Euskal Herrian Euskaraz-ek Gasteizen eta Iruñean gobernu ordezkaritzen aurrean elkarretaratzeak egingo ditu, baita beste hainbat herritan ere.
Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) mobilizazio egunera deitu du hilaren 26rako (asteartea), Euskarari erasorik ez! Euskaraz bizitzeko, Egunkaria libre! lelopean. “Egunkaria-ren eta euskaraz bizi nahi duen herriaren aurkako erasoaren erantzuletzat du Estatua” EHEk.
Ekimen nagusiak Gasteizko eta Iruñeko gobernuen ordezkaritzen aurrean izanen dira, baina Euskal Herriko hainbat herritan ere mobilizazioak eginen dira lelo horri hauspoa emateko.
– Elkarretaratzea, Gasteizko gobernu ordezkaritzaren aurrean, 19:00etan.
– Elkarretaratzea, Iruñeko Gobernu Zibilaren parean (Merinaldeen plazan) 19:30ean.
Beste ekimenak
Bestalde, Tafalla, Altsasu, Lizarra, Irunberri, Eibar, Soraluze, Andoain, Durango, Zornotza, Lekeitio, Ondarroa, Markina-Xemein, Oiartzun, Zarautz eta Villabonan ere elkarretaratzeak eta ekimenak egingo dituzte, besteren artean.
EHEren oharra
“EHEk garbi adierazi du bere sortzetik, duela 30 urte jada, ezinbestekotzat jotzen duela herria berreuskalduntzeko dinamikak abian jartzearekin batera, euskaltzaleok kalea hartu eta euskararen aurkako erasoei erantzutea; areago oraindik, eraso horiek indar politiko eta administrazioetatik datozenean.
Zazpi urte igaro dira jada Euskal Herriko euskarazko egunkari bakarra itxi eta Espainiar Estatuak herri honen kontrako erasoaldi berria abiatu zuenetik. Egun horretan, orduko gobernuaren menpeko epaitegi berezien aginduz, Egunkaria indarrez itxi zuen polizia espainolak, eta bere ordezkariak atxilotu eta torturatu zituen. Eraso horren bidez, estatuak ez zuen hedabide soil bat kolpatu nahi izan, herri honek egunez egun erakusten duen euskaraz bizitzeko nahia baizik. Euskararen kontrako erasoari baina, milaka eta milaka euskaltzaleren haserreak eta ito nahi izan zuten euskaraz bizitzeko borondate irmo eta sendoak erantzun zion Donostian egin zen manifestazio erraldoiaren bidez, leku guztietatik etorritako hainbat eta hainbat elkartasun adierazpenekin batera.
Egunkaria-ren kontrako operazioarekin, Estatuak, Euskal Herria asimilatzeko prozesuan urrats kualitatiboa eman eta Estatu Arrazoia inposatu zuen berriz ere herritarren eskubideen gainetik; Estatua da beraz, erantzule nagusi. Mendeetan zehar luzatu da asimilazio prozesu hori, eta era askotarikoak dira euskararen herriaren bilakaera baldintzatu duen prozesuan eman diren urratsak edota erasoak. Hizkuntza galtzen duen herriak nortasuna ere galtzen duenaren jakitun, hizkuntza ordezkapenaren bidez menderatu nahi izan dute Euskal Herria, eta zentzu horretan ulertzen du EHEk euskara eta euskalgintza jomugan dituen Egunkaria-ren aurkako erasoa. Asko eta askotarikoak izan dira erasoak, altabada, egundaino ez dute menperatu herri honek euskaraz bizitzeko agertu duen nahia. Eta ez dute lortu, herri mugimendu antolatua izan dutelako aurrean.
Ezin dugu ahaztu, guzti horrekin batera, Estatuak euskara, euskalgintza, euskal kulturgintza, herri mugimendua eta euskaraz bizi nahi duen herria kriminalizatu gura izan dituela auzi honen bidez. Hala, herritar euskaltzaleek kaleak hartu ditzaten egiten du deia EHEk, kriminalizazio saiakera horiei aurre egin eta Euskal Herria berreuskalduntzeko baldintzak sortzen jarraitzeko. Izan ere, ezinbestekoa baitugu aurrera urratsak emanez euskaraz biziko den herria irudikatu eta birsortzea, euskarazko hedabideak erabiliz, defendatuz eta lehenetsiz, besteren artean. Euskal Herriak behar du izan, euskalduna eta librea, esan zuen EHEk duela 30 urte sortu zenean, eta zinez dio egun ere, euskaraz bizitzeko Egunkaria-k libre behar duela”.