Azpeitiko (Gipuzkoa) Baigera aretoa dena bete zen atzo iluntzean Txema Auzmendi Egunkaria-ko auzipetuaren hitzaldia entzuteko. Datorren asteartean hasiko da epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta horretaz eta 2003ko operazioaz mintzatu zen. Auzia “injustizia handia” dela salatu zuen.
Hamalau urteko kartzela zigorra eskatu dute haren aurka, baita hamabost urteko inhabilitazioa ere. 1990etik 2003ko otsailaren 20ra arte -Guardia Zibilak kazeta itxi arte-, Egunkaria SAko Administrazio Kontseiluko idazkari izan zen.
Hona hemen Auzmendiren atzoko hitzaldiko esan batzuk:
– “Ez naiz damutzen Egunkaria-n egindako lanaz”.
– “Atxilotuta nengoenean, Del Olmo epaileak galdetu zidan ea Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluan idazkari aritzeagatik zenbat kobratzen nuen. ‘Ezer ez’, erantzun nion. ‘Gehienez ere bazkariren bat’ -hasiera garaietan Donostian bazkaltzen genuen, Zapateria etxeko jatetxean-. Kontua da Del Olmok ez dakiela zer den militantzia, gaztelerak ez duelako behar halakorik”.
– “Egunkaria-ren kontra egindakoan, hasieran Guardia Zibilaren eta auzitegiaren argudioak diru kontuak izan ziren. Gero ez zutenez horretaz ezer aurkitu, ETArekin lotzen hasi ziren Egunkaria”.
– “Guk badakigu ez dugula deliturik egin”.
– “Zuena, herritarrona, izugarrizko babesa da, baina epaiketarako bertarako ez da bermea. 2003ko operazio handi hura egin eta gero, bost auzipetuon artetik batek batek edo batzuk ordainduko duten beldur gara”.
– “Injustizia handia da hau guztia, eta ezin da salatu gabe utzi”.
– “Nik Del Olmo epaileaz ezin dut ondo hitz egin. Ziegetan gure egoera zein zen ikusi besterik ez zegoen”.
– “Ni neu ez ninduen torturatu, tratu txar fisikorik ez nuen jaso. Besteak bai, torturatu egin zituzten. Jendea torturatzeko leku ‘egokiak’ dira ziegak”.
– “Diginidad y Justicia eta AVT dira gure kasuan zigor eskaerak egin dituzten bakarrak. Politika baten zerbitzura daude haiek. Mendekua bilatzen dute. Jende liberatua daukate horretarako, eta Espainiako Estatutik dirua lortzen dute, laguntzak”.
Hitzaldiaren ondoren, hilaren 19ko Bilboko manifestazioara joateko dei egin zuten Auzmendik berak eta hitzaldian bildutako lagunek.