Nestor Basterretxea, Xabier Egaña, Koldobika Jauregi, Jesus Mari Lazkano, Xabier Morras edo Jose Luis Zumeta. Egunkaria Epaiketa Ekimen Taldeak sustatuta, sei euskal artista horien artelanak eskuragai izango dituzte Egunkaria-ren aurkako epaiketak sortuko dituen gastuei aurre egiteko -500.000 euro inguru-, taldeak espreski sorturiko kontu korronteetan diru laguntza ematen duten herritarrek. Ikusi artelan denak hemen
Hala, 200 euro edo gehiagoko laguntza ematen dutenek Xabier Egañaren artelan grafikoa jaso ahal izango dute. 300 eurotik gorako kopurua ematen dutenek, berriz, Koldobika Jauregiren, Jesus Mari Lazkanoren, Xabier Morrasen edo Jose Luis Zumetaren artelana izango dute eskuragai. 1.500 eurotik gorako diru laguntza ematen dutenek Nestor Basterretxearen lau artelan grafikoz osatutako karpeta eskuratu ahal izango dute. Ehun kopiako edizio mugatua da lehen bost artistena. Nestor Basterretxearena, berriz, 75 kopiako edizioa. Lan guztiak zenbakituta eta artistek eurek sinatuta daude, gainera.
Helburua, bat eta bakarra da: epaiketaren gastuei aurre egin ahal izateko dirua biltzea. Hala, artelanak ematea «sari bat bezala» dela adierazi du Nekane Oiarbidek, Egunkaria Epaiketa Ekimen Taldeko kideak. «Guri egin diguten oparia oparitzen dugu, baldin eta zuk diru laguntza ematen baduzu».
Artelanak eman dituzten nahiz eman ez dituzten artisten jarrera ona eta baikorra ere azpimarragarria dela deritzo Oiarbidek. Haren arabera, artista batek baino gehiagok deitu die «ni ere prest nago» esateko. Egitura falta dela medio, batzuetara mugatu behar izan dute, ordea. Edonola ere, guztien jarrera eskertu nahi izan du Oiarbidek.
Sari gisara ulertuta ere, diru laguntza guztiak beharrezkoak eta ongi hartuak dira, Oiarbideren arabera: «10, 20 eta 40 euroko laguntza asko ari gara jasotzen, eta guretzat oso garrantzitsuak ari dira izaten, diru laguntza hori ematen duenak benetako gogoa eta interesa duela erakusten baitu». Are gehiago, 2.000 eta 3.000 euroko laguntza ematen ari denik ere bada, Oiarbideren esanetan, «eta askok ez dute artelanik nahi».
Laguntza emateko
Egunkaria Epaiketa Ekimen Taldeari diru laguntza eman nahi dionak hiru kontu korronte ditu aukeran, Euskadiko Kutxan, Kutxan eta BBVAn. Emandako laguntzaren trukean artelana jaso nahi duenak, berriz, diru sarreraren ordainagiria gorde eta taldearen telefono zenbakira -688 654 930- deitu besterik ez du, laguntzaren berri eman eta artelana eskatzeko.
Bederatzi artelanak ikusteko interesa duten herritarrek horretarako aukera ere badute. Hala, bi lekutan ikus daitezke artelanak: Donostiako Uhain Zentroan -San Martin kalea, 50-, 18:30etik 20:30era bitarte, jaiegunetan salbu, eta Bilboko Kafe Antzokian, noiznahi.
2009. urteko azaroaren 16an aurkeztu zuten euskal gizarteko hainbat lagunek sorturiko Egunkaria Epaiketa Ekimen Taldea, epaiketaren gastuei aurre egiteko dirua biltzeko asmoz. Txaro Arteaga, Jose Mari Arrate, Jose Manuel Castells, Pedro Miguel Etxenike, Juan Ramon Gebara, Angeles Iztueta, Ramon Labaien, Juanjo Pujana, Jexux Mari Mujika, Nekane Oiarbide, Lontxo Oihartzabal, Juan Mari Ollora, Xabier Retegi eta Iñaki Zubillagak osatzen dute taldea.
Kontu korronteak
– Euskadiko Kutxa. 3035 0060 44 0601133378.
– Kutxa. 2010 0001 11 0012505680.
– BBVA. 0182 0300 19 0201548683.
Kutxako kontua oker dagoela esango nuke, 50 beharrean 51.
Comment by Itziar — 2010(UTC)k2010 urtarrilaThu, 07 Jan 2010 19:35:11 +0000UTC1 7(pm) @ 19:35