Lorea Agirre (kazetaria) (Oroiminak, Berria)
Pasatu dira sei urte, eta xehetasun asko atzendu egin zaizkigu. Nork deitu ninduen ni 2003ko otsailaren 20ko goizalde hartan? Ez, zu ez zinen izan. Niri besteak deitu zidan, eta ‘esna zaude?’ galdetu, eta ‘zutik?’ gehitu, eta ‘bada, eseri zaitez’ ohartarazi. Ez, ez bestea ez zen izan seguru, eta gainera zuk ez zenuen elkarrizketa hori izan, hori beste hari gertatu zitzaiona da. Inork ez du gogoratzen argi nola gertatu ziren gauzak, inork ez daki ongi zer den norberarena. Nola josi zen telefono deien sare hura, ze bide egin zuen albisteak, ze forma hartu zuen hitz larrien mapa hark. Denok jaso genuen mezua: Egunkaria-n sartu da Guardia Zibila. Hainbestetan gogoratu eta berreraiki dugu lehenengo egun luze haren kronika, hainbeste aldiz hitz egin dugu horretaz, aurpegi, leku, ordu eta hitz asko lausotu egin zaizkigu. Agian garrantzi gutxikoak ziren. Txikikeriak, xehetasunak baino ez. Beste aurpegi batzuk iltzatuta geratu zaizkigu betirako. Irudi batzuek oraindik begiak bustitzen dizkigute. Memoria beti da kapritxosoa, nahi duena gogoratzen du, nahi duena ahaztu, nahi duena nahastu. Nahaztu.
Gaur hemeretzi urte dira Egunkaria-k argia ikusi zuela. Bai paradoxa, askoz gertaera zaharragoa, baina orduko xehetasunak denok ditugu gogoan. Lehen alea kioskoan nola erosi genuen; Jaurlaritzak egin asmo omen zuen egunkari egitasmo haren lau orritxo haiek Durangoko Azokan doan banatuz, nola estali nahi izan zen Egunkaria-ren sorreraren albistea; Durangoko azokatik kronika egiteko norekin egon zinen, non bazkaldu zenuen, nola kronika atzeratzen ari zen. Den-dena, gaur balitz bezala. Baina ez da gaur. Gaur ez da Egunkaria-rik.
Egunkaria itxi eta urte eta erdira atera zen kartzelatik Iñaki Uria. Eta azken urte eta erdian lehen aldiz arnasari buelta eman ahal izan genion; baretu egin zitzaigun ordu arteko arnas eten estuna. Medikuak estres fisiko eta mentala diagnostikatuko zizun joan bazina. Eta orduan sentitu genuen Egunkaria ixtearekin eta lankideen atxiloketa eta torturekin sartu gintuzten bidegabekeriaren espiralaren barnean zirkulu bat, zirkulutxo bat bederen, itxi zela. Lehengoratu zela zerbait. Normaltasun apur bat, mesedez. Etxean daude, behintzat. Horrek zerbait esan nahiko balu bezala. Tristea, horrekin poztea. Baina nork ez du makulurik behar, nork ez du aurrerapausoak existitzen direla sinesteko beharrik.
Zirkulua ez da itxi. «Libre aterako dira, ezin du bidegabekeriak gehiago aurrera egin», esan dit adiskide batek. Fiskalak ere deliturik ikusi ez duen epaiketa batek ezin duela inor barrura sartu. «Hori inozokeria», bota diot. Beste lagun batek argi du bat baino gehiago barrura doala, ziur. Eta nik ezetz, fiskalak ere deliturik ikusi ez duen epaiketa batek ezin duela inor kondenatu.
Orain sei urte biak galdu genituen: inozentzia eta ziurtasuna. Dena da posible, nahiz ezin litekeen. Nahiz posible izan dadin ezin utz diezaiokegun. Hau dena gertatu ez balitz mundua beste bat litzateke.