«Fuenteovejunak bultzatu zuen Egunkaria». Hitz horiekin erantzun zion Iñaki Zabaleta defentsaren lekukoak Jose Mari Elosua abokatuari, Egunkaria nork sustatu zuen galdetu zionean. Lope de Vega idazle espainiarraren obrari egin zion erreferentzia, sorrera hartan herri osoak parte hartu zuela adierazteko: «Fuenteovejuna kulturalak, idazleen Fuenteovejunak, literatoenak, unibertsitateko irakasleenak, kazetarienak…».
Egunkaria-ren sorrera prozesua xehetasun handiz esplikatu zion Zabaletak epaimahaiari. Katedraduna da Zabaleta, eta EHUko irakaslea, besteak beste. Egunkaria eratzeko lan horretan beste askorekin batera parte hartu zuela azaldu zuen. Euskarazko kazeta bat sortzeko eztabaida 80ko hamarkadan bor-borka egon zela, eta berak ere parte hartu zuela. «Euskal gizarteak izan zezakeen elkarterik pluralena zen, eta kide guztiak etikoak ziren».
Aurreneko bilera Euskal Kulturarako Batzordeak (EKB) antolatu zuela gogorarazi du, eta gerora beste talde batzuetan banatu ziren arren -ekonomikoa, kazetariena eta talde sustatzailea- guztiek denaren berri zutela azaldu du. Hala, diru bilketa herriz herri egin zela berretsi du. «Denok dena genekien».
Enpresaren jabetza zabala izatea nahi zutelako saldu zituzten akzioak, pluraltasuna bermatzeko. «Plurala ez balitz ez genuen han parte hartuko», azpimarratu zuen. Hain justu pluraltasun hori bermatzeko helburuarekin definitu zituzten akusatuek aurreneko egunean hainbeste aldiz aipatu zituzten hamaika printzipioak: plurala, modernoa, profesionala, gobernuetatik dependentziarik gabea baina diruz lagundua… Printzipio horiek babesteagatik eman zioten enpresari estruktura juridiko hura.
Egunkaria eratu ondotik ere biltzen jarraitu zuen Egunkaria Sortzen taldeak, Zabaletaren arabera, eta hamaika printzipioak betetzen zirela bermatzea zen haien egiteko nagusia.
Jaurlaritzaren eginkizuna
Egunkaria-ren administrazio kontseiluan Eusko Jaurlaritzako ordezkari batek parte hartzea zen talde horren obsesioetako bat. Berak laguna zuen Luis Alberto Aranberri Amatiño, eta behin baino gehiagotan insistitu zion kontu horrekin, baina ez zen lan erraza izan: «Kostatu zitzaigun, baina eskerrak lortu genuen».
Lortu bazuten PSEren laguntzari esker izan zela jakinarazi zion Zabaletak epaimahaiari: «Egunkaria eta EAJren arteko akordioa PSOEri esker egin zen».