaria-ren aldeko jaialdia eginen da Donostiako Antiguo auzoan 12:00etatik aitzinera. Bertso, dantza, kantu eta musikaren artean Martxelo Otamendi Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari ohiak hitza hartuko du bost auzipetuen izenean.