Legelariei inkesta: ‘Auziak ba al du oinarri juridikorik?’ Ezezkoa diote

2009, azaroak 14

Egunkaria auzia zentzugabea dela uste dute hainbat legelarik. Hori salatzeko eta auzipetuei beren babesa agertzeko elkarretaratzea egin zuten atzo zuzenbidearen munduan aritzen diren hainbat lagunek, Donostiako Bulebarrean. Atzoko elkarretaratzean izan ziren batzuei eta izan ez ziren beste batzuei galdera egin die Berria-k, auziaren arlo juridikoari buruz. Auziak oinarri juridikorik ez duela diote galderari erantzun dieten guztiek -denak abokatuak dira-.

XABIER GURRUTXAGA
«Auzi honetako inputazio eta akusazioetan ez dago fundamentuzko frogarik»

«Egunkaria auzia-n bi prozedura daude, eta haietako bat da sumario nagusia esaten diotena, hau da, terrorismoarekin lotutakoari buruz azterketa egin beharko dena. Nire ustez horko inputazio eta akusazioetan ez dago fundamentuzko frogarik. Alde horretatik, sumarioaren azterketa egiten denean, segur aski absoluzioko sententzia bat izango da nire ustez. Hala gertatzen baldin bada, prozedura edo sumario horrek daukan karga politiko ikaragarri hori asko hustuko da. Ondoren gelditzen dira beste delitu ekonomikoei buruzkoak. Auzi horiek, Auzitegi Nazionaletik atera beharko lirateke, eta Tolosara ekarri. Hori da legeak agintzen duen epaitegia gai horien azterketarako. Hori izango da hurbilena ikusiko dugun agertokia. Nire desioa, behintzat, hala da».

JULEN ARZUAGA
«Auzia juridikoki irakurtzen jakin behar da, baina herri gisa kalean erantzuten ere bai»

«Esperientzia txiki bat badaukat horrelako epaiketetan. Eta ez bakarrik juridikoa, baizik eta tokatu egin zaidalako horietan akusatu gisa egotea -Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako auzian epaitu ostean bere kontrako akusazioa erretiratu zuen Fiskaltzak-. Justiziarik ez dugu espero horrelako epaiketetatik. Juridikoki balorazio bat egitea askotan suertatzen zaigu antzua, unibertsitatean ikasi izan dugunak ez digulako gehiegi laguntzen Auzitegi Nazionalean aurrera eramaten diren epaiketak baloratzeko. Orduan, Egunkaria libre! elkarretaratze txiki honetara etorri naiz, beste legelari batzuekin batera, juridikoki hau kokatzen zailtasuna baldin badago ere, herri bezala erantzun bat ematea falta ez dadin. Bi esparru horiek konbinatu behar dira: batetik, juridikoki jakin behar da hau irakurtzen, eta bestetik, erantzuna kalean eta herri gisa egiten ikasi behar dugu, legelariok ere».

LUIS BARINAGARREMENTERIA
«Erantzuna juridikoa izan arren, egoera politikoarekin oso lotuta egongo da»

«Auzi honetan egin daitekeen laburpen nagusiena da, irakurketa juridikoak ez duela ezer laguntzen. Tamalez, erantzuna juridikoa izan arren, egoera politikoarekin oso lotuta egongo da. Juridikoki aztertzen hasten baldin bagara, hor egiten diren inputazio edo akusazioak «erakunde terrorista» batekin lotutakoak dira. Egunkaria auzia ezin daiteke askatu dauden beste hainbat prozesuetatik. Ez naiz ni izango denak «arazo terroristan» lotuko dituena, hori beraiek egiten dute, baina hein batean elkarrekin lotuta daude: 18/98, Orain SA, hainbat erakunde eta talde… Hori mazedonia handi bat izango litzateke, eta hor dago Egunkaria ere. Badakit oso defentsa ona izango dutela auzipetuek, baina, kezka oso handia daukat, erantzuna ez delako soilik juridikoa izango. Bestela balitz hasi ere ez litzateke egingo auzia. Tamalez beste osagai asko daude pisu gehiegi dutenak. Ikusiko dugu epaia noiz kaleratzen duten, baina zerikusia izango du dabilen haizeak».

JOSE MANUEL CASTELLS
«Auzitegi Nazionalak euskararekiko duen gaizkinahia dago oinarrian»

«Auzia eskandalosoa iruditzen zait, beste gauza batzuen artean Europako Kontseiluaren Hizkuntza Gutxituen Kartaren kontrako atentatua delako. Karta horrek exijitzen du hizkuntza gutxituren bat duen estatuak hizkuntza horretako egunkariak babestu behar dituela. Euskarazko egunkari bakarra ez babesteaz gain ezabatu egin zuen Espainiak. Hor sakonean ezkutatzen dena, Auzitegi Nazionalak euskararekiko duen nolabaiteko gaizkinahia da. Justua iruditzen zait auzipetuak defendatzea, eta justua denaren alde egin behar da, alboan daukazuna edozein izanda ere».

JOAQUIN OKIÑENA
«Madrilgo epaitegietan edozein txoriburu harroxkok eskatzen duena onartzen da»

«Fiskaltzaren iritziaren kontra egingo dute Egunkaria auziko epaiketa, eta niri, hori aldrebeskeria galanta iruditzen zait. Zoritxarrez, Madrilgo epaitegietan edozein txoriburu harroxkok eskatzen duena onartzen dute. Fiskalak ez baldin badu akusazioa mantentzen, ez nintzateke harrituko bost akusatuak libre aterata. Itxaropena badaukat. Bestela gertatzea ikaragarria izango litzateke. Juridikoki gertatu daiteke zigorra ematea ere. Baina, fiskalak izan bazuen okasioa akusazioa mantentzeko egingo zuen».

JUANJO ALVAREZ
«Inkognita da zuzenbide estatuak sortutako olatua nola geldi dezakeen»

«Batetik, badaezpadako neurri batzuetatik abiatzen da Egunkaria auzia, hau da itxieratik. Itxiera bera harrigarria da ikuspegi juridikotik. Ez zaie jaramonik egin lege exijentziei, eta ez da proportzionaltasuna errespetatu. Bigarrenik, hura justifikatzeko erabili zen modua justifikazio kolektibo bat izan zen, inputazioa globalki egin zen, erakunde armatuko kide izatearen indibidualizaziorik gabe. Administrazio kontseiluko kidea guztiak ETAko kide zirela esan zuten, bloke gisara. Hirugarren kontua, eskandalu bat da: orientzazio polizialak besterik ez diren hasierako hipotesiei bide periziala jarri zaie: orientzazio polizialei bide periziala. Horretan oinarrituta, fiskala ere ez zen gai izan akusazioa mantentzeko. Laugarren tokian, eta benetan haluzinatzailea dena da, fiskaltzari jaramonik ez egitea, eta gainera, delitu ekonomikoen inputazio bat mantentzea, Auzitegi Nazionalaren jurisdikzioaren pean. Argumentu horiek guztiak batuta, pentsatu nahi dut zigorrik ez dakarren epai batetik gertuago gaudela zigorra ekarriko duen batetik baino. Baina, ez dakit nola egingo duten. Jurista eta herritar gisa hori da nire inkognita: nola arrazoituko ote litzatekeen orain arte egin duten guztiak zigorra ez justifikatzea. Absoluzioa gertatu beharko litzateke, baina inkognita asko ditut, eta aurrena da, zuzenbide estatuak sortu duen olatu hau nola gelditu dezaken».

DIDIER ROUGET
«Adierazpen askatasunari egindako erasorik larrienetako bat da ‘Egunkaria auzia’»

«Argi dago adierazpen askatasunari egindako eraso larrienetariko bat dela Egunkaria auzia. Egoerari buruz publikoa eta irakurleak informatzea duen erakunde bat du helburu. Euskaraz zen gainera eta hori kontuan hartu behar da. Prozeduraren baitan ere sinestezina da epaileak bere egiten duela inongo epaiketarik gabe eta badaezpadako neurri gisa prentsa erakunde bat ixteko eskubidea. Hori hesten du guztiz arbitrarioa den era batean. Gainera, epaileek prozedura nahi bezain bat luzatzen ahal dute eta azkenean egunkaria erailda dago neurria handi batean. Akusazioari buruz, argi dago hari zuriz josita dagoela. Erran nahi dut, justiziaren aurkakoa dela guztiz. Ez dago elementurik. Aipatzen dituzten elementuak oso ahulak dira eta bortxatuak. Helburu bakarra prentsa independentea gelditzea zen, izan Egunkaria edo Egin».

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>