Imanol Murua Uria, Sustatu.com
Hogeitik gora enpresei buruzko ikerketak emaitzarik eman ez zuenean, Euskaldunon Egunkaria-n jarri zuten arreta Guardia Zibileko ikerlariek. Zer heldulekurekin? 1990etik 1993ra bitarteko agiri zahar eta ezagun batzuei hautsa kendu, eta Juan del Olmo epaileari aurkeztu zizkioten.
ETAko lau kideri ustez atzemandako agiriak dira, denak anonimoak, Guardia Zibilaren arabera ETAko eta KASeko kideek idatzitakoak. Egunkaria-ri buruzko hainbat aipamen egiten dituzte agiri horietan (zuzendariaren izendatzeaz, diru bilketaz, diru-laguntzen eskaeraz eta abar), beste hainbat gairi buruz bezala. Agiri guztietan, kanpotik egiten dira Egunkaria-ri buruzko aipamenak, informazioa eta interesa duenaren ikuspegitik, inoiz ez erabakimena duenaren ikuspegitik. Egunkaria-ko inori ez diote leporatzen agiri horiek idaztea, edo bidaltzea, edo jasotzea, ezta agiri horien jakinaren gainean egotea ere.
Agiri horietako batzuk lehendik ezagunak ziren iritzi publikoarentzat, 1990eko hamarkadan filtrazio batzuen ondorioz hedabide batzuek argitaratu zituztelako; eztabaida iturri ere izan ziren, baita Eusko Legebiltzarrean ere. Eta agiri guzti-guztiak aspalditik ondo ezagutzen zituzten Auzitegi Nazionalean ere. Gerora jakin denez, aurrena Baltasar Garzon epailearen eskuetan egon ziren agiri horiek, eta inor inputatzeko oinarririk ez zegoela erabaki zuen.
Baina Del Olmori beste garai batean iritsi zitzaizkion, nonbait, paper haiek bulegoko mahaira. Eta paper horiekin batera, Guardia Zibilaren eskaera: Egunkaria ixteko agindua eman zezala, horrela jatorrizko ikerketatik bilatzen ari zirena aurkituko zutelakoan; ETArekiko loturaren frogak, alegia. Frogak bilatu ahal izateko itxi zuten, beraz, eta ez frogak zituztelako.
Agiri haiek atzeman zizkieten lau presoak lekuko bezala deklaratuko dute epaiketan, laurak ere defentsako abokatuek proposatuta: Jose Luis Alvarez Santacristina, Carmen Gisasola, Txomin Aizpurua eta Jose Maria Dorronsoro.
Biharko galdera: Zer dio fiskalak akusazioaren agiriei buruz?
13 egun falta dira.