Iñigo Terradillos – Imanol Garcia (Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza).
Abenduaren 15ean hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako epaiketa Madrilen. Martxelo Otamendirekin (Tolosa, 1957) batera, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga dira auzipetuak. Tolosarrarentzat 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eskatzen dute. Gaur hitzaldia emango du Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean, 20:00etatik aurrera, auziaren nondik norakoen berri emateko herritarrei.
Zer sentsaziorekin zoazte Madrilera?
Larrituta, oso akusazio larriak ditugulako; pentsa, 12 eta 14 urte arteko kartzela zigorrak. Auzitegi Nazionaleko auzi politikoetan sartzen gara errugabe garela esanez, eta bukatzen duzu kartzelan, hori da azken urteetan gertatu dena. Auzi politikoa deitzen diogu erakunde armatuarekin loturarik ez daukanari, nolabait bultzada politikoa izan zutenak. Orain arte epaitu dira Haika-Jarrai, 18/98 eta Gestorak, eta zoritxarrez hiru kasuetan sententziak badaude. Eta atzetik, orain gu gatoz, gero dator Udalbiltza, eta etorriko direnak. Etakide izatea eta ETAko zuzendaritzako kide izatea leporatzen digute, beraz, eskaerak gogorrak dira, eta iraganari begiratzen badiogu larritzeko arrazoiak baditugu.
Auziaren inguruko zer irakurketa egiten duzue?
Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren testuinguru batean eman zen. 2003an gertatu zen, eta garai hartan harreman politikoa oso txarra zen Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritzaren artean. Zabaltzen ari zen telebista eta irrati tertulietan zerbait gogorra egin beharra zegoenaren sentsazioa, eta aldi berean, Ertzaintzak ez zuela ETA eta kale borroka jazartzen zabaltzen ari zen, eta Espainiako armadako kideak jarri beharko litzaiozkiokeela arduradun bezala eta ez EAJren agindupean zeudenak, horiek ez zutelako ETA behar bezala jarraitzen. Halaber, egoera jakin batzuetan posible dela autonomia desaktibatzea eta boterea berriro Madrilera pasatzea ere esaten zen. Hizkuntz politikaren inguruko jarrera ikastetxeetan edota finantza erakunde eta kooperatiba batzuen inguruan ETA finantzatzen zutela ari ziren esaten, esaterako. Beraz, faktore hauek erakusten zuten nolabait, Espainian zerbait egin beharra zegoela iragartzen ari zirela. Orduan, Guardia Zibilak Espainiako Gobernuarekin erabaki zuten susto handi bat ematea.
Egunkari bat ixtea.
Inork espero ez zuena izan zen, guk ere ez baikenuen espero. Herritarrei susto handi bat ematea zen euren xedea, horretarako inork espero ez duen giza talde edo funtzio bat erabiliz. Baina itxiera ez zen gure kontra bakarrik. Euskararen eta euskarazko prentsaren aurka izateaz gain, ohartarazi nahi zieten euskal herritarrei edozer gauza egiteko gai zirela. Egunkari bat ixteak, gainera, adierazpen askatasunari eginiko kaltea ere esan nahi du. Zenbait juristek ere esana dute egunkari bat ixtea ez dela konstituzionala, lehendabizi dekretatu behar delako etxeratze-agindu bat.
Nola izan zen atxiloketaren eguna?
Egun horretan Azpeitian hitzaldi bat eman nuen, eta Tolosara bueltan netorrela, atzetik eta aurretik auto kamuflatuak jarri zitzaizkidan. Nire etxeko aparkalekuraino jarraitu ninduten. Modu nabarmenean egin zuten, baina ez nuen gure kontrako maila horretako ekintzarik egingo zutenik pentsatu ere egiten, beraz, ez nuen uste atxilo hartuko nindutenik. Horregatik, ez nion inorri deitu segika ari zitzaizkidala esateko, ez nuelako gertatzear zenaren inolako susmorik. Beraz, normal jarraitu nuen, afaldu eta ohean sartu nintzen.
Eta orduan hasi zen dena.
Lo nengoen, eta kolpatu zuten etxeko atea. Pistola bururantz apuntatu eta ea inor etxean zegoen galdetu zidaten. Nik ezetz esan, sartu ziren eta eskuburdinak jarri zizkidaten. 01:30etik 06:00ak arte edo etxea miatzen eduki ninduten. Etxe guztia hankaz gora jarri zuten. Ikurrina bat, presoen banderola, Bernardo Atxagaren Bi anai liburua, Baleak eta euskaldunak izeneko liburua, Tolosako Babarrun elkarteko kide egin ninduteneko ikurra, Cesid-i buruzko Pilar Urbanoren liburu bat edota Ayrton Senna pilotoaren autografo bat eraman zituzten, besteak beste. Handik nire bulegora joan ginen, eta beste 5-6 orduko miaketa egin zuten. Ez zuten ezer aurkitu, noski. Guztia bueltatu zidaten, Ayrton Sennaren autografoa izan ezik.
Miaketen ostean etorriko zen gogorrena, ezta?
Bost egun egon nintzen inkomunikatuta. Nire kasuan, lehenengo hiru egunetan torturatu ninduten, eta laugarrenean eta bosgarrenean bakean utzi ninduten. Beste kideen kasuan, bost egunetan torturatu zituzten, eta hori gerora jakin genuen. Ni inkomunikaturik nengoen, beraz, ez nekien nor gehiago zegoen atxilotuta. Irainez gain, hiru egun zutik eduki ninduten, pareta baten kontra argia piztuta. Bost orduro edo 20 bat minutu ohe batean egoten uzten zidaten. Ariketa fisiko ugari eginarazi zidaten, bai jantzita, bai eta biluzik ere. Halako batean burni bat atzeman nuen arpegian. «Klik» egin zuen, eta handik segundo batera pistola bat jarri zidaten eskuan. Eta plastikoa ere jarri zidaten buruan birritan.
Galdeketak nola joan ziren?
Hiru elkarrizketa egin ditut nik ETArekin Egunkaria-rentzat, 1999an, 2000an eta 2001ean, eta egin zizkidaten torturak ETArekin eginiko elkarrizketa horien inguruko informazioa lortzea zuten helburu. Lehenago deitu ninduten deklaratzera fiskalak proposatuta, ETAri apologia egitea egotzita. Orduan, Garzonek galderak egin zizkidan ETAri buruzko elkarrizketen gainean, eta nik beti sekretu preofesionala argudiatu nuen ez erantzuteko; izan ere, legearen arabera, kazetariek eskubidea dute iturriaren berri ez emateko. Bi aldiz pasatu nintzen epailearen aurretik, eta bietan epaia izan zen elkarrizketak interes publikokoak eta zuzenak direla eta delitua soilik elkarrizketatuaren gainean dagoela. Beraz, bietan nire aldekoak izan ziren epaiak. Dena den, horrek gutxirako balio izan zuen Guardia Zibilaren aurrean, eta elkarrizketei buruzko informazioa lortu nahi zuten. Beraz, gero, Del Olmori, hau da, Egunkaria-ren itxiera eraman zuen epaileari ez zioten informazio hori pasa, gure atxiloketekin ez baitzuen zerikusia informazio horrek. Hori beraientzat nahi zuten. Gainerako kideei, berriz, Egunkaria-ren inguruan eta bere sorreraz egin zizkieten galdeketak, baina, esan bezala, nire galdeketaren %95 elkarrizketa haien inguruan izan zen.
Epailearen aurretik pasa ondoren, bermepean kalean utzi zintuen.
Epailearen aurrera eraman nindutenean inkomunikaturik nengoen, beraz, ez nuen konfidantzazko abokaturik. ETA zer den galdetu zidan, eta egin zizkidan beste galderengatik benetan zer galdetu ez zekienaren itxura hartu nion. Nik nire aldetik torturak jasan nituela ere kontatu nion. Eta gero aske utzi ninduen 30.000 euroko bermepean. Epaileak nire kartzelako irteera ahalik eta gehien komunikabideen aurrean saihestu nahi izan zuen nire tortura salaketengatik, besteak beste, baina, ez zuen erabat lortu.
Bitartean, honi guztiari herriak erantzuna eman zion Donostiako kaleetan.
Inork ez zuen espero horrelako zerbait. Donostiako manifestazioaren erantzuna horrela uler daiteke, jendeak pentsatu baitzuen Egunkaria jo badute edozer gauza jo dezaketela, izan ere, ordura arte pasa gabe zeukaten marra bat pasa zuten. Ezker abertzalekoak ziren erakundeen aurka jo zuten ordura arte, beraz, ekintza honekin marra hori gainditu zuten, eta horregatik jendeak pentsatu zuen hori egiteko gai badira beste edozerren aurka ere egin dezaketela. Horregatik erantzun handi hura ez zen soilik izan Egunkaria-ren aldeko jarreragatik, Madrili emandako erantzuna ere izan zen, nolabait «honaino» esanez.
Ia zazpi urte igaro dira ordutik. Fiskaltzak auzia artxibatzea eskatu zuen, baina azkenean egin egingo da epaiketa herri akusazioarengatik.
Bai. Guk itxaropena bagenuen kasuaren irakurketa zabalagoa egingo ote zuten, baina ez. Fiskala gure alde genuen, baina Alderdi Popularraren eta Guardia Zibilaren beso judiziala direnen herri akusazioarengatik ekingo diote epaiketari. Honen guztiaren atzean Guardia Zibila dago, eta epaiketa honetan euren papera funtsezkoa izan da.
Auziaren hasiera gerturatzearekin batera, gaia gizarteratzeari ekin zenioten.
Jendearen laguntza eta babesa etengabe jasotzen dugu, eta hori oso ona eta beharrezkoa da. Guretzat oso garrantzitsua da herriari azken bultzada bat eskatzea, hau irabaziko badugu, jendearen bultzadarekin izango baita. Ezin dugu bakarrik irabazi. Pasa den larunbatean, esaterako, Kursaaleko jaialdia oso arrakastatsua izan zen. Abenduaren 19an Bilbon deitu ditugu herritarrak manifestaziora. Jendetza biltzea da gure asmoa eta nahia, eta zabaldu dadila mezu hori: «Utzi Egunkaria bakean!». Horretaz gain, eskualdeetako hiriburuetan Egunkaria-ren aldeko egunak antolatuko dira. Herriz herri ere ari gara hitzaldiak-eta egiten, gaur Zizurkilen izango dena bezala, jendeak berriro ere buruan izan dezan gaia, eta egun gauzak nola dauden jakin dezaten. Bonoak ere jarri ditugu, herritarrek diruz lagundu dezan . Hori epaiketaren gastuei aurre egiteko da, gastuak oso handiak baitira. Modu asko daude elkartasuna adierazteko, eta guztiei eskerrak eman behar dizkiegu, guretzat oso garrantzitsua baita egin eta egingo dutena. Tolosar naizen heinean, bereziki, eskualdeko guztiei eskerrak eman nahi dizkiet emandako laguntzarengatik.