Miaketetan euskarazko agiriak esku artean zituzten bakoitzean, ‘Iñaki’ delako guardia zibilari deitzen zioten, topatutako hura zer zen galdetzeko. Hura da akusatuen telefono entzuketa batzuk itzultzeaz arduratu zen guardia zibila. Atzo, akusazioen eskariz, lekuko gisa deklaratu zuen Egunkaria auzian, eta elkarrizketa bat jarraitzeko lain ez dela onartu ostean, telefono entzuketen itzulpenen laburpenak berak egiten zituela aitortu zuen. Hona hemen Jose Mari Elosuak guardia zibil horri egin zion galdeketaren zati bat:
Jose Mari ELosua (J.M.E): Badakizu duzu euskaraz?
Guardia zibila (GZ): Pixka bat.
J.M.E: Zein maila duzu?
GZ: Oinarrizkoa.
J.M.E: Elkarrizketa bat jarraitzeko adina?
GZ: Ez, horrenbeste ez.
J.M.E: Akusatuetako batzuen telefono entzuketetan parte hartu al zenuen?
GZ: Bai, batzuetan.
J.M.E: Epaitegiei elkarrizketa horien laburpenak ematerakoan esku hartu al zenuen?
GZ: Bai
J.M.E: Elkarrizketak gehienbat euskaraz ziren. Adibidez, Uriaren elkarrizketaren bat entzun zenuen?
GZ: Bai.
J.M.E: Haietako zenbat ziren gazteleraz?
GZ: Gutxi, egia esan.
J.M.E: Zenbat euskaraz?
GZ: Gehienak.
J.M.E: Hala izanda, zeuk aurkeztu zenituen elkarrizketen laburpenak auzitegian?
Epailea: Gakoa ez da nork aurkeztu zituen laburpenak, baizik eta nork laburtu zituen. Zuk egin zenituen laburpenak?
GZ: Bai.
J.M.E: Beraz, zuk egin zenituen laburpenak.
GZ: Bai.
J.M.E: Badakizu euskara hizkuntza?
GZ: Oinarrizko maila…
J.M.E: Baina zuk esan didazu elkarrizketak ez zenituela ulertzen. Hori galdetu dizut hasieran, eta ez duzula ulertzen esan didazu…
GZ: Oinarrizko maila dut, elkarrizketa normal bat ulertzeko adina, oso hitz teknikoetan sartu gabe.
J.M.E: Beraz, entzun egiten zenuen, eta jakite maila horrekin, zer egiten zenuen, itzulpena? Edo zuzenean laburpena egiten zenuen gaztelerara?
GZ: Aurrena itzulpena egiten zen, eta gero laburtu egiten genuen.
J.M.E: Zuk egiten zenuen laburpena?
GZ: Bai, beste lankide batek eta biok egiten genuen.
(…)
J.M.E: Euskarazko ikasketa titulazioren bat badaukazu? Oinarrizkoa, B, D…?
GZ: Ez.
J.M.E: Zein tokitan egin dituzu ikasketak?
GZ: Donostian.
J.M.E: Donostian non? Zentro ofizial batean? Ikastola batean?
GZ: Ni han bizi nintzen, Intxaurrondon.
J.M.E: Intxaurrondon bertan ikasi zenuen?
GZ: Ez, kanpoan.
J.M.E: Non?
GZ: Institutuan, eskolan… hango bizi normala.
(…)
J.M.E: Beraz, txikitatik dakizu euskaraz?
GZ: Bai. Han, ingelesa jakiten den gisara jakiten da euskara.
J.M.E: Familian ikasi duzu?
GZ: Ez, eskolan eta han bizita.
(…)
J.M.E: Alegia, zure gurasoek ez zekiten euskaraz, eskolara joaten zinen eta euskaraz ikasi zenuen?
GZ: Bai.
J.M.E: Ze ikasketa eredutan?
GZ: Euskaraz irakasgaia bakarrik ematen genuen.
(…)
Elosuak galderak amaitu zuenean, Joan Mari Torrealdairen abokatu Felix Cañadasek guardia zibilaren jakite maila agerian jarri nahi izan zuen. Horretarako, epaileari baimena eskatu zion guardia zibilari galdeketa euskaraz egiteko. Epaileak ezetz erantzun zion.