Hemeretzi urte bete eta hogeigarrenari ekingo lioke Euskaldunon Egunkaria-k gaurko egunez… 2003ko otsailaren 20an Espainiako Auzitegi Nazionalak itxi izan ez balu. 1990eko abenduaren 6an kaleratu zuen lehen alea. Bide luze eta neketsua egin behar izan zen euskara hutsezko kazeta sortzeko. Bide nekeza bai, baina ilusioz eta gogoz betea ere bai.
Euskalgintzatik sortutako ekimena izan zen Euskaldunon Egunkaria. 1989ko azaroaren 1ean euskarazko egunkari bat abian jartzeko lehen bilera egin zuten Donostiako Joxemiel Barandiaran lizeoan, Euskal Kulturaren Batzarreak (EKB) deituta. Bilera hartan erabaki zen euskarazko egunkariaren aldeko giroa sortzea, sinadura bilketa bat abian jartzea, eta asmo berria euskalgintzako sektore zabalagoetara eramatea. Hilabeteko epean egunkariaren ezaugarri nagusiak zehaztuta zeuden. 1989ko abenduan izan zen hori, Durangoko azokaren testuinguruan. 11 oinarriak definitu zituzten orduan, eta handik urtebetera jaio zen Egunkaria: euskaltzalea, nazionala, zabala, baterakoia, independentea alderdi politikoetatik, independentea erdal komunikabideetatik, ez-instituzionala, baina bai diruz lagundua, profesionala, militantea eta berria.
«Jende erauntsia»
Denbora gutxira sortu zen euskal kazetaren proiektua sustatu zuen Egunkaria Sortzen lan taldea. Talde horretako kide izan zen Iñaki Uria. Euskalgintzako eta kulturgintzako erakundeek ez ezik, alderdi politiko, erakunde sindikal, sozial eta herrikoiekin ere bilera ugari egin zituztela gogoratzen du. Herriz herri batzordeak eratu zirela, eta milaka lagun aritu zirela Egunkaria-ren egitasmoa ezagutarazten. «Jendea asko inplikatu zen proiektuan». Herri ekimenaren garrantzia azpimarratu du Uriak: «Herrietan kazeta erraldoiak egin ziren, jendeak notiziak idazten zituen, eta publizitatea lortzen zuten. Jaiak ere egiten ziren Egunkaria-ren bueltan».
Giza kapitalaren gainean eraiki zen Egunkaria. Argia aldizkarian lan egiten zuen orduan Lorea Agirrek, eta aldizkarian beharrean zeuden beste kazetari batzuekin hasi zen jaiotzear zegoen egunkarirako kazetari lanak egiten. Hilabeteak igaro zituzten Egunkaria-k aurrerago kaleratuko zituen zero zenbakiak prestatzen. Euskal kazetaren egitasmoaren inguruan «jende erauntsia» sortu zela dio Agirrek. Euskal kulturaren eremuan zebilen orok parte hartu zuen proiektuan: «Gogoa eta gosea zegoen euskarazko egunkari bat sortzeko, eta horrek ematen zion bermea egitasmoari».
Diru bilketak eta akzio salmentak izan ziren Egunkaria-ren finantzabideak. Guztira 90.000 lagun inguru inplikatu zen egitasmoan, eta 50 bat milioi pezeta (300.000 euro) lortu ziren. Baina, erakundeen babesik gabe aurrera egin behar izan zuen egitasmoak. Areago, Jaurlaritzaren boikotarekin ere aurrera egin behar izan zuen. «Saiatu egin ziren Egunkaria boikotatzen. Baina gurea aurrera atera zen historiak arrazoi ematen digulako, edo historiak arrazoi eman diezagun lan egin genuelako», dio Agirrek.
1990eko abenduaren 6an kaleratu zen Egunkaria-ren lehen alea. Sortzea zaila izan bazen ere, irautea zen ordutik aurrerako kezka nagusia. Diru laguntzarik gabe bide laburra izan zezakeela jakinda, «xumea» baina «denboran irauteko moduko» kazetaren aldeko apustua egin zutela dio Uriak. Heldutasunerako bidean itxi zuten, ordea, 13 urtera.