Bi operazioetan atxilotutakoen artetik zenbat epaituko dituzte? (8)

2009, abenduak 8

Imanol Murua Uria, Sustatu.com

Bi operazioetan guztira hemeretzi lagun atxilotu zituzten, eta inputatu gisa deklaratzera beste bost lagun ere deitu zituzten gero Auzitegi Nazionalera. Inputatutako 24 lagunetatik, azkenean hamar lagun epaituko dituzte, bi epaiketatan, haietako hiru bi aldiz.

Lehenengo polizi operazioan atxilotutako hamar lagunetatik bost epaituko dituzte abenduaren 15ean hasiko den epaiketan: Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga. Hauetako hiru, Torrealdai, Auzmendi eta Uria, berriro epaituko dituzte auzi ekonomikoan, beste bost kiderekin batera: bigarren sarekadan atxilotutako bederatzi lagunetatik bi, Joxe Mari Sors eta Mikel Sorozabal, eta gerora deklaratzera deitutako hiru, Ainhoa Albisu, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarena.

Beraz, Guardia Zibilak bi operazioetan atxilotu eta inkomunikatutako hemeratzi lagunetik hamabi ez dituzte epaituko: Pello Zubiria, Xabier Alegria, Inma Gomila, Fermin Lazkano eta Luis Goia, lehenengo operazioan atxilotu zituztenen artean; eta Mikel Arrizabalaga, Juan Mari Larrarte, Eneko Etxeberria, Mikel Azkune, Amando Hernandez, Xabier Legarda eta Angel Ramon Diez, bigarren operazioan preso hartutakoen artean.

Xabier Alegriak eta Pello Zubiriak sei urte egin dituzte auzipetuta, baina 2009ko uztailean Auzitegi Nazionalak epaiketa egin egingo zuela erabaki zuenean, Alegriaren eta Zubiriaren aurkako auziak artxibatzea erabaki zuen. Alegria, delitu beragatik lehendik epaitua dagoelako eta bi aldiz ezin dutelako epaitu —18/98 auzian ETAko kide izateagatik epaitua, zigortua eta espetxeratua dago— eta Zubiriaren kontrako akusazioa iraungita dagoelako —1992ko martxoan utzi zion zuzendari izateari, eta Egunkaria-ren aurkako auzia zabaldu zutenerako 10 urte baino gehiago joan ziren—.

Inma Gomila, Fermin Lazkano eta Luis Goia ez zituzten auzipetu ere egin: 2004ko azaroan Del Olmok sumario nagusiko auzipetze autoa plazaratu zuenean, Gomila, Lazkano eta Goia auzipetzeko “kriminalitate zantzu nahikorik” ez zuela adierazi zuen. Luis Goia 2006ko irailean hil zen.

Bigarren operazioan atxilotu baina epaituko ez dituen zazpi lagunak ere ez zituen auzipetu, ezta gerora deklaratzera deituko beste hiru ere: Txumai Iturria, Agus Barandiaran eta Alberto Ortigosa.

Biharko galdera: Zer bilakaera izan du fiskaltzaren jarrerak?

7 egun falta dira epaiketarako.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>