Imanol Murua Uria, Sustatu.com
“Tanto el periódico Egunkaria como todas las empresas que formaron parte del mismo fueron creados por ETA a principios de los años 90 y se incluyó dentro de la denominada Comisión de Proyectos Udaletxe, que ETA creó para la financiación de la banda y su entramado”.
Dignidad y Justicia elkartearen akusazio idatziaren pasartea da.
Zortzi urteko ikerketa huts eginaren ondoren fiskalak atzera egin du, halakorik baieztatzeko oinarririk ez dagoela aitortu du, baina Dignidad y Justicia eta AVT elkarteek hasierako akusazioari eutsi diote, hasierako oinarri berberekin: 1990 eta 1993 artean ETAko hainbat kideri atzemandako agiriak, eta Egunkaria-ren helburuei buruzko Guardia Zibilaren teoria bitxiak: funtsean, ETAren proiektuarentzat euskararen zabalkundea funtsezkoa dela eta, hain zuzen ere, Egunkaria euskararen hedapenerako tresna garrantzitsua dela. Azken batean, Guardia Zibilaren eta Del Olmoren tesien defendatzaile bakarrak bihurtu dira Dignidad y Justicia eta AVT.
Azken batean, Egunkaria ETAk sortu zuela baieztatzen dute akusazioek, ETAren zerbitzuko tresna zela, ETAren finantza sareko enpresa zela, Egunkaria-ko arduradunak ETAren konfiantzakoak zirela, zuzendariak zuzenean ETAk izendatu zituela eta, beraz, sumario nagusiko bost auzipetuak ETAko kide direla. 14na urteko kartzela zigorra eskatu du horregatik bost auzipetuentzat Dignidad y Justiciak; AVTk zigor berbera eskatu du Uria, Torrealdai, Auzmendi eta Otamendirentzat, eta 12koa Olegarentzat.
Biharko galdera: Zer argudiatu dute abokatuek defentsa idatzian?
4 egun falta dira epaiketarako.