Imanol Murua Uria, Sustatu.com
Miguel Angel Carballo Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalaren ustez, Egunkaria ixtea agintzeko Del Olmo epaileak oinarritzat hartu zituen agiriak ez dira ezeren froga. 2006ko abenduaren 14an plazaratu zuen idatziko pasarteak dira ondokoak, bere garaian Berria-n euskaratu bezala:
«ETAko kideei atzemandako agiri hauek KAS-ETA harremana egiazta lezakete, baina ez ETA-Egunkaria edo KAS-Egunkaria harremana».
«ETAk Egunkaria-ren proiektuan interesa zuela ondoriozta liteke agiri horietan, euskara hutsez idatzitako egunkaria zenez, eta akaso, kontrolpean eduki nahi zuelako; prozeduran egiaztatu nahi dena da auzipetuak interes horren alde aktiboki parte hartu zutela, eta beraz, jarduera horren arduradun zirela erakunde terroristaren tresna moduan. Fiskalak, baina, ondorioztatzen du ez dagoela hori egiaztatzeko eginbide sumarialik, eta aipatutako agiriek behintzat ez dutela hori egiaztatzen; gainera auzipetuei ez zaie atzeman ETAk egunkarian parte hartu zuela erreferentzia egiten dion inolako agiririk».
«Argi eta garbi hautagai berria (Martxelo Otamendi) ez da ETArengandik sortzen, baizik eta ustez komunikatu egiten zaio (ETAri). Horri ETAk erantzun zion -beti ere Guardia Zibilaren interpretazioaren arabera- esanez: Aukera hori ez zaigu oso txarra iruditzen, gehiegi ezagutzen ez dugun arren. Alegia, zuzendariaren izendapena edo izendapenaren kontrola ezin zaio ETAri leporatu, ezagutu ere egiten ez zutela dirudienean».
«Hau da, ETAk ez du inposatzen, egunkariko inork ez auzipetuetako inork ETAri baimenik ez dio eskatzen, eta ETAk ez du inor izendatzen, edo agiri horiek behintzat ez dute hori egiaztatzen».
«Agiri hauen azterketak nabarmen uzten du Guardia Zibilak egindako interpretazioak sendotasunik ez duela, eta auzipetuaren aldeko interpretazio arrazoizkoagorik badela, izan ere, argi eta garbi ondorioztatzen baitira egunkariko arduradunek errezeloak zituztela ustez ETArengandik zetozen proposamenen gainean».
Biharko galdera: Nolatan bereizi zituzten sumario nagusia eta ekonomikoa?
12 egun falta dira epaiketarako.