Txiki geldituko da, baina entzun, entzungo da Egunkaria libre! aldarrikapena. Hots kaxa bihurtuko da Donostiako Kursaala larunbatean. Bertan parte hartuko duten musikariek jarriko dute doinua, eta ikus-entzuleek hitza. Hamabi abesti ezagun, edonork noizbait abestu dituen horietakoak. Hamabi abesti, helburu argi batekin: Egunkaria-ren aurkako auzia salatu eta auzipetuei elkartasuna adieraztea.
Musikari batzuek prest dituzte jada ekitaldian abestuko dituzten abestiak, beste batzuk horretan ari dira. Luzea da musikarien zerrenda; luzeago izan zitekeen, baina agenda kontuengatik ezin izango dute bertan parte hartu hainbat musikarik. Kursaala ere lepo beteko da. Sarrerak amaitu egin dira jada. Elkartasunak txiki utzi du auditoriuma. Antolatzaileak oso gustura azaldu dira, eta han izango direnei zein izaterik ez dutenei eskerrak eman dizkiete.
19:00etan hasiko da saioa. Nekane Peñagarikano eta Arantxa Iturbe kazetariek gidatuko dute, eta ordu eta hiru laurden iraungo du. Zazpi minutuko bideo baten ondoren, banan-banan, honako musikari eta talde hauek igoko dira oholtzara: Txomin Artola eta Amaia Zubiria, Ken Zazpi, Anari, Pantxoa eta Peio, Rafa Rueda, Anje Duhalde eta Niko Etxart, Gorka Urbizu, Alex Sardui, Urko, Mikel Urdangarin eta Josu Zabala, eta Jean Mixel Bedaxagar eta Erramun Martikorena. Ekitaldiaren amaiera aldera auzipetuak igoko dira oholtzara Egunkaria itxi zutenetik jasotako babesa eskertzeko.
Elkartasuna, beharrezkoa
Kontzertuan parte hartuko duten hiru musikarirekin izan da Berria: Amaia Zubiria, Rafa Rueda eta Gorka Urbizurekin. Zerbait berezia eskainiko dutela diote hirurek. Bertan parte hartzera bultzatzen dituen indarra ikus-entzuleei helarazi nahi dietela diote.
Gonbita jaso bezain pronto erabaki zuen Zubiriak zein kantu eta zeinekin abestu nahi zuen. Txomin Artolarekin igoko da oholtzara, aspaldiko lagunarekin, «goxo eta gustura» abestu ohi duten kantu bat ematera: Brodatzen ari nintzen. Eta pozarren igoko da oholtzara Zubiria, «pozik egoteko arrazoi gutxi badago ere». «Politikarekin nazkatuta, lehertuta gaude denok. Gure nortasuna eta adierazpen askatasuna aldarrikatzeko bilduko gara», dio abeslariak.
Rafa Ruedak ere «lanbrotuta» ikusten du giroa. Horregatik, beharrezkoak ikusten ditu elkartasun ekitaldiak. Ruedaren arabera, Egunkaria-ko auzipetuen kasuan «kaltea eginda dago eta bidegabekeriak ez dauka konponbiderik». Prozesuak eragin duen eta eragingo duen odoluste ekonomikoari aurre egiteko abian diren ekimenetan parte hartzeko deia egin die Ruedak herritarrei.
Urbizuk ere deia egin du, «eginiko gehiegikeria» ez ahanzteko eta elkartasunaren bidez erantzuteko. «Badirudi ohituta gaudela halako egoeratara. Ezin gara geldirik egon. Beharrezkoa da guztion elkartasuna».