2003ko otsailaren 20eko gauean “hotz” egiten zuen. Xehetasun guztiak gogoan ditu Iñaki Uriak; miaketak, torturak… “Tsunami” hark zarauztarraren bizitza zeharo aldatu zuen. Gauzak “lehenbailehen” amaitzea besterik ez du nahi. (Elkarrizketa egin dio Noticias de Navarra egunkariak; kazeta berak …y las pruebas siguen sin aparecer artikulua ere egin du.
Beste lau lagunekin batera, aurki Auzitegi Nagusiko aulkian eseriko da Iñaki Uria. Hitz gordinekin gogoratzen du Egunkaria itxi zuteneko gau hartatik aitzina gertatutakoa. Torturak salatzeaz gain, urte eta erdi egon zen espetxean, Aranjuezen. Egunkaria SAko kontseilari ordezkaria zenak, egun Hamaika Telebista zuzentzen du. 14 urteko espetxe zigorra eskatu dute berarendako sumario nagusian; 26 urte eta 4 hilabete, eta 32.891 euroko isuna, berriz, auzi ekonomikoan.
Nola sentitzen zara?
Otsailean izango dira zazpi urte Egunkaria itxi zutela. Hainbeste denbora pasa eta gero, ea behingoz argitzen eta bukatzan den historia hau. Ea lehenbailen bukatzen den hau. Urte asko dira zama honekin.
Uztailean Auzitegi Nagusiak auzia ez artxibatzea erabaki zuen. Sorpresaz hartu zenuten berria?
Momentuan bai, artxibatzea espero baikenuen, fiskalak artxibo probisionala eskatu zuelako bistan. Gero, gainera, behin betiko artxibatzea eskatu zuen. Ikuspegi horretatik uste genuen bazeudela oraindik ere argudio gehiago auzia artxibatzeko. Alde horretatik, sorpresa izan zen epaiketak auerrera egitea.
AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek esandakoa egin zuten…
Bai, ikusi da bi elkarte horiek nahikoa indar izan dutela epaiketak aurrera egiteko. Guretzat, hori punturik kezkagarriena da. Denborak aurrera egin ahala, fiskalak behin-behineko artxiboa eskatzetik behin betiko artxibora pasatzerakoan, ematen zuen agian bazegoela aukeraren bat. Baina AVTk-eta erakutsi dute badutela pisua eta aurrera egin duela epaiketak.
14 eta 16 urte bitarteko espetexe zigorra eskatu dute elkarte horiek. Horretan ere aurrera eginen dutela uste duzu?
Guk argi daukatu, absoluzioa eskatuko dugu. Garbi daukagu egunkari bat egin genuela, euskaraz, eta horretan ez dugula beste deliturik egin. Hori da gure delitu bakarra, euskarazko egunkari bat egitea. Horren aurrean, ordea, akusazioa pertenentziarena da (ETAn). Guk horrelakorik ez dugu izan, eta gainera frogarik ez dago. Baina gero pentsatzen duzu, behin egunkari bat itxi eta gero, egindako atxiloketak egin eta gero, torturak egin eta gero, zigorrik ez da egonen? Kezka horretan bizi gara. Ikusi ditugu auzitegi berezi horretara zenbat kasu joan diren, eta nola bukatu diren. Horrek guztiak kezkatzen gaitu.
Torturak aipatu dituzu. Zure salaketa izan zen, hain zuzen ere, ibilbide luzeena izan zuena.
Une honetan denak daude artxibatuta. Bost lagunek salatu genuen, baina nirea Donostian tramitatu zen, epaileak zantzuak ikusi zituelako eta sinesgarritasuna eman ziotelako egindako deklarazioari. Baina, ondoren errekurtsoa ipini zuten salaketa Madrilera eramateko, eta lortu zuten eramatea, baina bertara ailegatu bezain pronto, artxibatu egin zuten (2008an gertatu zen).
Nola gogoratzen duzu ‘Egunkaria’ itxi zuten eguna?
Imaginatu dezakezu. Gaueko ordubatean ohera sartu eta lokartu berritan, etxera sartu ziren dinbi-danba, asalto moduan, armak zeuzkatela. Eromen bat zen. Oraindik ez nekien amesgaizto bat zen ala ez. Bat-batean konturatzen zara zure etxean sartu direla, dena nahasten, miatzen hasi direla. Handikan egunkarira ereman ninduten, eta miaketak jarraitu zuen. Gau osoa hala pasa genuen. Gero, Madrilera eraman, eta bost egun eta bost gaueko tunel ilun luzea hasi zen: biluztu egin nindutem, ariketa fisikoak egitera behartu…. Ondorio fisikoak izan nituen. Ezkerreko behatz potoloa ezin nuen mugiarazi. Gaur egun, oraindik ere, ondorio batzuk igartzen ditut.
Eta urte eta erdiko kartzelaldia…
Lehen sekula imajinatuko ez zenuen hura, barrutik ezagutzea tokatu zitzaidan. Urte eta erdi da zure bizitzan, baina, beste alde batetik, dena puskatzen da une horretan. Egunkaria itxi egin dute eta horrekin batera zu eraman zaituzte. Erabat aldatzen dizu horrek bizitza, tsunami bat izango balitz bezala.
Gizartearen babes handia izan zenuten ‘Egunkaria’ itxi zutenean. Kalera milaka lagun atera ziren protesta egitera. Oraindik ere berotasun hori sentitzen duzue?
Sentitzen dugu, bai. Gertatu zenean, itxieran, horrelako jauzi potolo bat ematean, babesa espontaneoa izan zen. Baina orain gertatzen ari dena diferentea da. Oraindik ez dugu eperik epaiketarako, eta orain hasi gara beroketa ariketak egiten, astero-astero zerbait egiten saiatuz (elkarretaratzeak…). Data jakin orduko gizartearen berotasuna berriro izango dugula uste dut. Jendeak hurbiletik sentitu zuen gertatutakoa, eta hori igarri egin da, eta igarriko da.