Azpeitiko Udalak (Gipuzkoa) antolatuta, Egunkaria-ren aldeko ardo dastaketa jendetsua egin zuten larunbatean, herriko plazan. Aurreikusi baino jende gehiago izan zen, baso guztiak bukatu zirelako.
Guztira 28 upategik hartu zuten parte, eta Nafarroako, Arabar Errioxako eta Errioxako 38 ardo desberdin dastatzeko aukera izan zen. Edaria ateratzen Egunkaria libre! kamisetak jantzita aritu ziren herritarrak eta udal ordezkariak. Ardo postuez gain, janari postuak ere jarri zituzten.
Larunbatean Azpeitiko plazan izan zirenen artean zen Txema Auzmendi auzipetua, eta “jendearen babesa” beharko dela adierazi zien herritarrei.
Egunkaria auzia babesteko bonoak eta elastikoak saltzen aritu ziren kazetako azpeitiar langile ohiak, eta eskerrak eman zizkioten Udalari, baita Sanjuandegiko Auzo Elkarteari ere: “Izan ere, aurten zalantzan egon da Ardo Dastaketa Eguna antolatuko zen, eta auzo elkartekoak hasi ziren mugitzen antolatzeko, eta hasieratik prest azaldu ziren ekitaldia Egunkaria-ren alde egiteko”.
Ostiralean Azpeitiko Gaztetxeak Egunkaria-ren aldeko mus txapelketa antolatu zuen, eta 60 lagun ari ziren jokoan.