Anjel Lertxundi (Berria)
Negu batez Madrilen. Herenegun hemendik hara abiatu zirenean, ez da kasualitatea, Martin Ugalderen izena daraman kultur parketik abiatu ziren. Bost ziren abiatu zirenak. Izan zitezkeen sei. Eta zazpi.
Izan zitezkeen gehiago. Kontua zen -eta segitzen du izaten- bidegabekeria gizentzea; baldarkeriari baldarkeria eranstea; kaligrafiaren itxurak egin nahia trazu lodiko brotxa zarpailenak erabiliz; demokrazia bortizki iraintzea demokraziaren izena ahoan gaizto hartuta.
Negu batez Madrilen. Hotz da hemen ere. Baina eskua eskuaren kontra egiten ari bagara, ez da hotzagatik. Entzun bitez txaloak, txaloak dira entzuten direnak. Senti bezate beroa, beroa da eman nahi dieguna. «Itzuliko gara; itzuliko garela, e!», bota zuen Joan Mari Torrealdaik. Hori esaten ari zen unean ateratako argazkian, bere lagun min baten errotulua zeukan buru gainean: «Martin Ugalde kultur parkea».
Bertan nahi ditugu.