Egunkaria-ko auzipetuentzako elkartasun mezuak ugaritzen ari dira azken egunetan, eta azkena Argentinatik iritsi da; Buenos Airesko Eusko Kultur Etxeak eta Euskaltzaleak antolatutako ekitalditik, hain zuzen ere. Hitzaldia eman zuen astelehenean Mikel Sorozabal auzi ekonomikoko auzipetuaren aitak -Joseba Sorozabalek; argazkian, hizketan mahaian, Buenos Airesen-.
Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera eta aste gutxi barru hasiko den epaiketa «giza eskubideen aurkako beste erasoak» direla esan zuten han bildutakoek. «Pertsona guztientzat giza eskubide guztiak bermatu» arte lanean jarraitzeko borondatea agertu dute.