Egunkaria-ren aurkako prozesua salatu zuen Azpeitiko Udalak atzo, arratsean egindako udalbatzarrean, euskarazko kazetako azpeitiar langile ohien mozioa aho batez onartuta. EAJk, hautetsi independentistek, EAk eta Aralarrek egin dute mozioaren alde.
“Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Guardia Zibilak 2003ko otsailaren 20an euskarazko egunkaria itxita, adierazpen askatasuna eta informazio eskubidea urratzeagatik, euskararen aurkako erasoa egiteagatik eta Euskal Herriaren kontrako operazio politikoa burutzeagatik” gaitzetsi du Udalak auzia.
Auzitegi Nazionalari auzipetu guztiak baldintzarik gabe libre uzteko eskatu dio, eta haiek itxiera garaian jasandako “atxiloketak, inkomunikazioak, tratu txarrak, torturak, kartzelatzeak eta sakabanaketak” salatu ditu, aldi berean.
Atzokoarekin, beraz, konpromiso mailan beste pauso bat eman du Udalak. Izan ere, azaroaren 21ean IV. Ardo Dastaketa Egunkaria-ren alde antolatu zuen, abenduaren 15eko elkarretaratzea deitu zuen eta pankartan egon ziren Julian Eizmendi alkatea eta udal taldeak, eta abenduaren 19ko Bilboko manifestaziorako ere dei egin zuen eta hiru autobusen bidaiak ordaindu zituen.
Udalak onartu duen mozioa
“Azpeitiko Udalak Egunkaria auzia-ri buruzko honako mozioa onartu du udalbatzarrean:
Udal honek:
– Egunkaria-ren aurkako prozesua salatzea: Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Guardia Zibilak 2003ko otsailaren 20an euskarazko egunkaria itxita, adierazpen askatasuna eta informazio eskubidea urratzeagatik, euskararen aurkako erasoa egiteagatik eta Euskal Herriaren kontrako operazio politikoa burutzeagatik.
– Egunkaria-ren aurkako epaiketan euskarazko kazetaren kontrako epairik ez emateko exijitzea Auzitegi Nazionalari, auzipetu guztiak baldintzarik gabe libre uzteko, eta Egunkaria-ri eta auzipetu denei kalteordainak ordaintzeko exijitzea.
– Elkartasuna eta babesa adieraztea auzian hasieratik inputatutako guztiei, eta haiek jasan behar izan dutena salatzea (atxiloketak, inkomunikazioak, tratu txarrak, torturak, kartzelatzeak, sakabanaketak…).
– Egunkaria-ko azpeitiar langile, laguntzaile, babesle, iragarle eta irakurle izandakoei elkartasuna adieraztea.
– Egunkaria-ren alde egiteko konpromisoa hartzea.
– Azpeitiar guztiei dei egitea ekimenetan parte hartzeko eta inplikatzeko”.